Irakasle-Ikertzaile ez iraukorrentzako bosturtekoak: lehengo lepotik burua

STEILASen eta LABen komunikatu bateratua
Irakasle-Ikertzaile ez finkoen bosturtekoak direla-eta, atsekabez jakin dugu EHUren Errektoretzak errekurritu egingo duela haiek ordaintzera behartzen dituen azken epaia. Gogoratu epaitegiek ebatzi dutela irakasle lankideek jasotzen duten zenbateko berbera ordaindu behar zaiela atxiki plaza okupatzen ari diren irakasle-ikertzaile ez iraunkorrei bosturteko gisa, irakasle laboralen ordainsarien dekretua aldatu beharrik gabe. Eta, ondorioz, ez ordaintzeko erabili duten aitzakiarik gabe utzi dituztela Unibertsitatea eta Jaurlaritza: dekretua aldatu beharrarena.
Errektoretzak nahiago izan du arazoa atzeratu, konponbidean jarri baino, horretarako legeak aitzakia hartuta beste behin ere, oraingo honetan 2004ko Euskal Unibertsitate Sistema Legearen 34.3 artikuluaren interpretazio hertsi eta zurruna eginez; alegia, bosturtekoak jasotzeko eskubidea irakasle-ikertzaile finkoei soilik dagokiela.
Lehengo lepotik burua, beraz. Aurreko Errektoretza-taldeak horixe bera egin zuen behin eta berriro: negoziazio sindikalari bidea eman beharrean, auzien konponbidea epaitegietara eramatera behartu. Ezagutzen dugu emaitza: denontzako kaltea, bai Unibertsitatearentzat, baina, batez ere, bertako langileontzat.
Errektoretzaren jarduteko modu hau ez da zuzena, ez da bidezkoa. Are gehiago, hauteskunde-programan eta publikoki egindako adierazpenetan esandakoaren kontra doa guztiz. Oraintxe izan dute aukera erakusteko benetan jarrera berri batekin zetozela lan-arazoei aurre egiteko orduan. Baina Errektoretza-talde berriak eta Jaurlaritzak itxita jarraitzen dute funtsezkoak diren zenbait auzitan.
Steilasek eta LABek deitoratu eta salatu egiten dugu Errektoretzaren jokabide hau. Guk negoziazioaren bidea lehenesten dugu, negoziazioa baita lan-gatazkak konpontzeko bidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude