IV Euskara Plana: ez da EHUk ezta euskarak behar dutena

Ekainaren 11ko Gobernu kontseiluan onartu duten IV Euskara Planaren aurrean bere kezkak plazaratu nahi du LAB sindikatuaren EHUko sail sindikalak. Izan ere, hurrengo urteetan EHUko euskalduntzea gidatuko duen plana oso hankamotza da. Zehaztasuna eta anbizio falta ezaugarri nagusiak izanda, ezin dugu espero aurrerapen esanguratsurik euskararen arloan. Are gehiago, alderdi batzuetan, plan berri honen bukaeran egoerak okerrera egin dezake.

Aurreko komunikatu batean aipatu genuen moduan, plana garatzeari atzerapen nabarmenarekin ekin zaio. Izan ere, III Plana 2022an bukatu zen eta IV Plana indarrean sartuko da 2024ko erdialdean. Tarteko atzerapen horrek euskalduntzeari ez dio onurarik ekarri.

Euskararen IV Planaren testua definitzeko prozesua motela eta traketsa izan da. Izan ere, unibertsitatean euskarari buruz arduratzen diren hiru batzordeek, Euskara Batzordeak (instituzionalak); Euskalduntze Batzordeak (TEKAZELen sindikatuen ordezkarienak) eta Hobekuntza eta Euskalduntze Batzordeak (IRIen sindikatuen ordezkarienak) denbora tarte ezberdinetan eman diote hasiera prozesuari. Parte hartzea eta ekarpenak egiteko aukera egon bada ere, oso nahasia izan da eta eraginkortasun gutxikoa. Prozesuan zehar bost zirriborro garatu arren, sindikatuetatik egindako ekarpen gehienak ez dira kontuan hartu, ezta beste EHUko langile batzuenak ere. Izan ere, Euskara, Kultura eta Nazioartekotze errektoreordetzak testu bat proposatu zuen eta, gehiketa batzuk eginda, azkenengo bertsioa lehenengo bertsiotik oso gertu dago, eragile ezberdinetatik egindako ekarpen nagusiak jaso gabe. Egindako proposamenei administraziotik emandako erantzunak eta azalpenak oso pobreak izan dira kasu askotan.

Ez gara sakontasunean proposamen guztiak aztertzen sartuko, baina eskaera eta erantzun batzuk aipatzeak merezi du.

LABetik eskatu genuen graduko derrigorrezko euskarazko irakasgaien ehunekoa altuagoa izatea. Gaur egun graduen derrigorrezko irakasgaien kredituen % 94,4 eskaintzen da euskaraz. Helburu moduan % 96ra heltzea finkatu du zuzendaritzak. LABtik % 99ra heltzea eskatu genuen (salbuespen batzuk egon daitezkeela kontuan hartuta, eta 5 urteko epea irakasgai horien gehiengoa euskaraz eskaintzeko tarte nahikoa dela jakinda). EHU martxan jarri zenetik 44 urteetara, ikasleek unibertsitate publikoan graduetako derrigorrezko irakasgaiak euskaraz jasotzeko eskubidea ez dute bermatuta. Zein irakasgai diren identifikatuta daukate (datu hori, aspaldi eskatuta, oraindik dugu jaso…), baina ez dugu ikusi plan bat eta egutegi bat irakasgai horiek euskaraz eskaintzeko. Azaldu zaiguna izan da aztertuko dela sail bakoitzean ea zein aukera dagoen irakasgai horiek euskaraz eskaini ahal izateko. Hori al da ganorazko ikuspegia ganorazko unibertsitate batean? Ikasleen eskubidea izanda, irakasgaiak euskaldundu behar dira eta, horretarako, irakaskuntza euskalduntzeko plan zehatza diseinatu behar da, beharrezko neurriak hartuz eta beharrezko baliabideak bideratuz. Irakasgaien euskalduntzeko erabakia sailen esku uztea zuzendaritzak bere ardurei iskin egitea da.

Hautazko irakasgaien panorama ez da askoz hobea. “Ikastegiek hautazko irakasgaietan euskararen presentzia handitzeko estrategiak landu eta partekatu” adierazpen zehaztugabea agertzen da eta, adierazle atalean, hautagaizko irakasgaiak eskaintzen dituzten graduen kopurua egungo 53tik 56ra pasatzea baino ez proposatzen. Ez da zehazten zein irakasgai, zein gradutan, noizko… Berez,euskarazko hautazkotasunik ez duten hiru gradutan irakasgai bana eskaintzearekin lortuko litzateke helburua…

Masterren kasuan, kreditu kopurua baino, euskarazko irakaskuntza zenbat masterretan dagoen kontuan hartzea eskatu genuen, eta euskararen presentzia daukaten masterrak ere adierazle moduan erabiltzea. Eskaera atzera bota ziguten, eta Master ofizialetan euskaraz eskainitako ECTS kredituen ehunekoa da adierazle bakarra. Kontuan hartu behar da lehentasuna ematen zaiela gaitasun masterrei, eta horietan kontzentratzen dela, nagusiki, masterretako euskarazko irakaskuntza. Beraz, master batzuetan matrikula baxuagatik dauden arazoez kontziente izanda ere, euskarazko eskaintza izango duten masterren kopurua nekez igoko dela aurreikus dezakegu…

Esperientzia-gelen kasuan, antzeko egoera daukagu. Planaren helburu eta ekintzetan “Esperientzia Geletako ikasleek euskaraz ikas dezaten estrategiak landu eta euskarazko eskaintza handitu” jasotzen da, baina, beste behin, adierazlerik ez. Gradu eta graduondokoekin alderatuta, askoz irakasgai gutxiago dira, eta errazagoa izango litzateke gutxieneko igoera jasotzea (irakasgai kopuruan edota kredituen ehunekoan), baina ez dago inolako zehaztapenik…

Ingelesezko eskaintzaren goraldi progresiboak kezkak sortzen dizkigu. Nazioartekotzean murgilduta beste hizkuntzen ezagutzaren beharra eta garrantziaz kontziente izanda (ez bakarrik ingelesa), euskararekiko lehia suposatzen du. Izan ere, gero eta irakasgai gehiago eskaintzen dira ingelesez baina, sail askotan, graduetako irakasgai batzuk (bereziki hautazkoak) ez dira euskaraz eskaintzen (eta masterretan, zer esanik ez…). Planaren testuan honako hau jasotzen da: “neurriak hartu beharko dira beste hizkuntzen kudeaketak euskararen normalizazio prozesua ez oztopatzeko” baita “Graduak euskaraz bermatuko dira eta beste hizkuntzei lekua egingo zaie, betiere, euskararen normalizazio-prozesuan aurrera eginez”, neurri edo adierazle zehatzik aipatu gabe. Baliabideak ez badira era nabarian handitzen eta irizpideak ez badira argi finkatzen (eta ez daude argi finkatuta) suma dezakegu nor aterako den galtzaile lehia horretan…

Sortzen diren laguntzaile doktore, zein zuzenean sortzen diren agregatu eta titular plazetarako C1 euskara eskakizuna jasotzea eskatu dugu. Horren eskaeraren atzean I3/R3 akreditazioa daukaten ikertzaileentzat sortzen ari diren agregatu/titular plazetarako politika dago, non hautagaiaren hizkuntz-profilaren arabera definitzen den lanpostuaren hizkuntz-profila. Bide hau berria da, irakasle-ikertzaileen errektoreordetzatik sortuta, eta aldaketa kualitatiboa ekarri du (eta argitu behar da unibertsitatea ez dagoela legez behartuta modu horretan egitera). Mota honetako 35 plaza onartu ziren 2023ko EPEn, eta momentuz sortu dituztenak euskararik gabe atera dira. Aurreikus daiteke gehienak euskararik gabe aterako direla. Bide horri ekinda, urteekin euskararik gabeko irakasle plaza iraunkor berrien kopuru esanguratsuarekin topatuko gara. Are gehiago, neurri berri horrek irakasleak neurri berarekin ez neurtzea suposatzen du. Irakasle askori C1 izatea exijitu zaie bere lanpostura lehiatzeko, eta, neurri berri horrekin, puntu berera heltzeko beste batzuei ez zaie eskatuko. Horrek areagotuko du, ziurrenez, euskararik gabeko irakasle plazen eskaera sail askotatik. Nabaria da euskarari eta EHUko euskalduntzeari egiten ari diren mesedea… LABen eskariak ezetza jaso zuen, eta erantzuna laburra izan zen; adierazle batean badagoela jasota jada:  “14.- Euskara eskakizunik ez duten IRIen euskara-ezagutza jasotzeko modua sortu eta jarraipena egin” (????!!!!). Nondik zatoz, mendira noa… Euskara eskakizunik ez duten irakasle plaza iraunkorrak sortzen ari dira. Eta sortzen jarraituko dute. Gero aztertuko omen dute zein plazak ez duen euskara-profilik…

Halaber, irakasle euskaldunen hizkuntza maila detektatzeko eta hobetzeko neurri batzuk proposatu genituen, beti ere irakaskuntzaren kalitateari begira. Neurri horien artean, euskarazko profila duten plazen irakasleek ikasturtean gutxieneko euskara-kreditu kopurua ematea eskatu genuen (gutxienez bi kreditu, erraz jartze aldera…). Modu horretan, neurri batean, bermatuko genuke irakasle horiek guztiek mantentzen dutela euskaraz irakasteko gaitasuna. Beste alde batetik, plaza elebidunetarako lehiaketetan gutxienez proba bat euskaraz aurkeztu behar izatea eskatu genuen. Hautagaiak plaza elebiduna eskuratu nahi badu, klaseak euskaraz emateko eta C1 izanda, ez luke inolako arazorik izan behar proba bat euskaraz egiteko. Neurri sinplea da, hautagaien euskara gaitasuna bermatzeko (bai, C1 bat lortuta, urteetan zehar ez bada praktikatzen, maila nahikoa gal daiteke, edozein hizkuntzatan). Zer esanik ez, argudio batzuk tartean (Euskara planari ez dagozkiola halako neurriak, antolaketa-zailtasunak, 2 kredituko irakasgairik ez dagoela…), eskatutako neurri horiek guztiak atzera bota dituzte.

TEKAZEL kolektiborako garatzen ari den EPEn, langileak ez kaleratzeko aitzakiarekin, plaza batzuen derrigortasun datak kendu edo/eta aldatu dituzte. Are gehiago, martxoan argitaratutako 19/2024 Dekretua, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa, erabiliko dute hizkuntz-eskakizun asimetrikoak ezartzeko. Horrek TEKAZELen euskalduntzeari mesederik ez diola ekarriko uste dugu.

Kanpoko enpresek campusetan ematen dituzten zerbitzuak euskaraz ematea ziurtatzeko neurriak jasotzea eskatu dugu. Izan ere, enpresekiko kontratuen klausuletan zerbitzua euskaraz bermatzeaz gain, klausulen betetzearen jarraipena egin eta, ez betetzekotan, neurriak proposatzea eta hartzea eskatu dugu. Jaso dugun erantzuna izan da planaren testuan jasotzen dena: zerbitzuen azpikontratazioak identifikatu eta hizkuntza-klausulak aztertuko direla eta horien betetze-mailaren jarraipena egingo dela. Campusetan euskaraz aritu ohi garenok identifikatuta ditugu zein zerbitzutan erdarara pasatzera behartuta gauden. Antza denez, ez dute eguneroko errealitate hori ezagutzen. Lau urte behar dituzte jarraipen bat egiteko? Eta klausulak betetzen ez badira (urte askotatik hona gertatzen den moduan), zerbait egingo dute? Orain arte ez. Hurrengo urteetan, ematen du bide beretik jarraituko dutela, beste alde batera begira.

Helburu guztiek adierazlerik ez dutela behar entzun dugu bileretan, baina ozta-ozta egingo dugu aurrera gutxienekoak ez badira zehazten. Lau urteko plan batek, helburu bakoitzerako azpi-helburuak, ekintzak, egutegia, beharrezko baliabideak, hartzaileak, ardurak, aurrekontua… definituta izan beharko lituzke. Serioa bada, behintzat. Guztiz hankamotza den plan baten aurrean gaude, non, alderdi askotan aurrerapenik ez badago edo aurrerapen oso txikiak badaude, ezin izango baita esan helburuak bete ez direnik. Seinale txarra IV Planarekin hasteko.

Esan moduan, bilera asko, testuaren bertsio batzuk, baina aurrerapen eta zehaztapen gutxi. Prozesua parte-hartzailea izan daiteke, proposamenak egiteko aukera eman daiteke, baina eskaerak eta ekarpenak benetan eztabaidatzeko eta kontuan hartzeko borondate gutxi badago, parte-hartzea antzezpen hutsean geratzen da.

Zehaztapen faltari ausardia falta gehitu behar zaio. EHUn euskara eta euskalduntzeari buruz dauzkagun arazo eta egoera batzuek neurriak eskatzen dituzte, ausartak, argiak eta eraginkorrak. Atzera begiratzen badugu, ezin ukatu aurrera egin dela EHUko euskalduntzeari dagokionez, eta lehen baino hobeto gaudela alderdi askotan, baina adore gehiago behar da. IV Euskara Plana III Euskara Planaren kontinuismo hutsa da, eta kontinuismo eroso horretatik aldentzen diren ekarpenak baztertuak izan dira.

EHUn, euskararen normalizaziotik urrun gaude oraindik eta seinale kezkagarriak ikusten ditugu. Euskararen IV Plana galdutako aukera izan da.

Erne eta tinko jarraitu behar dugu EHU euskaldun baten alde.