Izurriteak guztiz baldintzatutako garaia ari gara bizitzen. Lurrikara eragin du Covid-19ak. Erabaki asko hartu dira pandemiari aurre egiteko, ia guztiak, langileoi bizkar emanda eta langileon kontura. Osasun krisiaren atzetik, orain, bestelako krisi hotsak ditugu ate joka, krisi ekonomiko eta sozialarenak; enplegu suntsiketa gehiago, prekarizazio gehiago, des- berdintasun sozial handiagoak ekarriko ditu, eragozten ez badugu. 2008ko krisia langileoi ordainarazi ziguten, baina oraingo honetan ez gaude prest faktura guk ordaintzeko.
Garai berri baten aurrean gaude. Langileontzat garai zaila, arrisku handikoa, bai, baina, aldi berean, aukerez betetako garaia. Uztailaren 12ko hauteskundeetan bi bloke nagusi izango dira lehia instituzionalean: agintean den kapitalarena eta bizitzaren aldeko blokea. Bigarren honetan gaude urtarrileko Greba Orokorrean kalera atera ginenak. Azken urteetan kaleak hartu ditugu, bizitza duinaren alde egin dugu, eta orain, aldaketa sozialaren aldeko borroka eta aldarria instituzioetara eramateko aukera dugu. Bultzatu dezagun ezkerreko alternatiba soberanista sendo bat, aurreko krisiaren gidoi bera errepikatu ez dadin.
LAB sindikatutik egin ditugu langileen bizitza hobetzeko proposamenak, lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko planteamendua, enpleguaren defentsan eskakizunak, fiska- litate berri baterako, politika feministekin diskriminazio eta arrakalak gainditzeko… baina haietako bakar bat ere ez dute beren gain hartu egungo gobernu kideek (PNVk eta PSEk).
Egungo Gobernuarekin ez dago normaltasun berririk, zaharrak berri, baizik. EAJ bozkatzea eliteak bozkatzea da, zerbitzu publikoen murrizketak bozkatzea, prekarietatea bozkatzea, erabakitzeko eskubideari uko egitea da.
Kapitala ala bizitza. Urtarrileko Greba Orokorrean agerikoa izan zen bloke bien arteko aldea. Langileak babestu behar dira, ez kapitala. Eta bide horretan apustu ziur bakarra, aldaketarena da. Kalean, lantokietan eta instituzioetan aldaketaren aldeko deia egina dugu LABetik. Aldaketa, oraingoan, gure bizitzak izan daitezen irabazten aterako direnak. Aldaketa:
- Lan, pentsio, bizitza duinaren alde.
- Enpleguaren defentsan.
- Lanaren eta aberastasunaren bidezko banaketako.
- Zerbitzu Publikoak indartzeko.
- Zaintza sistema publikoaren bidean.
- Trantsizio ekosozialista eta feminista baterako.
- Langileoi dagozkigun erabakiak guk geuk eta hemen, Euskal Herrian, hartu ahal izateko.
Egizu posible, langileok dugu giltza. Kapitala ala bizitza? Zurea da hitza.