Procesaren epaiketa demokrazian sinesten dugun guztion kontrakoa izan da, baita zigorra ere. Elkartasuna adieraztearekin batera, basakeria juridiko eta politiko hau salatzeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu, Gure Esku herri dinamikak gaurko iragarritako protestetatik hasita. Eman diezaiogun benetako babesa eta bultzada Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere bultzada berria izan dezan.
Astean zehar kontzentrazioak egingo ditugu UPV/EHUko campusetan. Informatuko zaituztegu.
Kataluniako procesaren inguruko epaiaren aurrean, LAB sindikatutik gure
elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bidegabeki zigortuak izan
diren buruzagi politikoei eta herri ordezkariei. Haien guztien
askatasuna eskatzen dugu, baita erbestean direnen etxeratzea ere.
Herrioi dagokigun autodeterminazio eskubidea delitu bihurtzen duen
errelatoa gailendu da, independentismoaren kriminalizazioari eusteko
Espainiako Estatuak ezinbesteko duen errelatoa. Demokraziaren eta
askatasunen kontrako eraso oso larria da, herriari hitza eman eta
herriak hitz egin izana zigortzea.
Atxiloketak, espetxeratzeak, zaurituak, 155a, biolentzia eta okupazio
poliziala…Espainiako Gobernuak makinaria errepresibo guztia martxan izan
du Kataluniako herriaren aurka. Eskubide indibidual eta kolektiboak
urratu dituzte, eskubide zibil eta politikoak bahitu. Bide baketsu eta
demokratikoetatik proiektu politiko guztiak egingarri zirela esaten
zuten haiek; bada, beren ekintzekin erakutsi dute ezetz, hori ez dela
horrela, eta ez dela izango, izan Gobernua kolore batekoa ala bestekoa.
Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak proiektu guztiak bideragarri ez
izatea dakar. Eta 78ko errejimen autoritario eta antidemokratikoarekiko
edozein mehatxuren aurrean erantzuna beti da bat eta bera: errepresio
politikoa eta birzentralizazio gehiago, Estatuaren batasunari eusteko.
Gaur, zoritxarrez, epai gogor honek argi uzten digu Estatuaren izaera
antidemokratikoa, egunotan oso agerian geratu den izaera, Franco
diktadorearen gorpuzkinak Erorien Haranetik ateratzeak sortu duen
arrabotsarekin. Franco hil zen, baina hark utzitako oinordetzak bizirik
darrai.
Euskal Herrian ongi baino hobeto ezagutzen dugu zertan datza espiritu
antidemokratiko hori. Duela egun gutxi berretsita geratu da berriro
Altsasuko gazteekin, beste kasu bat non ez den justiziarik egon, ezta
oinarri eta berme juridikorik ere, oinarrizko eskubideak urratu
baitituzte, Estatuaren mendeku egarria helburu, hainbat eta hainbatetan
gertatu bezala. Asteburu honetan hamar urte bete dira Bateragune auziko
atxiloketetatik, herri honek behin eta berriz sufritu ditu
bidegabekeriak, kartzela urteak eta urteak ditugu bizkar gainean,
torturak pairatu ditugu, salbuespenezko espetxe politika zitalak bere
horretan dirau oraindik… Preso politikoak dituen herri bat ez da herri
normalizatua, ezta demokratikoa ere.
Gertatzen ari dena pentsaezina litzateke estatu demokratiko batean.
Espainiako Estatuak bizi duen lurralde krisiari eta krisi sozialari
aterabide demokratikorik emateko inolako asmorik ez du. Ez dauka
eskaintza demokratikorik gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea
aldarrikatzen dugun herrientzat, ezta ere egungo sistema kapitalista eta
heteropatriarkala auzitan jarriz bizitza duin baten alde aldaketa
sozialaren alde borrokan diren hainbeste herri sektorerentzat.
Estatuaren inboluzio antidemokratiko horren aurrean jendarte sektore
gero eta zabalagoek eredua bera zalantzan jartzen duten honetan,
erabateko autoritarismoa da erantzuna.