Gaur, ekainaren 10ean, sindikatuok eta administrazioak akordio bat sinatu dugu lanpostu iraunkorra betetzen duten aldi baterako irakasleei aitortutako seiurtekoak ordainduak izateko.
2017an, sententzia baten ondorioz, ate bat ireki zen lehenengo aldiz aldi baterako irakasleek ikerketa seiurtekoak eskatu ahal izateko. Hala ere, Unibasq-ek sententziaren oso irakurketa murriztailea egin zuen eta, ikerketa meritu nahikorik daukaten irakasle eta ikertzaile guztiei aukera hori bideratzeko baliatu ordez, bakarrik hutsik dagoen lanpostu iraunkorra betetzen zuten irakasle-ikertzaileei mugatu zuen. Modu honetan, 2017ko deialdian egoera horretan zeuden irakasle batzuei seiurtekoak aitortu zitzaizkien. Hala ere, 41/2008 dekretuan aldi baterako irakasleek jaso behar duten osagarria definituta ez egotea aitzakiatzat hartuta, ordainketa ez da gauzatu.
Egoera berri hau sortu zenetik behin eta berriro eskatu diogu EHUko zuzendaritzari sindikatuekin akordio bat sinatzeko langileei aitortutakoa ordaintzeko, aldi baterako irakasleen bosturtekoen akordioarekin egin zen antzera. Hilabete gehiegi luzatu den negoziazio honetan, non proposamen eta kontra-proposamen batzuk gurutzatu diren, lortu dugu azkenik akordio on bat. Sinatutako testuan jasotako alderdi azpimagarrienak honako hauek dira:
– Irakasle agregatuaren (AG)/unibertsitateko irakasle titularraren (TU) kategoriako plaza huts iraunkorra lehiaketara atera eta arauz bete arte edo amortizatu arte, plaza horretan arduraldi osoz aldi baterako lanean dauden lan kontratudun bitarteko irakasle-ikertzaileei (IRI) osagarria ordainduko zaie AG/TUrentzat 41/2008 Dekretuan zehaztutako kopuru berean, beti ere AG/TUrako akreditazioa izanda. Ez izatekotan, irakasle lankideentzat zehaztutako kopurua ordainduko da eta AG/TUrako akreditazioa lortzean AG/TUrako zehaztutako kopurua ordaintzen hasiko da, interesatuta espresuki eskatuta.
LABetik hasieratik adierazi dugu egoera horretan dauden IRI gehienak ez daudela lanpostu iraunkor bat okupatzen birjartze-tasaren erruz. Beraz, ikerketa-meritu nahikorik badute (seiurtekoa(k) aitortuta) eta AG/TUrako akreditatuta badaude AGrako zehaztutakoa jaso beharko lukete. Aurrekoa lortzeko oso lagungarria izan da egondako sententzia bat, egoera horretan zegoen irakasle bati AGrako definitutako kantitatea ordaintzeko agindu zuena. Hasiera batean, beste noranzko sententziak egotekotan akordio hau bertan behera geratzea proposatu ba zitzaigun ere, LABetik azpimarratu dugu hori gertatzekotan gaia berriz negoziazio-mahaira eramateko eta ez akordioa automatikoki indargabetzeko. Lortu dugu testuan horrela jasota geratzea.
Akordioa indarrean sartuko da Gobernu kontseiluan onartua izan ostean (printzipioz uztailaren 11an) eta ordainketak hasiko dira era erregularrean egiten urriaren 30a baino lehen. Atzerapenak (2018ko urtarrilaren 1eko efektuekin) data hori baino lehen ordainduko dira ere.
Aipatutako egoeran dauden baina 2018ko seiurtekoen deialdian eskaera egin zuten irakasleei buruz galdetuta (printzipioz hurrengo asteetan hasi beharko litzateke jasotzen eskaerei erantzunak), IRIen errektoreordetzatik esan zaigu, behin akordio hau onartuta, gainontzeko IRI figuren seiurtekoak bezala ordainduko direla.
Deskarga dezakezu akordioaren testua hemen.
Prozesua luzeegia izan bada ere, langileentzat positibotzat hartzen dugu lortutako akordioa eta horregatik sinatu dugu. Gai honen inguruan edozein zalantza izatekotan jar zaitezke kontaktuan gurekin.
Ez genuke komunikatu hau bukatu nahi seiurtekoak eskatzeko aukera ukatzen zaion IRI kolektiboa aipatu gabe. Izan ere, aldi baterako IRI askok meritu nahikorik daukate gutxienez seiurteko bat izateko (batzuek gehiago). Informatu genizuenez , LABek eraman zuten gai hau epaira gatazka kolektibo bezala eta 2018ko urrian Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salak arrazoia eman zigun, kolektibo honen ikerkuntza ebaluatua izateko eta aitortutakoa ordaintzeko eskubidea onartuz eta UPV/EHU, Unibasq eta Eusko Jaurlaritza epaia betearaztera behartuz. Hala ere, bai UPV/EHUk bai Eusko Jaurlaritzak – Unibasq-ek helegite bana jarri dute. Helegiteen inguruan Auzitegi Gorenean ebatzi arte hilabete batzuk igaroko omen dira.
Seiurtekoak ikerketa-merituak dituzten guztiontzat!
Irakasle-ikertzaileen arteko diskriminaziorik ez!