Atzo, otsailak 13, Berdintasunerako Batzorde Intersektoriala bildu zen, III. Berdintasun planaren Pertsonak ardatzaren 4.3. puntuko neurrien onarpena aztertzeko, alegia, lan-harremanetan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu ahal izateko neurriak aztertu, adostu eta martxan jartzea.
LABek jada 2018ko apirilean langileen kontratazioan, lan baldintzetan eta promozioan diskriminaziorik egon ez dadin hartu beharreko neurriak eta baita kontziliazio eta erantzunkidetasuna bultzatzeko neurri-sorta landu eta helarazi zion Berdintasun Zuzendaritzari. Zuzendaritzak ordea, proposamen orokorrago bat aurkeztu zigun 2018ko urrian non gure ekarpenak ez ziren jasoak izan, antza helburu handiak eta ekintza konkretuegiak zirela, eta Planaren helburua ez zela horrenbeste ekintza konkretuak jasotzea baizik eta helburu orokorragoak hurrengo lau urteetan zehar zehazten joango liratekeenak.
Gauzak honela, Zuzendaritzaren proposamenetik abiatuta, LABek erdibideko proposamen bat egin zuen azaroan, Planak gutxienez abiaburu gisa aintzat hartu beharko zituzkeen gaiak azpimarratuz. Atzoko bileran Zuzendaritzak bigarren proposamena aurkeztu zigun. LABek bere egonezina adierazi zuen, zenbait neurri anbizio gutxikoak iruditu zitzaizkiolako. Hona hemen egindako ñabardurak III. Planean jasotako ekintzei dagokienez:
- UPV/EHUrako Kontziliazio Gida bat egitea, zeinak egun dauden neurriak biltzen dituen. LAB-en iritziz proposamen horri lau urteetarako helburua zehaztea faltatzen zitzaion. Gidak, egungo egoeraren diagnostiko bat egiteko eta diagnostiko horretan oinarrituta, benetako errealitatea eta beharrizan familiarrak, pertsonalak eta soziolaboralak aintzat hartuta hobekuntzak planteatzeko helburuarekin egingo dela espreski jasotzea eskatu genuen.
- Aitatasun baimenaren inplementazio graduala (2019 8 aste, 2020 12 aste, 2021 16 aste). LABek administrazioak ekarritako proposamena gure Hitzarmen Kolektiboan jada, amatasun baimenaren kasuan, jasota dagoenarekiko parekatua egotea eskatu zuen (18 asteko baimena, eta ez 16).
- Telelanaren inplementazio graduala (2020an 35 plaza, 2021ean 38 eta 2022an 40). Gure haserrea adierazi genuen, administrazioaren proposamena iraingarria, ez nahikoa eta argudiorik gabekoa zela adieraziz eta proposamen ahul honi dagokionez, AZPko kolektiboari arrazoizko argudio bat emateko eskatu genuen. Aurten 45 eskaritatik, 43-k baldintzak betetzen zituzten eta 32 soilik izan ziren esleituak, 11 pertsonen eskariak kanpoan utzirik. Administrazioak ekarri zuen proposamena ez da egungo errealitatera egokitzen, are gutxiago hurrengo lau urteetarako UPV/EHU-k izan beharko lituzkeen helburuetara, benetan neurri hau kontziliazio politikan txertatzean aurrera egin nahi baldin badu.
- Batzorde Intersektorialean elkarrizketa prozesu bati ekitea, Plana indarrean egongo den bitartean, kontziliazio gaien inguruko proposamenak adosteko helburuarekin, ondoren dagozkien Mahai Negoziatzaileetan eta Gobernu Kontseiluan onartuak izateko. LABek eskatu zuen argi eta garbi adieraztea adostuko diren neurri horiek gaur egun ditugun neurriak hobetu, eguneratu eta egokituko dituztela identifikatuko diren beharrizan familiar, pertsonal eta soziolaboralak aintzat harturik.
Atzoko bileran LABek bere kritika egin bazuen ere, ez zuen eragotzi Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana aurrera ateratzea, hurrengo lau urteetarako gutxieneko abiaburu gisa ulertuta. UPV/EHUn benetako Berdintasuna eta Kontziliazio eskubidea lortzeko helburuz gure konpromisoa irmoa izango da orain arte bezala.