Koronabirusaren aurreko esposizioa duen EHUko pertsonala berehala txertatzea eskatzen du LABek

Prentsaren bidez berriki ezagutu dugunez , SARS_CoV-2 birusarekin harreman zuzena duten dozenaka ikertzaile daude gaur egun Euskal Autonomia Elkargoan (EAE) txertorik jaso gabe.

Gauza ezaguna da (eta UPV/EHU onartua ere) koronabirusarekin harremanetan dauden langile  horietako batzuk UPV/EHUn ari direla lanean.

Egoera horren oinarrian, antza, Estatu espainiarreko Osasun Ministerioak txertaketa-estrategian langile horiek sartu ez izana aurkitzen da, eta, beraz, pertsona horiek hilabeteak eman dituzte “birusa zuzenean erabiltzen, immunizatu gabe, baita gaixotasun horren aurkako txertoak garatzen ari diren taldeen artean ere”.

SARS_CoV-2 edo 2. arnas sindrome akutuaren koronabirusa 3. taldean sailkatutako agente biologikoa da, langileak lanean agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 664/1997 Errege Dekretuaren arabera. Talde horretan sailkatzen dira “gizakiarengan gaixotasun larria eta langileentzako arrisku larria, kolektibitatera hedatzeko arriskua eta, oro har, profilaxi edo tratamendu eraginkorra” eragin dezaketen agente biologikoak.

Aipatutako 664/1997 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluaren arabera, “agente biologikoekiko esposizioagatiko arriskua dagoenean eta horretarako txerto eraginkorrak daudenean, horiek langileen eskura jarri beharko dira, eta txertoaren abantaila eta desabantailen berri eman beharko zaie”.

Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa aplika daitekeen jardueren artean sartzen ditu “laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan, diagnostikokoetan eta ikerketakoetan egindako lanak”. Horietakoak ere egon badaude UPV/EHUn.

Bestalde, LABek jakin ahal izan duenez, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Zuzendaritzari  txertatu gabeko langile horiek (ikertzaileak zein laborategi eta zerbitzuetako AZPko langileak) txertatzeko, ezezko borobila jasoz erantzun gisa, nahiz eta bere burua eskaini ere EHUko Prebentzio Zerbitzu propioaren bitartez langilea horiei txertoa jartzea.

Horretaz gain, LAB sindikatuak jakin badaki koronabirusarekiko esposizio egoera horretan aurkitzen diren EHUko zenbait langile txertatuak izan direla Eusko Jaurlaritzak txertaketa adin-tartearen arabera egitea erabaki baino lehen Beraz, koronabirusarekin harreman zuzeneko arrisku talde berekoak izanik ere, EHUn badaude koronabirusaren aurka txertoa jaso dutenak eta oraindik txertatzeke daudenak. Egoera onartezina, LABen aburuz.

Honengatik guztiagatik, EHUko Zuzendaritzari koronabirusarekiko arriskua duten langileak lehentasunez txertatuak izatea eskatzen diogu, langile guzti horien eskubidea izateaz gain, unibertsitate publikoaren betebehar legala ere baita.

Neurri hori gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren borondate politikoa eta langile horiek beren lanpostuetan egunero aurre egin behar dioten arriskuaren aitortza baino ez da behar.

Erantzun bat “Koronabirusaren aurreko esposizioa duen EHUko pertsonala berehala txertatzea eskatzen du LABek” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.