LAB, AZPren enplegua arriskuan jarriko duen LEP deialdien aurka

Batzorde Negoziatzailearen ekainaren 25eko eta uztailaren 17ko bilerak
Iragan ekainaren 25eko Batzorde Negoziatzailearen bileran, UPV/EHUren Zuzendaritzak Estatuaren 2018ko Aurrekontu Legeak honakoa baimentzen duela planteatu zuen:

  •  38 plazetako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) -2018ko erreposizio tasari lotua-.
  • 551 plaza gehiago (222 lan kontratudunena eta 329 funtzionarioena) “estabili-zaziorakoak”, hots, 2015, 2016 eta 2017 urteetan etengabean beteak izan diren plazak.


LABek behin behineko funtzionarioek edota aldi baterako lan kontratudunek betetako plazak deialdi masibo batetan ateratzeko baldintza gisa egungo egonkortasuna zabaltzea planteatu zuen.
Gaurko bileran, Administrazioak LEP masiboa atzeratzea baloratu du, Estatuaren Aurrekontu Legeak “estabilizaziorako” diren mota horretako LEPak 2018, 2019 eta 2020 urteetan zehar deitzea ahalbidetzen dituelako.
Astia badago, beraz, UPV/EHUn urte asko zerbitzuak eman dituen behin-behineko pertsonalari enplegurako eskubidea aitortzeko. Hori izan behar da, LABen iritziz, ekintza sindikalaren helburua eta unibertsitate-zuzendaritzaren konpromiso egiaztagarria, hauteskunde kanpainan aurkeztua eta adierazpen eta dokumento ezberdinetan (2018-2021 Plan Estrategikoan azkena) berretsia.
LABentzat, erreposizio tasari dagozkion 38 plaza deitzea enplegu finkoa lortzeko aukera izan daiteke, beti ere egiten den proposamenak, behin-behineko edota aldi baterako langileei arrisku gehigarririk eta aitortuak dituzten eskubideen galera ekartzen ez dien bitartean. Administrazioak hurrengo bilerarako proposamen konkretu bat aurkezteko konpromisoa hartu du. LABek uste du 2018ko LEP deialdiak pertsonal funtzionarioaren promoziorako aldarrikapena kontutan hartu beharko lukeela eta aurretik lekualdaketa lehiaketa bat egituratu beharko litzatekeela.
Kontutan hartu behar dugu baita ere ez 2018ko Estatuko Aurrekontuen Legeak ez eta UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek Montoro ministroarekin sinaturiko segidako akordioek behin behineko pertsonalaren egonkortasun eskubidea aitortu dutenik, ezta “kontsolidazio” edota “estabilizazio”rako inolako neurririk aurreikusi.
Honengatik guztiagatik, gaurko bileran LABek, 2018an langileei enplegua galtzea ekarri diezaiokeen inolako deialdirik ez babestea erabaki du, are gehiago, langile hauek beren lanpostuan finkoak izan beharko liratekeenean.
Eta Administrazioari dei egin dio, UPV/EHUko AZPrentzako baldintza eta berme hoberenak jasoko lituzkeen LEP deialdiak egiteko helburuz, 2020ra arte irekita dauden aukera guztiak erabiltzeko konpromisoa hartu eta ekimenak bultzatzeko (Euskal Enplegu Publikoaren Legea edo beste batzuk). AZPri UPV/EHUn emandako zerbitzuak eta enplegu finkoa izateko eskubidea aitortzeko ordua da.