LABek 2018/2019/2020ko Lan Eskaintza Publikoen Negoziazio Batzordetik alde egin du gaur

UPV/EHUko LAB sindikatuak 2018/2019/2020ko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (AZP) Lan Eskaintza Publikoen oinarri orokorrak negoziatzeko gaur goizean bildu den Batzordetik alde egin du, unibertsitateko Zuzendaritzak LABek egindako proposamenak kontuan ez hartzeko hartutako erabakiaren aurreko protesta gisa.

Aurrekoari gehitu behar zaio pixka bat lehenago Lan Kontratudun AZPkoen Negoziazio-Batzordean Gerentziak 2016/2017ko Lan Eskaintza Publikoaren inguruan aurkeztu duen lanpostuen esleipena egiteko behin betiko proposamenean, aurreko astean aurkeztutakoarekin alderatuta zenbait aldaketa negoziatu gabe. LABek esleipenak egiteko zein irizpide ari den erabiltzen argitzea eskatu eta 2016an adostutakoa ez denez betetzen ari, berriro negoziatu beharra aldarrikatu du.

LABek, bi erabaki garrantzitsu eta onartezin horiek ikusita, alde egin baino lehen, honako idatzi hau irakurri du, bileraren aktan jaso dadin:

LAB, 2018-19-20ko LEPen oinarrien negoziazioen aurrean 

LABen iritzia eta ekarpenak 2018, 2019 eta 2020ko Lan Eskaintza Publikoari (LEP) buruzkoak   ezagutzen ditu Zuzendaritzak. Idatziz eta ahoz argi eta garbi adierazi diogulako hainbestetan. Gai honi dagokionez, LABentzat behin behinekoen egonkortasunaren aitortza irizpide nagusia izan behar da. Hau da, egungo marko juridikoaren arabera finkotasuna lortzeko Lan Eskaintza Publikoak badira bide bakarra, EHUn deitzen diren LEP ezberdinek aitortza hori bere baitan jaso behar dute ezinbestez. Oztopo “legalak”  tarteko, LAB prest agertu da zeharkako bideak jorratzeko aipatu egonkortasun bermatze aldera.

Aldiz, aipatu LEPen oinarrien sasi negoziazio honekin, zuzendaritzak gauzatutzat eman nahi du legez egitea behartuta dagoena; alegia, Lan eskaintza Publikoak NEGOZIATU behar direla. Gauzak horrela ,EHUren zuzendaritzaren helburuak agerian gelditzen dira. Alde batetik, aurrera eraman nahi ditu Lan Eskaintza Publiko masiboak kudeaketa arazoak ekiditeko asmotan (prozedura berak dituenak, epaitegietako erreklamazioak, etab…). Eta, bestetik, EHUk , AZPko plantillarekin duen erantzukizun instituzionalari uko egiten dio, Errektoreek  emandako hitza albo batera utzita. Bi helburu nagusi hauek betetzeko ezinbestez sindikatuen babesa behar du, eta itxurazko negoziazio hauekin hori eskuratu nahian dabilela esan dezakegu.

Langileen egonkortasuna helburu ekimen ugari abiarazi eta babestu ditu LABek. Besteak beste, 2004ko Euskal Unibertsitate Sistemaren aldi baterako xedapena, 2006ko egonkortasun akordioa eta  2016 eta 2018ko akordioak. Izan dira beste  hainbeste saiakera ere behin behineko langileen eskubideen aitortzaren aldekoak: Legebiltzarrari luzaturiko proposamenak edota mobilizazioak eta greba tartean ere izan direlarik.

 Aipatu behar da ere, eta zailtasunak zailtasun, Lan Eskaintza Publikoen bidez, eta inoren enplegua arriskuan jarri gabe, hemen, EHUn,  finkotasuna lortzeko bidea jorratu dugula.  

Aurrekari baliagarriak izan arren, ekimen eta egitasmo hauek ez dira nahikoak , 2021eko ekainean, dugun errealitate gordinari erantzuteko.

Momentu honetan, urte luzez behin-behinekotasunean aritu diren langileen etorkizuna jokoan dago. Gaia pil-pilean dago kalean eta instituzioetan , baita alderdien agendan ere. LABek langileek jaso behar duten aitortzaren alde borrokatu eta borrokatuko du.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak iragarritako lege egitasmoak eta 2021eko Estatuko aurrekontuaren legearen eztabaidetan alderdi politikoek adierazitakoaren arabera bazeuden alternatibak edota beste bide batzuk bermedun Lan Eskaintza Publikoak bideratzeko, helburua egonkortasuna edota kontsolidazioa izanik. 

Usteak ustel bilakatu badira ere, esan gabe doa, LABek langileen eskubideen aitortza  juridikoaren alde  borrokatzen jarraituko duela . Aitortza horren ezean ez delako posible benetako egonkortasunik.

Zentzu horretan, azken egunotan ezagutu dugu Estatuko gobernuak ahalbidetuko duela Erkidegoek  lehiaketa hutsezko Lan Eskaintza Publikoak arautu ditzaten. Beraz, LABek,  aipatu ekimen honen araberako negoziazioak gauzatzea eskatzen du, azken bide honek langileen eskubideen aitortzan eman ahal dituen emaitzak arakatzeko. Hain zuzen ere ezin dugulako arriskuan jarri plantillaren %65aren enplegua.

Beraz, ez du zentzurik egungo marko juridikoaren araberako oinarrien negoziazioarekin jarraitzea, ez behintzat, EHUren zuzendaritzak egonkortasun eta kontsolidazioaren inguruko akordio edota konpromiso propiorik hartu ezean.