COVID-19 dela eta, alarma-egoera ezarri zenetik, EHUko zuzendaritzak hainbeste ebazpen argitaratu ditu, aldebakarrez harturikoak. Horrela izanda, 2020 maiatzaren 12ko Gerenteak argitaratzen duen ebazpenak kontziliatzeko eskubidea urratzen zuela salatu zuen LABek. Izan ere, gerentziaren erabakiak, adin txikikoen eta nagusien zaintzagatik indarrean zeuden baimenak bertan behera uzten zituen ekainaren 22tik aurrera, eta, aldi berean, ez zituen eskubide gisa aitortzen lanaldiaren adaptazioak eta murrizketak .
Horren aurrean, LABek negoziatzera behartu zuen zuzendaritza eta akordioa aldarrikatu du hiru puntutan oinarrituta:
- Akordio hori transitorioa izan behar zen iraila arte dagoen premiei erantzuteko. Horretaz gainera, dagoeneko negoziazioak hasi behar ziren datorren ikasturteari begira. Aldebakartasuna ezin da izan langileengan eragina duten erabakiak hartzeko norma.
- Telelanaren eskubidearen aitortza, bereziki, kontziliatu beharra duten eta kalteberak diren langileentzat.
- Lanaldiaren adaptazioa edota murrizketak izateko eskubidearen aitortza. Halaber, soldata-murrizketak ez izatea laburturiko jardunari proportzionalak, COVID-19k behartutako egoerak langileengan ahal den eragin txikien izan zezan.
Beste aldetik, Gerentziak ekainaren 5ean 2020 lanaldiaren ibiltorriaren aldaketa argitaratu zuen. Horren arabera oporrak, arratsaldeko konpentsazio-egunak eta norberaren gestioetarako lizentzia-egunak derrigorrez ekaina-iraila tartean hartu behar zirela kontuan hartuta, bada, ondorioztatu dezakegu akordioan jasotako neurriek norbanakoengan izango duten eragina hilabete edo hilabete eta erdikoa izango dela
Atzo, Gerentziak akordio-proposamena aurkeztu zigun sindikatuei. Horretan kontziliatzeko eskubidea aitortzen da kurtso hasi arte edota, nagusien zaintzagatik kasuetan, beste ebazpen bat argitaratu arte. Ondorioz, telelanean jarraitzeko aukera ematen zaie kontziliatu behar duten langileei. Era berean, pertsona kalteberei eta “gai mugekin” gisa aitortuei telelana aukera aitortzen zaie. Beste aldetik, lanaldiaren malgutasuna eskubidetzat onartzen da.
Horretaz gainera, mahai-gainean jarri genuen bezala, akordioan jasotzen ez dira hainbat kolektibotako langileek telelana eskatu ahalko dute: besteak beste, laborategietako teknikariak, ezgaitasun zerbitzukoak , modeloak, multimediakoak… Gerentearen esanetan, akordioan kolektibo horiei ez zaie aukera debekatzen. Kontuan hartu behar da horietako askoren lana oso loturik dagoela bertan behera dagoen irakaskuntzarekin.
Azkenik, datorren ikasturteari begira zuzendaritzak bere konpromisoa agertu du kontziliazioa eta telelana arautzeko negoziazioak irekitzea AZP eta IRI kolektiboekin.
Akordioan, aldiz, ez dira jasotzen guretzat garrantzitsuak ziren beste aspektu batzuk. Aste osoan telelanean egoteko aukera ez du onartu zuzendaritzak eta lan-antolaketa modu honetan egongo direnek astean 2 egunez aurrez aurreko lanera joatera behartu du zuzendaritzak. Ez du onartu ere pertsona kaltebera guztientzako telelana egiteko aukera ezta lanpostu guztietara zabaltzea ere, logikoa baitzen lantokietara hurbildu behar izatea soilik derrigorrezkoa denean aurrez aurreko arreta, eta etxetik egin daitezkeen lanek, berriz, orain arte bezala jarraitzea.
Hauek eta beste aldarri batzuk defendatu genituen atzoko bileran, baina zuzendaritzak ez zuen aukerarik eman horien inguruan eztabaida zabaltzeko ere. Izan ere, zuzendariaren proposamena onartzeko beste alternatibarik ez ziguten ematen, hurrengo astelehenean, ekainak 22, “normaltasunez” guztiak aurrez aurrekora itzultzea baizik. Ezinezkoa izan zaigu aldiz, gainontzeko sindikatuek bat egitea guk oinarritzat hartzen genituen aldarriekin. Hasiera baten akordiotik kanpo zeunden langileekiko konpromisoak lortuta eta negoziatzen jarraitzeko konpromisoa lortuta, ez genuen akordioa oztopatu, telelanean jarraitu ahal duten langileen eskubidea bermatze aldera.
LABetik borrokatzen jarraituko dugu pandemia honek eragindako ondorioak langileek ordain ez ditzagun, eta ez dugu onartuko eskubideen murrizketarik, ez alarma-egoeran ezta “normaltasun berrian” ere.