Jubilatzeko adina atzeratu, gazteen sarbidea eta garapen profesionala oztopatu eta langileen eskubideak murriztea erabaki du unibertsitateko zuzendaritzak.
Jubilazioaren inguruko batzorde teknikoa deitu du UPV/EHUko zuzendaritzak biharko, irailaren 28rako. Hilaren 12ko bileran, luzatu zigun proposamena alde sozialak aho batez errefusatu ondoren, zuzendaritzak aldaketa kosmetiko batzuk sartu ditu (horietako batzuk lehen proposamena are gehiago okertuz), akordio bat lortzeko inolako asmorik ez duela argi utziz. Lan eskubideen aurkako erasoa akordio gisa aurkezteko ahalegin honen aurrean, LABek argi eta ozen ohartarazten diogu bide guztiak erabiliko ditugula langileen eskubideen defentsan.
2022ko maiatzean UPV/EHUko zuzendaritzak, aldebakarrez, langileen jubilazioa bultzatzeko pizgarriak jasotzen dituen 2015eko akordioa salatuko zuela iragarri zien langileei, horretarako Gorenaren epai bat aitzakiatzat hartuz. Azken urteotan, errektoretzatik behin baino gehiagotan azaldu zaigu langileon ordezkarioi neurri hauen koste handia eta murrizteko beharra. Baina benetako negoziazio bati ekin beharrean, beste administrazio bati egokituriko ebazpen judiziala oinarri hartuta, salaketa eta inposizioaren bidea hartu dute.
Argi dago erabakia guztiz politikoa dela. Horren adierazle nabarmena da UPV/EHUk aplikatu beharrik ez duen ebazpena motu propio berea egin izana, beste kasu batzuetan argudiatu dituen irizpideen aurka, eta, beste negoziazio askotan erakutsi ez duen presaz, gainera. Zuzendaritzak, salatu dituen akordioen babesa zuten lan-eskubideak urratzea erabaki du, langileen alde jokatu beharrean, Jaurlaritzatik etorritako presioei men eginez, eta murrizketak aplikatuz. Gainera, horretarako ez du inolako arazorik izan negoziazio kolektiboa urratzeko, adibidez, lan hitzarmenetan jasotakoa aldatuz.
Hori gutxi balitz, UPV/EHUko zuzendaritzak Gorenaren ebazpenaren interpretazio interesatua egiten du. Aipaturiko epaiak diruzko pizgarriak ordainsaritzat hartzen ditu, eta, beraz, lege mailako arau baten babesa jaso ezean ilegalak direla argudiatzen du. Ez du esaten, aldiz, Gorenaren ebazpen horrek EHUn eragina izatekotan soilik pertsonal funtzionariorengan edukiko lukeela. Zuzendaritzak, berriz, alde batean uzten ditu beste ebazpen batzuk -Auzitegi Gorenarenak eta Konstituzionalarenak ere— jubilazio-pizgarri, sari eta kalte-ordain horiek legalak direla ebatzi dutenak; ildo berean, ez du aintzat hartzen EAEko goi-mailako instantzia juridikoek erretiroagatiko primek euskarri juridiko argia dutela baieztatu izana.
Unibertsitateko agintarien interpretazioari jarraiki, kolokan jarriko lirateke langileon beste eskubide batzuk, Gizarte Funtsa edo matrikulen ordainketa kasu. Hori gutxi balitz, argudiaketa txapuzero horretan sakonduz, udal, aldundi edo estatuko beste unibertsitateko pertsonalarekin parekatzen ditu UPV/EHUko langileak. Lotsa gutxi, gure kudeatzaileena, hainbatetan beste administrazio batzuetako baldintza hobeak mahai gainean jartzen ditugunean, aplikagarriak ez direla erantzuten baitigute.
Aurkeztu diguten proposamenean egungo koiuntura zein erantzukizun soziala azaltzen ditu zuzendaritzak, UPV/EHUk aplikatzen ez duen bera. Izan ere, administrazioak ez du arazorik izan hamarkadatan langileak egonkortu barik, prekarietate-egoeran edo promozionatu ezinik izateko. Are gehiago, jubilazioari oztopoak jarriz eta erretiroa hartzeko adina berandutuz, gero eta zahartuago egongo den plantilla bultzatzen duela, gazteen sarbidea eta garapen profesionala eragozten. Behin baino gehiagotan eskatu ditugun arren, gaur arteez dizkigute datuak eman, neurri hauek kolektibo ezberdinetan edo generoaren arabera izan dezaketen eragin erreala ezagutzeko.
Unibertsitateak zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko euskal jendartearen aldarriari erantzun beharrean (pandemian argi geratu zen bezala), neurri ultraliberalak aplikatzeko hautu politikoa egin du. Eta ez hori soilik, Jaurlaritzari unibertsitate publikoak bere misioa bete dezan beharreko finantzazioa ‑eta unibertsitate-planak zein programa-kontratuak bete ditzan‑, eskatu ordez, gobernua sustatzen duten elite ekonomiko eta politikoen aginduekiko morrontza erakusten du, horren kostea langileen bizkarrean zamatuz. Jubilazio eta pentsio duinen aldeko aldarriak gure kaleetan ozen aldarrikatzen ari den bitartean, Gerentzia eta Irakasleen eta Ikertzaileen Errektoreordetzatik aurkezturiko akordio-proposamena bat dator jubilazio-adina atzeratu eta lanaldiaren luzapena bultzatzeko Brusela edota Madrildik inposatzen ari diren neurriekin.
LABetik ez dugu onartuko lan-eskubideak murrizten duen akordiorik, eta langileen interesak eta lorpenak defendatzen jarraituko dugu, horretarako beharrezkoa balitz bide judizialetik harago ere. Ez dugu ontzat ematen zuzendaritzak aipatzen duen Madrilen UGT eta CCOO sindikatuek sinaturiko itun soziala, aipaturiko neurrien aplikazioa ahalbidetuko lukeena, hori UPV/EHUn ordezkaritza handiena duen euskal sindikalgintzari iseka egitea baita.
Erantzun bat “LABek ez du onartzen erretiroaren pizgarrien kontura UPV/EHUko zuzendaritzak proposaturiko murrizketa” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.