LABek ez du sinatu LEParen oinarriak egiteko erabiliko den akordioa

Egonkortze/kontsolidazio Lan Eskaintza Publikoen oinarriak negoziatzeko asmotan Gerentziak egin duen azken proposamena ez du sinatu LABek.

Sinatu den akordioan egon badaude LAB sindikatuak egindako zenbait ekarpen. Ekarpen horiek Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) eskubideen aitortzaren aldekoak izan dira. Aldiz, akordioan jaso diren beste irizpide batzuk ez ditugu partekatzen, behin-behineko AZP eta karreradun funtzionarioentzat kaltegarriak direlako.

Akordioan jaso denez, lehiaketa hutsezko prozesuan, alegia berariazko egonkortze prozesuan, UPV/EHUn bertan egindako lanagatik puntuazio gorena lortzeko ia 14 urteko eskarmentua eskatzen zaio behin-behieneko langileari. Ondorioz, gehiengo zabal baten egonkortzeko eskubidea ez da beharrezko neurrian aitortua izango.

Ildo berean, aipatu behar da karreradun funtzionarioentzat barne promozioaren eskubidea ere era murriztuan planteatuta dagoela sinatu den testuan. Kasu honetan, Gerentziak bazituen tresnak aukera hori era zabalago batean bermatzeko, bestak beste, eskaintza bera %10 zabaltzeko aukera erabiliko zela aginduz.

Bestalde kezkagarria da, oso, euskarak izan duen trataera akordio honetan. Ez da behar bezala aitortzen hainbeste langilek egindako ahaleginak euskararen ezagutza ziurtatzeko. Euskararen aitortza hutsaren hurrengoa izango da langileek hainbeste lanpostutan 11 urteko antzinakotasuna izanik ere. Deigarria da, Euskal Herriko Unibertsitatean, euskara, merituen balorazioan ofizialak ez diren hizkuntzekin parekatu izana, bere eginez horrela, euskara gutxiesteko sektore batzuetatik zabaldutako mezu eta jarrerak ere.

LABek argi du 20/2021 Legea ez zela nahikoa izan, ezta gutxiago ere, behin-behinekoen eskubideak aitortzeko edota finkotasuna errazteko. Hori horrela izanik, UPV/EHUko bertako mahai negoziatzaileen erantzukizuna zen bertako langileen finkotasuna lorgarria bilakatzea, LABen iritziz erantzukizuna bete ez duen arren.

Horretarako, besteak beste, lehiaketa hutsezko prozesuan puntuazio gorena lortzeko langile gehienen antzinakotasuna aintzat hartzea ezinbestekoa zen LABentzat. Hain zuzen ere horrela aukera gehiago emango litzaiekeelako AZPkoei eta berdinketa kasuetan, eskalan edo kategoria profesionalean norbanakoen antzinakotasunaren arabera erabakiko zen hurrenkera.

Aipatzekoa da ere, oposizio-lehiaketa prozesurako, aurreko LEPekin alderatuz ofizialak ez diren hizkuntzen eta titulazio akademikoen balorazioa igo duela Gerentziak. Ondorioz, beste administrazioetako langileak lehiaketako puntuazio gorenera gehiago hurbildu ahalko dira, eta AZP langileek eskarmentuagatik izan dezaketen puntuazioarekin aldea murriztu egingo da, EHUn urteetan lanean ibilitako langileen kaltetan.

Zoritxarrez, Gerentziaren helburuak beste batzuk izan dira negoziazioetan eta horretara bideratu ditu bere ahalegin guztiak. Aurrekontuetan arazoak sortzen omen dizkiote egonkortasuna aitortuta duten langileek. Aitzakia hutsa, zeren Eusko Jaurlaritza legez behartuta baitago egonkorren eskubidea(k) bermatzera, hau da, kontratu/izendapen horiek finantzatu behar ditu 4/2004 Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak horrela agintzen diolako. Gerentziaren jarrera horrek arriskuan jar dezake AZPren enplegu maila mantentzea, hain zuzen ere, finantziazio hori beste zeregin batzuetara bideratu ezkero.

Esan gabe doa aipagarria dela plaza kopuru esanguratsua eskaintzea lortu dela negoziazioen bidez nahiz eta oraingoz AZPren plantillaren bakante eta kontratu edota izendapen estruktural guztiak ez diren eskainiko.

Akordioaren alde onak eta AZPko plantilla egonkortzeko pausu bat dela ukatu gabe, LABen iritziz, sinatutakoa ez da nahikoa. Horregatik, LABek finkotasuna lortuko ez duten AZPkoentzat egonkortasuna eta karreradun funtzionarioentzat promozionatzeko aukera errealak bermatzea aldarrikatu du mahai negoziatzailean.

Ez dugu amore emango eta Gerentziaren asmo eta interes instituzionalen gainetik AZPko langileen eskubideak borrokatzen jarraituko dugu mahai negoziatzailetatik harago ere.

Erantzun bat “LABek ez du sinatu LEParen oinarriak egiteko erabiliko den akordioa” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.