LABek doktoretza aurreko eta doktoretza ondoko ikertzaileentzako akordioa sinatu du. Akordioak sindikatuen aldeko gehiengo oso handia (ordezkaritzaren % 81,5) izan du Steilas eta CCOO sindikatuek ere sinatu baitute. LABek behin eta berriro eskatu du ikertzaileen lan-baldintzak negoziatzeko prozesua abiaraztea. Azkenean lortu dugu Administrazioa negoziazio prozesuan sartzea. Akordioak guztiz asetzen ez bagaitu ere, hainbat alderdi positibo ditu.
Sinatu berri den lehenengo akordio honetan doktoretza aurreko eta ondoko langileen baldintzak barneratzen dira, iraganeko egoera hobetzen hasiz: Etorkizunean jarraituko duen negoziazio prozesu honetan ikertzaile guztien gaiak jorratuko dira.
Akordioaren lerro nagusiak ondokoak dira.
Doktoretza aurreko ikertzaileak:
- EPIPFa (Formakuntzan dauden doktorego-aurreko ikerkuntza pertsonalaren estatutua) indarrean sartu ondoren sinatu eta oraindik indarrean dauden doktoretza aurreko kontratuak EPIPFaren arabera eguneratuko dira 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Soldata horiek eguneratu egingo dira langile publikoentzako igoerak daudenean.
- Egun abian dauden doktorego aurreko kontratuak amaitzen direnean, azken kitapenean ordainduko zaie EPIPFa indarrean sartu zenetik jaso ez den dirua.
- EPIPFa indarrean sartu aurretik sinatu ziren eta 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean dauden doktoretza aurreko kontratuei dagokienez, azken kitapenean EPIPFa indarrean sartu zenetik jaso ez den dirua sartuko da.
- Doktoretza aurreko ikertzaileen soldataren erreferentea irakasle atxikien soldataren (31.874 €) %95ra igoko da 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Soldata horri EPIPFek urte bakoitzerako zehaztutako faktoreak aplikatuko litzaizkioke, orain arte egin den bezala: % 56a lehenengo eta bigarren urtean, % 60a hirugarrenean eta % 75a laugarrenean. Beti ere, aurrekontu nahikorik eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia izatekotan
- Administrazioak bi urte igaro baino lehenago doktoretza aurreko kontratuen soldata berriro negoziatzeko konpromisoa hartzen du.
Doktoretza ondoko ikertzaileak:
- Akordioan, hiru etapa ezartzen dira eta beren soldatak irakasle eskalaren soldatekin parekatzen dira:
- Hasiera-etapa: doktoretza egin berri duten ikertzaileek irakasle atxikien soldata izango dute (urteko 31.874 € gordin).
- Sendotze-etapa: doktoretza-ondoko esperientzia duten ikertzaileek irakasle agregatuen soldata (urteko 35.400 € gordin) izango dute.
- Etapa berezia: esperientzia handiko ikertzaileen gutxieneko soldata irakasle agregatuena izango da, eta handiagoa izan daiteke deialdiak hala ezartzen badu.
- Zubi bat irekitzen da hasiera-etapatik sendotze-etapara igarotzeko baldintza batzuk betetzen dituzten ikertzaileentzat (bi urtetik gorako iraupena duten kontratuen 2. urtea gaindituta izatea, doktore titulua lortu zutenetik gutxienez bost urte igaro izana eta ikertramo bat izatea).
- LABen jarrera irmoagatik, lortu dugu doktoretza ondoko ikertzaileentzako gutxieneko soldata irakasle atxikiarena izatea. Horrela Margarita Salas deialdian kontratatutako langileek unibertsitateak hasieran ezarritako soldatatik, (urtean 25.500 euro gordin) 31.874 eurora pasatuko da.
- 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera doktoretza ondoko kontratuak akordioan ezarritakoaren arabera eguneratuko dira. Kontratua indarrean duten langileentzat soldata jaisterik EZ da egongo, baizik eta hurrengo deialdietan baliokideak diren kategorietako soldatekin parekatzea. Doktoretza ondoko kontratuen % 56ri soldata igoko zaio.
Esan bezala, Administrazioa prest dago negoziatzen jarraitzeko eta LABek konpromisoa hartzen du negoziazio prozesu horretan langileen lan-baldintzak hobetzen eta ikertzaileen karrera hobeto definitzen saiatzeko. Hurrengo pausoak kanpo finantzazioarekin kontratatutako ikertzaileen (PIC) eta ikertzaile finkoen lan-baldintzen negoziazioa izango da eta doktorego aurreko ikertzaileen soldata prekarioak krisi ekonomikoaren haratago negoziatzea. LABentzat oinarrizko arazoa UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen soldatak oro har oso baxuak direla da eta hau konpontzeko 41/2008 Dekretua aldatu behar da, langile guztiek soldata duinak izan ditzagun.
Estutasun ekonomiko garai honetan akordio honen inplementazioa inbertsio garrantzitsua behar du: urtean 300.000 euro doktoretza aurreko ikertzaileentzat, 150.000 euro doktoretza osteko ikertzaileentzat, eta 2.000.000 euro Margaritas Salas deialdiko ikertzaileen bi urtetako soldata irakasle atxikiaren soldatarekin parekatzeko.
LAB negoziazio prozesu honen bultzatzaile sindikal nagusia izan da. LABetik jarrera eraikitzailearekin ekin diogu negoziazio prozesuari, beti ere ikertzaileen kolektibo osoaren eskubideak defendatuz. Negoziazio-prozesua afiliazioarekin partekatu dugu hasieratik eta afiliatu ez diren ikertzaile batzuekin ere kontrasteak egin ditugu. Esan dugun bezala, akordioak bere mugak ditu, baina aurrerapausoak egon badaude eta beste ikertzaile irudien baldintzak negoziatzeari atea irekitzen dio.
LABetik planteatutako eskaera batzuk lortzeko geratzen dira, besteak beste, doktorego aurreko 646 ikertzaileen soldata oraindik ez duinak, lan egiteko kontratua izanda norbere doktorego matrikula ordaindu behar ez izatea, eta ikerketa-ibilbidea burutzeko estrategia bat definitzea batik bat. Hala ere guztiz ere, akordioa positibotzat baloratzen dugu. Egin ez izanak ondorio kaltegarriagoak izango bailituzke bi ikertzaile kolektiboentzat eta baldintzatzen zuen beste ikertzaile kolektiboen lan-baldintzen negoziazioa.
Negoziazioa bakarrik ez da nahikoa, ordea, eta ezinbestekoa da mobilizazioak bultzatzea irakasle-ikertzaileentzako lan-baldintza duinak erdiesteko. Izan ere, mobilizatuta dagoen kolektiboaren indarra eta presioa ezinbestekoak dira eskubideak defendatzeko eta hobekuntza gehiago lortzeko. Horregatik, datorren abenduaren 14ean Leioako campusean egingo dugun kontzentrazio baterako deia luzatzen diegu irakasle-ikertzaileei. Noski, bide judiziala ere ez dugu baztertzen Administrazioa zenbait gairi atea ixten tematzen denean.
LABek konpromisoa hartzen du negoziazio prozesu horretan langileen lan-baldintzak hobetzeko eta ikertzaileen karrera hobeto definitzeko borrokatzeko.
5 erantzun “LABek ikertzaileen lehenengo akordioa sinatu du baina borrokak eta negoziazioak aurrera darraite” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.