LABek salatzen du erretiroaren murrizketak iragartzeko UPV/EHUk aukeratutako bidea langileen eskubideen eta negoziazio kolektiboaren aurkako jarrera dela

Pasa den asteartean, UPV/EHUko gerenteak eta irakasle eta ikertzaileen errektoreordeak sinatuta, ohartarazpen bat helarazi zigun zuzendaritzak langile guztioi: hainbat epaietan, Auzitegi Gorenak erretiroa hartzeagatik ordaintzen diren kalte ordainak jasotzen dituzten akordioak zuzenbidearekin bat ez datozela ebatsi omen duela-eta, eta indarrean dauden 2015eko hartutako akordioen lehenengo xedapen gehigarriak, legezko oinarriak, hitzarmenak edo egoera ekonomika aldatzen bada, jasotzen duen akordioak berrikusteko aukera dela-eta, administrazioak akordioak salatuko duela eta negoziazioari ekingo dio.

Iragarpena heldu da, aurreko urteetan IRIk erretiroa eskatzeko deialdia zabaltzen den datetan, eta aurretik langileen ordezkarioi ohartarazi gabe, IRI eta AZPren ohiko planifikazio-batzarretan erretiroaren inguruan negoziatzeko asmoaren iragarpen hutsetik harago. Beraz, gerentziak eta errektoreordetzak ez dute negoziazioari ekiteko modurik onena aukeratu, langile guztiei iragarpena egiteko momentuan ez baitute ez proposamenik ezta negoziazio-egutegirik adostu alde sozialarekin. Ez da hasiera ona.

Era berean, ez dugu ulertzen zuzendaritzak jarrera Gorenaren ebazpenak aplikatzeko; aurrekariak baititugu zeinetan, errektoretzak ez dien kasu egin langileen aldeko hainbat ebazpen judizialeri (behin behineko irakasleen seiurtekoak ordaintzeari buruz, iruzurrean kontrataturiko hainbat langileren finkotasunaren inguruan, adibide batzuk aipatzearren). Hau da, errektoregoak irizpide ezberdinak ditu epaiak erabiltzeko orduan, eta argi geratzen da, ez duela langileen aldeko irakurketarik egin nahi.

Oraindik ez gara negoziazio-mahaian eseri, baina agerian da, zuzendaritzaren proposamena, 2015eko akordioak bertan behera uztearekin plantilla gaztetzeko eta egiturak egokitzeko hartutako neurrien aurkakoa izango dela. Zuzendaritzak bideratu nahi duen Erretiroen akordioen salaketa Escrivá ministro espainiarrak bultzaturiko erretiroaren baldintzak zailtzeko eta aurretiko erretiroa zigortzeko neurriekin bat dator.

Aurretiko erretiro zailtzearen ondorio zuzenak dira, langile askoren erretiroa atzeratzearekin bat, plantillen zahartzea, egokitze prozesuak atzeratzea eta, ondorioz, gazteen enplegagarritasuna oztopatzea . Era berean, genero-arrakala areagotzeko beste urrats bat dugu aurretiko erretiroa ahalbidetzeko neurriak kentzea; izan ere, (arrazoi ezberdinetatik, horien artean zaintza-lanak haien bizkarrean zamatzen direla) emakumeak gizonak baino lehenago jubilatu ohi baitira, kotizazio-epealdia txikiagoaz eta, beraz, pentsio baxuenak jasotzen dituzte, ONEKA emakumeen pentsiodunen elkarteak agerian utzi duenez.

Hori dela eta, LAB sindikatutik salatzen dugu errektoregoak aldebakarrez hartutako erabakia, baita iragartzeko erabili duen bidea ere. LABek langileen eskubideak borrokatuko ditu. Hala ere, prest gaude mahai negoziatzailean jesartzeko erretiroaren inguruko adostasunak lortze aldera. Gure ustez, langileak zigortuko ez dituen erretiroaren alde borrokatuko dugu, behin behineko, finko, funtzionario edo kontratupekoa izanda ere.

Erantzun bat “LABek salatzen du erretiroaren murrizketak iragartzeko UPV/EHUk aukeratutako bidea langileen eskubideen eta negoziazio kolektiboaren aurkako jarrera dela” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.