2021eko martxoaren 25ean egindako Klaustroan Aldezlearen txostena eta EHUko Gobernu taldeak prestatutako 2020/2021erako jarduera programa aurkeztu dira. Programa honen harira, EHUko komunitateari afektatzen gaituzten gai batzuren inguruko galderak bidali ziren klaustrokide diren LABeko afiliatu batzuen partetik, puntu batzuei buruzko zalantzak plazaratzeko baita konpontzeko dauden arazo batzuk mahai gainean jartzeko ere.
Honako hauek dira planteatutako galderak (letra lodiz) zein jasotako erantzunak ere (letra mehez):
1- GAURean irakaskuntza gida betetzerakoan, aukera bakarra dago ebaluazio ehunekoak esleitzeko: irakaskuntza-metodologia edo ebaluazio mota bakoitzari (azterketak, ariketa praktikoak…) lotzea. Noizko gaitasunean oinarritutako ebaluazioa? Trantsiziozko ibilbiderik aurreikusita dago norabide horretan joateko?
GAURen betetzen dugun Irakaskuntza gida oinarrizko dokumentu bat da, publikoa, webgunean argitaratzen dena. Gida horretan adierazten diren ehunekoak ebaluazio-mekanismoei lotuta daude. Bestalde, gaitasunetan oinarritutako ebaluazio-sistema adieraz daiteke. Horretarako, eta orokorrean irakaskuntza gida onak argitaratzeko, SAE/HELAZ zerbitzuak garatutako dokumentua oso lagungarria deritzogu (https://www.ehu.eus/eu/web/sae-helaz/irakaskuntza-gidak). Gainera, ikaslearen gida erabilgarria da bigarren tresna bezala, irakaskuntza-metodologia sakonago azaltzeko.
2- Bi norabideko komunikazioa eta kolektibo guztiek gobernantza estrategietan parte har dezaten sustatzea aipatzen da programan. Zehazki, ze baliabide edo tresna erabiltzea aurreikusten da komunikazio eta parte hartzea bermatzeko eta hortik suertatzen diren proposamenak bideratzeko? Eta zein mailatan (Unibertsitate, Fakultate…) bultzatuko da hau?
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 133. artikuluan aipatutako “herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzea” (kontsulta publikoa) prozedura diseinatzea.
Helburua da errektoretzaren menpe dagoen organoren batek gai- zehatz bati buruz arautu nahi duenean, eztabaida zabaltzea unibertsitateko edozein kideri bere iritsiak eta ikuspuntuak ezagutarazi ahal izatea, organo horrek guztion iritsiak eta beharrak jakiteko arautu baino lehen. Gainera, horrela egiten bada, araudiak sor ditzakeen arazoak garaiz detekta eta ekidin daitezke. Prozedura hau gehituko zaie jadanik dauden elkarrizketarako gunei unibertsitateko organoekin eta langileen ordezkariekin.
Apirilean gobernu-taldeak protokolo-zirriborro bat onartuko du. Maiatzean eta ekainean, arautzeko eskuduntza duten batzordeek iruzkinak edo iradokizunak egin ahal izango dituzte. Hauek guztiak kontuan hartuz, gobernu-taldeak uztailean onartuko du protokoloa, eta 2021/2022 ikasturtean praktikan jarriko da.
Komunikazioari dagokionez, Gobernu taldearen ekimenez onartutako arauen “laburpen exekutibo” bat egingo da, erabiltzaileei horien edukiak eta helburuak modu erraz batean azaltzeko. Honetaz gain, ikastegiak eta sailak bisitatzeko eta haiekin biltzeko programa bat garatuko dugu zuzendaritza taldeei kudeaketa lanean laguntzeko. Eta baita ikertaldeekin eta Ikasleen Kontseiluarekin biltzeko egutegi bat egingo dugu.
3- Euskararen erabilera sustatzea aurreikusten da, “unibertsitateko kide bakarreko zein kide anitzeko organoen bileretan”. Zein baliabide zehatz aurreikusten dira proposamen hau gauzatu dadin Fakultate mailan, esaterako Fakultate Batzarretan?
Fakultate batzarretarako interpretazio zerbitzua eskaintzen du gure erakundeak, eskatzen baldin bazaio. Pandemia garaiotan Blackboard collaborate plataforma erabilita egiten diren batzarretan ere badago interpretazio zerbitzua jasotzeko aukera. Fakultate gutxi batzuetan interpretazio zerbitzua eskaini ahal izateko baliabideak falta dira (kabinak eta abar); baliabide horiek ahalik lasterren horni daitezen saiatuko gara.
4- “Graduen eta Graduondokoen berri emateko eta horietara ikasleak erakartzeko estrategia hobetzea” proposatzen da kultura eta Gizartea ataleko 5. puntuan. Zehazki, 5.2. atalean “eskaintza akademikoa zabaltzea” proposatzen da; aldiz, hainbat Graduetan zenbait hautazkoen galera nabarmen izan da azken urteetan (hautazkotasuna galtzera iritsi arte zenbait kasutan). Une honetan, asmoen adierazpena eta errealitatea kontrajartzen dira. Nola garatuko da programan jasotakoa? Ze baliabide aurreikusi dira “eskaintza akademikoa zabaltzeko” hautazkotasuna galdu duten Graduetan?
Gure egungo graduko eskaintza funtsean egonkorra dela uste dugu, zenbait eguneratze egiteko aukera baztertu gabe. Gure asmoen artean, epe motzean, graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren proiektu berriak sustatzea aurkitzen dugu, prestakuntza eskatzen duten gizarte-eragileekin koordinatuta. Baita ENLIGHT Europako Unibertsitatea proiektuaren parte diren Unibertsitateekin titulazio bateratuak martxan jartzeko oinarriak ezartzea ere.
5- “Graduen eta Graduondokoen berri emateko eta horietara ikasleak erakartzeko estrategia hobetzeko” ildoa gobernantza atalean proposatzen denarekin uztartuz (“kolektibo guztiek gobernantza estrategietan parte har dezaten sustatzea”): Ikasle zein graduatutakoen iritziak ekarpen interesgarriak izan litezke ikasketa planen egokitze eta hobetze prozesuetan. Ikasleek edo graduatutakoek Gradu zein Graduondoko ikasketa plan eta curriculumaren inguruan duten iritzia jasotzeko mekanismorik al dago? Prestakuntza ataleko 1.4 puntuan aipatzen den lantaldearen funtzioen artean egon liteke ikasleengandiko iritzien jasotzearen ardura?
Graduko tituluen emaitzak aztertzeko lantaldea osatzerakoan, ikasleen parte hartzea aurreikusita dago. Zalantzarik gabe, ikasleen iritzi eta ekarpenak funtsezkoak dira emaitzen testuingurua ulertzeko, eta titulazioak hobetzeko prozesuan bere parte hartzea beharrezkoa deritzogu.
6- UPV/EHUko irakasle-ikerlarien ordezkapen poltsetan sartzeko titulazioei dagokienez, Diplomatutako hautagaiak poltsetatik kanpo geratu izan dira, nahiz eta dagokion MECESa eskuratuta izan (eta Doktore titulua egiaztatu). Honen inguruan kontsulta zehatz bat deskribatzen da Aldezlearen txostenean: egoera bidegabe eta paradoxikoa sakon azalduz (hautagai hauek atxiki plazetarako sarbidea dute, baita ANECA eta UNIBASQen akreditazioak ere, baina ez zaie ordezkapen poltsetan egotea baimendu). Aldezlearen bulegoak arazoa bideratzeko gomendio konkretua proposatzen du.
Jarduera programan, arazo puntual honen inguruko aipamen espezifikorik egiten ez den arren, “ordezkapen poltsen arautegia berritzeko” ekimena aipatzen da (Pertsonak ataleko 1.3 puntuan). Aldezleak bere txostenean deskribatzen duen kasua kontutan izango al da berrizte prozesu horretan? Ezezkoan, zergatik ez?
Baiezko kasuan, zenbat luzatuko da berritze prozesu hori? Arautegia berrikusten den bitartean zein neurri hartuko da kaltetutako hautagaiekin? Aldezlearen txostenak hautagai hau/hauek poltsetan onartzeko oinarria ezartzen duela kontutan hartuz, baloratu al da hautagia/ak ordezkapen poltsetan onartzea?
Gaur egungo ordezkapen poltsen araudia aldatzeko prozesua abiatzen ari gara, besteak beste doktore tituluaz sarbidea ahalbidetzeko. Gure asmoa da poltsa berriak, araudi berriarekin, urte bukaeran zabaltzea. Dakizuenez, prozesu hau betetzeko, pausu asko egin behar ditugu dagozkien batzordeekin.
7- “1.1. Ikastegiei laguntzea, beren tituluetarako aipamen duala eta/edo nazioarteko aipamena lor dezaten eta irakaskuntza metodologia aktiboak ezar ditzaten.” puntuari dagokionez: Zein neurri berri ezarriko dira irakaskuntza metodologia aktiboak ezartzeko?
SAE/HELAZ zerbitzutik zentruekin harremanetan jarriko gara, behar espezifikoak detektatzeko eta aholkularitza lana indar berrituekin bultzatzeko.
Indarrean jarriko ditugu beste neurri batzuk: azken urteotan garatutako programen ebaluaketa bat hastea, praktika onenak detektatzeko eta bultzatzen jarraitzeko; IKD i3 hezkuntza eredu berria eta lotutako laborategia deialdia garatzen jarraitzea; eta erronketan oinarritutako irakaskuntzan formakuntza sendoa lortzea, besteak beste.
8- “1.4. Graduko tituluen emaitzak aztertzeko lan talde bat finkatzea, eta graduko titulu berrien inplementazioa baloratzea, euskal gizartearen beharrak aintzat hartuta.” puntuari dagokionez: Zein prozedura erabiliko da “euskal gizartearen beharrak aintzat hartzeko”? Nola identifikatuko dira behar hauek?
Enpresa pribatuen beharrez haratago, herri mugimenduaren erakundeekin eta jendartearein beste eragileekin kontaktatuko da behar hauek identifikatzeko?
Euskal gizartearen beharrak kontuan hartzeko, mota desberdinetako erakunde eta gizarte taldeen ekarpenak beharrezkoak dira. Oso argi daukagu garapen jasangarrirako helburuekin dugun konpromisoa, gure gizartearekin lotuta.
Zorionez, gure zentzuetan, irakasleak eta irakaskuntza eta ikerkuntza taldeak gizartearen eragile sozio-ekonomiko desberdinekin harremanetan daude, eta hau informazio-iturri oso ona da mota askotariko ekarpenak eta iritziak jasotzeko.
9- “5.1. Euskararen III. Plan Gidaria (2018-2022) garatzen jarraitzea.” puntuari dagokionez: Zein da Plan horren betetze-maila? Hurrengo urtean bukatuko dela kontuan izanda, zer/zenbat falta da plana bete ahal izateko?
Euskararen III. Plan Gidariaren (2018-2022) betetze-mailaren azterketa amaitu berri dugu eta txosten batean aurkeztuko dugu epe laburrean
10- “5.3. Lehenetsitako arloen diagnostikoa egitea eta plan bat garatzea, graduan
euskarazko nahitaezko irakasgaien eskaintza areagotzeko.” puntuari dagokionez:
Euskalduntzeko faltan dauden graduko nahitaezkoak diren irakasgaietarako ez zegoen plan bat garatuta III Euskara Planean? Horrela bada, nola osatu zen Euskararen III Plana?
Gaur egun, 2021ean, EHUn oraindik geratzen dira graduko nahitaezko 25 irakasgai euskaldundu gabe.
2018-2022 plangintzaldiko Euskararen III. Plan Gidarian graduen euskarazko eskaintzaren helburuak zehazteko 2013-2017 aldirako Euskararen II. Plan Gidarian ezarritako hizkuntza-ereduak hartu ziren kontuan:
D+: Euskarazko eskaintza gaztelaniazkoa baino ugariagoa.
D: Euskarazko eskaintza gaztelaniazkoaren adinakoa.
C: Gradu osoa euskaraz ikasteko aukera (hizkuntza ez-ofizialetako derrigorrezkoak izan ezik).
B: Derrigorrezko guztiak euskaraz ikasteko aukera (hizkuntza ez-ofizialetan irakasten direnak izan ezik).
A: Lehenengo bi ikasturteak euskaraz ikasteko aukera
Gainera, derrigorrezko irakasgaien euskalduntzea zehaztu zen lehentasun gisa.
Euskalduntzea falta diren derrigorrezko 25 irakasgai horietatik gehiengoak Medikuntza graduko bigarren zikloko ospitaleko irakasgaiak dira eta gainontzekoak ikasle oso kopuru txikia duten graduei dagozkienak dira, adibidez nautikako graduak.
Beraz, Medikuntzako graduari, berezkoak dituen ezaugarri horiengatik, jarraipen berezia egitea erabaki zen III. Planean. Gainera, derrigorrezko irakasgaien euskalduntzea lortzeko neurri zehatzak ere adostu ziren Euskararen III. Plan Gidarian.
11- “5.5. Euskararen erabilera unibertsitateko bizitzaren arlo guztietan areagotzeko jarduerak bultzatzea.” punturari dagokionez: Sartzen da puntu honetan euskarazko harrera bermatzea EHUko arreta gune guztietan (atezaintzetan, laborategietan, kafetegietan, fotokopistegietan…)?
Bai. Euskararen erabilera areagotzeko jarduerak bultzatzea arlo guztietara zabaltzea da gure asmoa.
12- “6.2. Atzerriko hizkuntzetan eskaintza akademikoa areagotzea eta berrantolatzea.” puntuari dagokionez: Nahitaezko irakasgaiak euskaraz eskaintzen ez diren graduetan irakasgai berriak eskainiko dira atzerriko hizkuntzetan? Irakasgai bakar bat ere euskaraz eskaintzen ez den graduondokoetan irakasgai berriak eskainiko dira atzerriko hizkuntzetan? Atzerriko hizkuntzetan irakasgai berriak eskaintzeko erabilitako baliabideak ez al lirateke erabili behar euskalduntzeko faltan dauden irakasgaiak euskalduntzeko, ikasleen eskubide hori bermatze aldera?
Euskarazko ikasgaien eskaintza euskara planean zehaztuta dago eta atzerriko hizkuntzetan egiten den eskaintza bat dator eta etorriko da harekin. Eskaintza berria beti ere graduko, graduondoko edo/eta euskara batzordeen eskumenen artean dago eta haiek onartutakoaren arabera eskainiko da.
13- “13.3. Hiru campusetan foru enpleguak antolatzen jarraitzea, ikasleen eta egresatuen laneratzea errazteko.
13.4. Ikasleen kopurua areagotzea bai erakundetan, enpresetan edo gure unibertsitateko zerbitzuetan egindako kualifikazio handiko praktiketan, bai inguruko enpresa eta erakundetan egindako GRALetan, MALetan eta doktorego
tesietan.” puntuari dagokionez: Jarraituko da foru enpleguetan egoteko gonbitea luzatzen armagintzan aritzen diren edota erabilera militarrerako gailuak garatzen dituzten enpresei? Jarraituko dute ikasleek praktikak egiten mota honetako enpresetan?
Urtean, 11.000 kanpo-praktika baino gehiago egiten dituzte gure ikasleek, 4.100 enpresa, erakunde eta elkarte baino gehiagotan. Ikastegietako zuzendaritza taldeek aukeratzen dituzte erakunde edo enpresa horiek ikasleentzat onurak ekartzen dituztelakoan, kalitateko praktikak eskaintzen dituztelako eta gure ikasleek laneratzeko garaian oso baliagarriak izango diren gaitasunak eskuratzen dituztelako.
UPV/EHUko Enplegu Foroetan arestiko pasartean aipatutako enpresek hartzen dute parte, eta lehenesten dira hain justu, kalitatezko praktikak eskaintzeagatik, ikastegiekin aurretik harremanak dituzten horiek.
Bestalde, aipatzekoa da alor honetan ez dugula lege-salaketarik jaso, ez eta praktikak egin dituzten ikasleen kexarik ere.
14- “7. Esperientzia Gelen prestakuntza programak berrikustea, gizartearen eskariari erantzuteko.” punturari dagokionez: Esperientzia geletan dagoen euskararen erabateko gabezia ikusita, handituko da euskararen eskaintza, gero eta euskaldunagoa den gizarteriaren eskariari erantzuteko?
Azken urteetan saiakera ezberdinak egon dira hiru Campusetan Euskararen eskaintza Esperientzien Geletan zabaltzeko. Hainbat irakasgai eskaini egin dira euskaraz, baina hauen matrikulazioa oso urria izan da. Era berean, galdeketaren bat ere egin da ikasleen artean eta eskaera ere oso urria dela detektatu da. Irakasgai praktikoetan elebitasuna bultzatu da zenbaitetan klase barruan, horrela euskararen erabilpena sustatuz.
Egoera hau ulertzeko faktore ezberdinak kontutan hartu behar dira. Lehenik eta behin adina eta euskararen arteko harremana eta lurralde historiko bakoitzaren errealitate soziolinguistikoa, eta, bestetik, ezin dugu ahaztu Esperientzia Gelen dinamika propioak.
Egoera hau aintzat hartuta, UPV/EHUk euskara bultzatzeko apustu sendoa berresten du eta etorkizunari begira sortu daitekeen eskaintza ezberdinei erantzuteko konpromisoa azaltzen du.
15- “3. Ibilbide profesionala sustatzea, lanpostu iraunkorrak eta erakargarriak zehaztuz.” atalari dagokionez: Zehaztuko da ikerketa-ibilbidea Ramon y Cajal ez diren baina I3 akreditazioa eta bikaintasun programetan egon diren ikertzaileentzat?
Kolektibo ezberdinak promozionatzeko dauzkaten zailtasunaz jabetzen gara, horien artean behin behineko ikertzaileak daude. Ikertzaileen ibilbide profesionala zehazteko lanean ari gara, eta gure ustez, hori da lehen urratsa, ikertzaileentzako lanpostu iraunkorrak lortzeko bidean.
16- “12. Unibertsitatean egindako lana gehiago aitortzea eta eskertzea.” atalari dagokionez: Azken hilabeteetan aukera ireki da lanpostu iraunkorra betetzen ez duten aldi baterako irakasle-ikertzaileek ikerketa seiurtekoak eskatu ahal izateko. Hala ere, Unibasq-ek ez du bideratu ANECArekiko adenda bat sinatzea aukera hau ahalbidetzeko. Kolektibo zabal honek unibertsitatean egindako lana gehiago aitortzeko, zein ekimen garatuko du errektoretza taldeak ikerketa meritu nahiko daukaten aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatu eta kobratu ahal izateko, eta, modu honetan, diskriminazio honekin bukatzeko?
Kalitatezko ikerketaren aintzatespena errazteko eta, ahal den neurrian, aintzatespen horrek ondorio ekonomikoak izan ditzan lanean ari gara. Gure ustez zuhurtziaz jokatu behar da kontu honetan, eta egin beharreko urratsak erakunde arduradunekin adostu behar dira; eta lege-babesa bermatuz.
17- “14.2. Presondegietan dauden pertsonei unibertsitate ikasketak egiteko aukerak areagotzea eta hobetzea.” puntuari dagokionez: Mantenduko da ikasketen eskaintza zein den erabakitzea zentro bakoitzaren esku ala neurriak hartuko dira errektoretza taldetik preso daudenei eskaini ahal izango litzaizkieken ikasketa guztiak eskaintzeko?
Gaur egun ez da aurreikusten presondegietan dauden pertsonentzako titulazioen eskaintza Ikastegien esku egon ez dadin. Ez dugu ikusten alternatiba hobea.
18- “13.2. Campus osasungarria bultzatzea, kultura eta kirola batu nahi dituen ekimen gisa.” punturari dagokionez: Hartuko da neurriren bat Arabako campuseko eraikinetan (gainontzeko zentroetatik 2 km-etara dagoen Kirol fakultatea kontuan hartu gabe) kirola egin ahal izateko baliabideak ezartzeko (bai kirola egiteko baita arropaz aldatzeko eta dutxatzeko)?
Arabako Campusean, Kultura eta Kirol Zuzendaritzaren bitartez, unibertsitate-komunitate osoari bideratutako kirol zein kultur eskaintza anitza bezain zabala eskaini ohi da. Horretarako, unibertsitatearen beraren jarduerak eta baliabideak erabiltzeaz gain, tokiko erakunde publiko eta pribatuekin hainbat akordio eta hitzarmen ditugu sinatuta, jardun-aukera areagotzeari begira.
19- “2. Unibertsitateko kolektibo guztiek gobernantza estrategietan parte hartze handiagoa izan dezaten sustatzea.” atalari dagokionez: Kolektibo guztiek gobernantza estrategietan daukaten parte-hartzea handitzeko, eta gardentasuna bermatzeko aldera, planteatzen da EHUko komunitate orori afektatzen dioten Klaustroaren eta Gobernu kontseiluaren aktak publikoak izatea, guztiek haututako ordezkarien erabakiak jarraitu eta ezagutu ahal izateko?
Helburu berarekin, gobernantza estrategietan parte-hartzea handitzeko, gardentasun handiagoarekin, bideratuko da EHUko kide guztiek LDPA erabilita Klaustroko zein Gobernu kontseiluaren saioak streamingen bidez jarraitu ahal izatea?
Gobernu Kontseiluaren eta Klaustroaren erabakiei eta saioei buruzko informazioa unibertsitate-kide guztien eskuragarri dago honako helbide honetan:
https://www.ehu.eus/es/web/idazkaritza-nagusia/gobernu-kontseilua . unibertsitate-kide guztiak sar daitezke helbide honetara, LDAP eta gakoa erabilita.
Honetaz gain, honako esteka honetan aktaren laburpen bat zintzilikatzen da:
https://www.ehu.eus/es/web/idazkaritza-nagusia/klaustroa
Beste aldetik, Gobernu Kontseiluaren eta Klaustroaren saioak streamingen bidez jarraitzeko aukerari dagokionez, kontuan hartu behar dugu Gobernu Kontseiluaren Arautegiko 10 artikuluak esandakoa:
“3.– Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu bileretara, aztergaien zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla eta gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango.
4.– Unibertsitateko kideak Gobernu Kontseiluaren bileretara joan ahal izango dira, betiere, leku nahikoa badago. Edonola ere, kontseiluko buruak, egoera kontuan hartuta, bilera itxia egitea erabaki dezake, hala bilera osoa nola gairen bat aztertzeko tartea. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere.
5.– Artikulu honetako 3. eta 4. puntuetan aipatutako kide guztiek zuhurtziaz gorde beharko dute Gobernu Kontseiluaren bileran emandako informazioa eta bileran adierazitakoa; horrela egin ezean, diziplina arloko edo bestelako erantzukizuna izan dezakete”.
Aurrekoa ez da bateragarria gobernu kontseiluaren saioak streamingen bidez jarraitzeko aukerarekin. Hala ere, Klaustroaren kasuan ez dago oztopo hau. Beraz, hurrengo Klaustroaren saioarentzat zure proposamena kontuan hartuko dugu.
20- “7.4. Osasun indibiduala eta kolektiboa zaintzeko plan baten oinarriak ezartzea, arreta berezia jarrita bereziki zaurgarriak diren pertsonengan eta istripuen eta gaixotasunen prebentzioan.” punturari dagokionez: Egingo zaizkie odol-analisiak eta osasun azterketak Gipuzkoako campuseko langileei 2021an, urte bat osasun-analisi horiek egin gabe egon ostean?
Gipuzkoako Campusean osasun azterketak egiten ari gara eta Arabako Campusean tarte baten medikurik gabe egon gara eta horregatik ez dira egin azterketak, baina arazoa konpondu da eta berriro hasiko gara azterketak egiten martxoaren 22an.
21- “5.4. Euskaraz osorik eman daitezkeen graduondoko tituluen eskaera identifikatzea.” punturari dagokionez: Nola egingo da eskaera identifikatzeko? Ez al da logikoagoa graduondoko horiek euskaraz emateko oztopoak identifikatzea eta baliabideak jartzea, gero euskaraz ikasi nahi duten ikasleek aukera hori izateko?
Master ofizialetan 2020/2021 ikasturtean 414 ikasgai eskaintzen dira euskaraz baina haietaz gain euskara zein tituluetara zabal daitekeen aztertzeko beharrezkoa da lehendabizi eskaera identifikatzea bai ikasleen aldetik zein gizartearen eragile sozio-ekonomiko desberdinen aldetik. Gainera, UPV/EHUn ditugun baliabide potentzialak ere aztertu behar dira.
22- “5.7. Euskaraz eman daitezkeen lanbide graduondokoen eta masterren irakasgaiak identifikatzea.” puntuari dagokionez: Ez litzateke izan behar “euskaraz eman daitezkeen lanbide graduondokoen eta masterren irakasgaiak euskaraz eskaintzea”? Identifikatuta daude jada irakaskuntza gidetan.
Irakaskuntza gidetan identifikatuta daude ematen direnak, baina ez eman ahal direnak (eskaintza potentziala). Horregatik, eskaintza areagotzeko euskaraz eman daitezkeen ikasgai berriak identifikatu behar dira.
23- “5. Gradu eta graduondoetan euskarazko irakaskuntza areagotzea eta finkatzea. Lanbide masterretan euskarazko ikasteko aukera bermatzea.” atalari dagokionez: Atal honetan agertzen diren ekimen-terminoak honako hauek dira: “jarraitzea”, “bultzatzea” (2), “diagnostikoa egitea”, “plan bat garatzea”, “identifikatzea” (2), “sistematizatzea”. Ez litzateke beharrezkoa izango, identifikatze eta diagnostikatzez gain, neurriak inplementatzea eta baliabideak bideratzea? Berez, aipatutako ekimenak beharrezkoak badira ere, 2021. urtean euskararen irakaskuntzari dagokionez dauden hutsuneak ezagunak dira.
Neurriak inplementatzeko eta baliabideak bideratzeko, estrategia bat beharrezkoa da. Horregatik, graduondoko plan berri bat prestatu behar dugu.
Aurten, hasteko, lanbide masterren arloa euskaratzeko estrategia landuko dugu garatzen hasiko garen graduondoko planean, eta, horren arabera, hartu beharreko neurriak ere definituko dira.
24- Jardueren programak honakoa dio 2.2 puntuan: “Unibertsitateko Estatutuak berritzeko zirriborro bat egitea, irakasle-ikertzaile doktore ez iraunkorren ordezkaritza hobeto egokitzeko dagokion ordezkaritza organoetan”.
Estatutuak berritzeko prozedura horri noiz helduko zaion galdetu nahiko nuke, alegia, zein epe aurreikusten den.
Mila esker.
Gure asmoa da klaustroko estatutuen batzordeari proposamen bat helaraztea. Horretarako, proposamenaren testua Gobernu Kontseiluari aukezteko zaio ekainean edo uztailean. Gobernu Kontseiluak onartuko balu, geroago aurkeztuko lioke klaustroari erreforma-proposamena, Estatutuen 242.2 artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraituz, klaustroak erreforma izapidatzeko.
25- “AZPko langileen eta irakasle-ikertzaileen lanpostuen zerrendak digitalizazioak eta unibertsitatearen helburu estrategikoek ekarritako premia berrietara egokitzea.”
Galdera: Aspaldidanik gerentziak UPV/EHU digitalizatzen ari da zerbitzuak pribatizatuz, unibertsitateko lanpostu zerrendak handitu ordez. Urtero 2.481.015 € gastatzen du UPV/EHUk informatika enpresa pribatuetan. Ez dira proiektu puntualak, estrukturalak baizik: CAU, GAUR, Kontabililitatea, Egoitza elektronikoa, etab. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 2015-2018ko Unibertsitate Planetik ateratako datuen arabera, urtero 2.400.000 euro gastatuz lanpostu zerrendako 40 lanpostu sortu daitezke. Digitalizazioaren premia zahar eta berrietara egokitzeko zenbat lanpostu sortuko dira?
GAUR, IKERTU eta egoitza elektronikoa bezalako zerbitzuak mantentzeko enpresa pribatuak azpikontratatzen jarraituko duzue?
Plantillako plaza berriak sortzeko, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar da. Behin baino gehiagotan eskatu izan da plaza berriak sortzea, besteak beste, prozesuen digitalizaziotik eratorritako premiei erantzuteko, orain arte baimen hori lortu gabe. Hori dela eta, ikasturte honetarako ez da plantillako plaza berririk sortuko. Eta, beraz, barne-gaitasuna nahikoa ez den garapenetan, kontratuak egin behar dira kanpoko enpresekin.
Nolanahi ere, gure jardueran funtsezkoak diren jarduerei euskarria ematen dieten aplikazioen barne-garapenak lehenetsi dira (esklusiboki edo kanpo-laguntzarekin), ikerketako, goi-mailako hezkuntzako eta ezagutzaren transferentziako zerbitzu publikoari erantzuteko dugun eginkizuna betetzeko. Beste unibertsitate batzuek edo beste administrazio publiko batzuek dituzten kudeaketa-premia komunei erantzuteko, software librea egokitzea erabaki da kasu batzuetan, eta software komertziala erostea beste batzuetan.
UXXI edo Meta4 bezalako kanpo-aplikazioak erabiltzen diren kasuetan, gure unibertsitatearen eskakizunetara eta espezifikotasunera egokitzeko pertsonalizatuak direnak, partida bat bideratu behar da aplikazio horiek mantendu eta laguntzeko.
26- “Irakasle-ikertzaileen prestakuntza hobetzea, irakaskuntza-metodologiak eraldaketa digitalaren arora eta diseinu unibertsalera egokitzeko. 6. AZPko langileentzako prestakuntza erraztea eta areagotzea, beren lan jarduera hobetu eta egokitu dezaten eta, batez ere, unibertsitate osoaren eraldaketa digitalera egokitu daitezen”.
Galdera: Oraintxe, langileentzako Microsoft Office 365-eko ikastaroak eskeintzen ari dira, baina ez LibreOffice ezagutzeko ikastaroak. EHUko posta elektronikoa Microsoft-en esku uzteko proiektua aurrera doa, poliki-poliki. Oraingo langile eta ikasleenak ez, baina etorkizuneko langile eta ikasleen e-postak multinazional baten esku uzteko asmoa du errektoretza taldeak.
Irakasle-ikertzaileek eta AZPko langileek eraldaketa digitalerako behar dituzten tresnak aukeratzeko orduan lehenetsiko al da software librea eta EHUk azpiegitura informatiko propioak izatea? Irakaskuntza-metodologiak software pribatiboko tresnetara egokituko dira?
Ez dugu asmorik inor behartzeko Microsoft erabiltzera, beste aukera batzuk ere badaude.
27- “AZPko langileek, ikasleek, eta irakasle-ikertzaileek telematikoki egiten dituzten izapideetarako behar den denbora murriztea. Aplikazioetan sartzeko eta haiek erabiltzeko interfazeak sinplifikatzea, eta erabiltzaileen premia teknologikoetara egokitzea.”
Galdera: GAUR eta IKERTU aplikazioak EHUko langile eta azpikontratatutako langileen artean mantentzen da. 2006tik gutxi gora behera azpikontratatutako enpresa berak egon dira lanean. Aurten UTE horrek kontratua galdu eta beste enpresa batek hartuko du lana. UTEko langileek beraiekin eramango dute aplikazioen jakintza.
GAUR eta IKERTUko aplikazioen interfazeak sinplifikatzeko zenbat denbora aurreikusi duzue?
Zergatik Irakasle-ikertzaileen kurrikuluma 4-5 plataforma ezberdinetan (IKERTU, Unibasq, ANECA,…) sartu behar da eta ez IKERTU plataforman soilik?
GAUR programaren sinplifikazio-prozesua oso konplexua da, aplikazioa bera bezala. Ez da aurreikusten jarduera-plan hau (ikasturte akademiko bat) indarrean dagoen bitartean osatu ahal izango denik. Une honetan, aplikazio berri bat lantzen ari gara, ikasleen sarbidea kudeatzeko eta GAUR eta gainerako aplikazioak mikrozerbitzuetan eta taula nagusietan oinarritutako arkitektura berri baterantz eramateko. Horri esker, garapen azkarragoak eta intuitiboagoak lortuko dira, eta erabilera errazagoko aplikazioak abiaraziko dira.
Komeni da zehaztea, ez dela egia, GAUR aplikazioari buruzko ezagutza, garapenean lagundu duen enpresak eramaten duenik, baizik eta unibertsitatean bizi den ezagutza dela.
Curriculuma hainbat formatutan mantendu beharra dago, deialdi batzuetan berariazko formatuak eskatzen direlako. Unibertsitateak kudeatzen dituen deialdietan, IKERTUk ematen duen formatua erabil daiteke. Nolanahi ere, azken urteotan gehien eskatzen den formatua CVN da (Curriculum Vitae normalizatua) edo haren bertsio murriztua CVA (Curriculum Vitae laburtua), Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatua.
28- “Administrazio elektronikoaren garapena osatzea, kudeaketa prozesu guztiak unibertsitate digitalizatuaren ikuspegitik berriro diseinatuz eta administrazio izapideak sinplifikatuz eta arinduz.”
Galdera: Hasiera batean egoitza elektronikoa eta irakasleen baimenak kudeatzea unibertsitateko baliabideekin egin zen. Beranduago gerentziak CONNECTIS ICT SERVICES, S.A.U enpresa kontratatu zuen, UPV/EHUk dituen baliabideak erabili ordez. TIWORKS plataformaren bitartez prozedura gehiago martxan jartzeko egoitza elektronikoan, 5 urtetan zehar enpresa horrek 874.880€ko gastua egin du. Hala ere, plataforma hori alde batera utziko da ez dituelako UPV/EHUko beharrak betetzen. Aplikazio honen bitartez langileen dietak baino ez dira kudeatzen gaur egun.
Egoitza elektronikoaren diseinu berria egiteko, Idazkaritza nagusiak beste plataforma pribatu bat aukeratu du, TANGRAM izenekoa eta kanpoko beste enpresa bat kontratatu du plataforma hau martxan jartzeko eta mantentzeko. UPV/EHUk dituen baliabideak erabili beharrean, dirua esku pribatuetara berriro ere.
Zenbat aldiz “berriro diseinatu” beharko da egoitza elektronikoa?
Zenbat diru gehiago joango da esku pribatuetara egoitza elektronikoa martxan jartzeko?
Egoitza elektronikoaren diseinua bizia da; izan ere, funtzionalitate berriak gehitu ahala, doikuntzak eta eguneratzeak egin behar dira. Erregistro elektronikoari dagokion zatia oso aurreratuta dago. Beste modulu batzuetarako, diseinuaren aurreko zehaztapen-fasea hasten ari da. Garapen horiek egiteko, bertako langileak kanpoko enpresen laguntzarekin inplikatzea aurreikusi da, abiaraztea arrazoizko epe batean osatu ahal izateko (ez ikasturte honetan).
Horrez gain, adierazi behar da garapenak ez ezik, horiek egiteko tresnak ere zaharkituta geratzen direla, teknologiak etengabe aurrera egiten baitu, eta horrek irtenbide berriak etengabe aztertzea eskatzen du.
29- “Ikerketa eta ezagutzaren transferentzia. Aukeren bilaketa sustatzea, ikertzaileek diziplina anitzeko proiektuetan parte har dezaten era askotako deialdietan.”
Galdera: Askotan aipatzen da diziplina anitzeko ikerkuntza bultzatu behar dela, baina ez dago batere argi halako ikerkuntza ondo baloratzen den konpartimentu estanko diren ebaluazio batzordeetan. Zerbait egingo duzu diziplina anitzeko ikerkuntza hobeto baloratua egoteko?
Bide horri jarraitu behar diogu, diziplina anitzeko lankidetza eskatzen duten gai konplexuak jorratzen dituzten proiektuak aurkez daitezen bultzatzeko. Horretarako, ebaluazio-batzordeak koordinatu egin beharko dira ebaluazio-prozesuetan.
30- “Prestakuntza atala. Gradu eta graduondoetan euskarazko irakaskuntza areagotzea eta finkatzea. Lanbide masterretan euskarazko ikasteko aukera bermatzea.”
Galdera: Bermatuko da GrAL eta MALak euskaraz egiteko eta defendatzeko eskubidea?
GrALak eta MALak jada euskaraz normaltasunez garatu eta defendatzen dira. Zalantzarik gabe, ikasketa-planen egiaztapen-memorietan agertzen diren hizkuntzak bermatu behar dira eta eskubide honen urraketarik detektatuko balitz, egoera lehenbailehen konpontzeko baliabideak ipini.
31- “Webgunearen diseinua amaitzea, hura erabiltzen duten kanpoko nahiz barneko kolektiboen eskaerei erantzuteko.”
Galdera: Noiz utziko duten eskaneatutako .pdf-ak erabiltzen (sinadurak azal daitezen), horrelakoak ezin baitituzte irakurgailuek irakurri itsuentzat.
Aspalditik ari gara lanean irisgarriak ez diren dokumentu eskaneatuak web gunean jarri ez daitezen lortzeko, eta bidean gaude. Nolanahi ere, webgunean berritu diren ataletan pdf-ak soilik jarri daitezke bertan jasotzen den informazioa html formatuan ere badagoenean.
32- Galdera bat daukat Euskararen Plan Gidariaren ingurukoa: III Plan Gidariarekin aurrera egitea-edo aipatu da helburuen artean; baina hori baino lehen, ez al litzateke II Planean agertzen dena bete behar? Adibidez, derrigorrezko irakasgai batzuk, II Planaren arabera euskaraz ere eman beharko liratekeenak, oraindik erdara hutsean ematen dira. Zein da arazo horren inguruan dagoen aurreikuspena?
Euskaraz ematen beharko liratekeen derrigorrezko irakasgien arazoa ezagutzen dugu. Egia bada gero eta irakasgai gutxiago dagoen egoera honetan, euskalduntzeko gelditzen diren gutxi horien egoera banan bana aztertzen ari gara irtenbide bat emate aldera. Gure helburuen artean dago III. Plan Gidaria amaitzerako, hau da, 2022. urtearen amaierarako derrigorrezko irakasgaien arazoarei irtenbidea ematea.