LABek Lan Ikuskaritzan salaketa kolektiboa aurkeztu du gaur, lan estrukturalak egiten Lan Postuen Zerrendatik (LPZ) kanpo edota plaza hutsetako kontratuekin urte asko daramaten UPV/EHUren Administrazioa eta Zerbitzuetako langileen izenean. LABek, lan kontratudun edo behin-behineko AZPkoen eskubideak aldarrikatzen ditu, eta egonkortasunaren onarpena exijitzen du beste behin ere.
Beharrezko salaketa da hau, UPVU/EHUren Zuzendaritzaren utzikeria, Estatu espainiarrarekiko UGT eta CCOO sindikatuek sinatutako itunen eznahikotasuna (aldi baterako enpleguaren kontsolidazio neurri gisa aurkeztuak) eta Eusko Jaurlaritzak euskal administrazio publikoetan dagoen behin-behinekotasunari aurre egiteko berezko legeak indarrean jartzeko borondaterik eza ikusita.
Ekimen hau LABek UPV/EHUren aldi baterako langileen egonkortasunaren eta enplegu publikoaren defentsan duen estrategiaren baitan kokatu behar da. Hamabost urte dira honezkero gure ekimen batek Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak beharrezko babes legala eman zuela AZPko 634 langilek enpleguan egonkortasuna eskuratzeko.
2011n, LABek unibertsitate Zuzendaritzari 2006an hitzartutako egonkortasun zerrenda zabaltzeko proposamena egin zion. Horretan Lan Postuen Zerrendatik (LPZ) kanpo zeuden aldi baterako eta behin-behineko pertsonal berria eta LPZren plaza hutsetan zeudenak sartu nahi genituen. Baina, nahiz eta Errektoregaien programetan modu batez edo bestez proposamena hori jasoa izan, behin kargura helduta, emandako hitza jan egin dute edota hitz emandakoa ez dute akordiotan islatzen jakin.
Duela gutxi ere, LABek ekimen ezberdinak bultzatu ditu egonkortasunaren defentsan. Horien artean, 2018ko Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) Aurrekontuei proposatutako zuzenketa –UPV/EHUn 7 urte lanean zebilenari egonkortasuna onartzen ziona eta 4 urte baino gehiagoko aldi baterako kontratuak LPZko plaza bilakatu beharra planteatzen zuena–. Zoritxarrez, PNVk, PPk eta PSEk kontra bozkatu zuten eta zuzenketa ez zen onartu. Berriki, EAEko funtzio publikoaren Mahai Orokorrean onarpen hori ere exijitu dugu, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen proiektuan horretarako bermeak proposatu ditugularik.
Orain, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren epaiek Estatu espainiarrean ematen den aldi baterako kontratazioaren gehiegizko erabileraren harira, administrazio publikoetako lan-kontratudun pertsonalari mugagabe ez finko izaera onartzen ari zaio. Onarpen hori Langileen Estatutuan eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan biltzen diren betebeharretan onarritzen da.
Bien bitartean, UPV/EHUko LAB, estatu mailako itunek marraztutako eta 2017 eta 2018ko Aurrekontu Orokorretan islatutako Lan Eskaintza Publiko masiboen aurka azaldu da, Enplegu-Erregulazioko Espediente (EEE) masibo bilakatu daitezkeelako. Horren ordez, LABek enplegu publikorako sarbide prozesuek aldi baterako AZPkoen eskubideak bermatzea exijitu du. Eta lortu dugu gutxieneko baldintzak biltzen dituen akordioa etorkizuneko deialdietan ere bete behar izatea.
LAB jakitun da mugagabe ez finko bezalako aitorpenak ez duela suposatzen enplegu publikoaren prekarietatea eta behin-behinekotasunaren erabateko konponketa. Baina, aldiz, gure ustetan, UPV/EHUko aldi baterako AZP funtzionario edo laboral guztiaren eskubide pertsonal eta kolektiboen aitorpenari atea zabaldu diezaioke.