LABen aldarrikapenak 29ko Claustroan ere izango dira

LABen aldarrikapenak klaustrora iritsi dira. Errektorea interpelatua izango da erretiro-akordioak baliogabetzeari buruz, alde bakarreko lanaldi-aldaketei buruz, pribatizazioei buruz, genero-politikak urratzeari buruz eta plantilla berritzearen irizpide ezari buruz.

Kudeaketa txostena. Genero ikuspegia eta inpaktua

UPV/EHUk 2017tik 2021era Berdintasuna zifratan izenburuaz argitaraturiko txostenean jasotzen den bezala, unibertsitateko langileen artean emakumeen presentzia gero eta handia dagoen arren, oso nabaria emakumeek arazo gehiago dutela karrera gora egiteko orduan, eta postu altuetan (AZPko 27. eta 28. mailako edo tauletatik kanpoko kolektiboetan; edo, IRIen kasuan, katedradun, IP edo dekanoen kolektiboetan, esaterako) gizonak nagusi direla ezin ukatu den errealitatea da.

Diagnostikoa hori izanda, iraungitzear dagoen UPV/EHU-ko III. Berdintasun Planean (2019-2022), emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lan eremuan bultzatzeko neurri batzuen artean AZPkoak hautatzeko prozesuetan berdintasun klausulak mantentzea ezarrita dago (Pertsonak ardatzeko 4.3. puntuan), baita Unibertsitateko lidergo postuetan eta goreneko agintaritzetan emakume gehiago izatea sustatzea (“emakumezko katedradunak eta irakasle osoak, emakumezko ikertzaile nagusiak proiektuetan eta ikertaldeetan, emakumezko goi mailako kargudun akademikoak”) ere (Gobernantza ardatzeko 5.3 puntuan).

Kontuan hartuta, halako postuetara heltzeko urte batzuetako karrera garatzea beharrezkoa dela, Gobernu Kontseiluak onartu berri duen “Giza baliabideak arrazionalizatzeko planaren inguruan (I. fasea): erretiro egoerara iragateko neurriak” planean ezarritako neurri batzuek erretiro-adina atzeratzeko efektua izango duela, eta, karreran sartzeko atea ezarritako gainjartze-tasak (aurreko urtean erretiroa hartzen duten pertsonen kopuruan oinarrituta) mugatzen duela, argi dago eragin zuzena izango duela jende gaztea sartzeko orduan, eta administrazioak aitortu zigun bezala, gazteen artean emakumeen presentzia handiagoa dela eta.

Honako hau galdetu nahi dut:

Giza baliabideak arrazionalizatzeko plan honen lehenengo fase honetan (erretiro egoerara iragateko neurriak) harturiko neurriek Genero ikuspegitik izango duten inpaktua aztertu da? Horrela bada, zergatik ez da aurkezturiko planarekin batera aurkeztu?

Berdintasuna zifratan txostenetan jaso ez arren, aztertu da zein den orain arte indarrean izandako akordioen arabera, erretiroaren pizgarriak (diru-sarietan zein ordu-murrizketetan) emakumeen portzentaia, horren araberako berdintasun- neurriak hartu ahal izateko? Izan ere, Oneka emakume pentsiodunen elkarteak behin eta berriz agerian utzi duenez, zaintzarekin loturiko beharrak direla medio, erretiroa aurreratzeak gehiago zigortzen ditu emakumeak, gizonezkoak baino. Aurreikusi da, nola inolako pizgarririk gabe, unibertsitateak areagotu ahal duela emakumeen ezberdintasuna? Hurrengo urtean martxan jarri beharko litzatekeen IV. Berdintasun Planari begira diagnosian zifrek errealitatearen argazkia eman aurretik, horren azterketa egiteko prest dago EHU?

Kudeaketa Txostena: Lan bizitza hobetuko duten planak bultzatzea,….

Errektore hori, kudeaketa txostenean aipatu ez arren, urriaren 20an EHUko Gobernu Kontseiluak onartu zuen Giza Baliabideak arrazionalizatzeko plana, bertako langile ororen gogoetan dago. Horren harira derrigorrez galdetu behar dizut, ea indarrean genituen 2015eko bi jubilazio akordioak deuseztatzeko erabili duzun legezkotasun-printzipio berbera , aitortuta ditugun beste eskubide batzuk murrizteko edo ezabatzeko erabiltzeko asmoa ote duzun eta ea legezkotasun-printzipio berbera dela medio Gobernu Kontseiluak urriaren 20an onarturiko plana bera ere deuseztatuko duzun.

Kontziliatzeko eta langileon bizitza hobetzeko indarrean jarri nahi dituzun neurriak dagozkigun eskubide indibidual eta kolektiboak urratu gabe landuko al dituzun ala, aldiz, jubilazio akordioen deuseztatzearekin jardun duzun bezalaxe ekingo diozu lan horiei?

Edozelan legezkotasun-printzipiotik harago, badut zure hitzaren inguruko kezka nagusi bat. Barne arazoak edota arrazoiak ez badira izan jubilazioa akordioak deuseztatzearen zergatia nori eman diozu hitza, hemen, EHUn, zuzendaritzak onartu berri duen Planean jasotzen diren neurri ultra liberalak ezartzeko? Deuseztatze hori izango da eredua aurrerantzean zure hitzen itzalean irakurri beharko duguna?

Kudeaketa txostena. Pertsonak (badaude?), Gobernantza eta (gizatiarriak?) baliabideak

Gobernu Kontseiluak 2022-10-20an “UPV/EHUko giza baliabideak arrazionalizatzeko plana (I. fasea): erretirora iragateko neurriak” onesteko erabakia hartu du.

Bertan aipatzen denez, 2015ean onartutako bi akordioek “plantillaren errelebo ordenatua sustatzeko neurriak jasotzen dituzte”. Hain zuzen, orain arte –IRIei dagokionez– erretiroa hartu behar zuten langileek akordio horietan aurreikusitako pizgarriren bat jasotzen zuten (dirutan edo kreditu-murrizketan), horren ondorioz zegokion ikasturtearen lehen edo bigarren lauhilekoaren amaieran lana amaitzeko konpromisoarekin, eta beraz, plantillaren errelebo ordenatua gauzatzen zen.

Onartutako plan berrian IRIei pizgarri ekonomikorik ez zaie onartzen, eta kreditu-murrizketak hartzeko baldintzak asko okertu dira. Hori dela eta, aurreikustekoa da IRI askok erretiroa hartzerakoan konpromisorik ez dutela adostuko unibertsitatearekin, eta beren adina eta kotizazio-urteak uzten dien egoerarekin hartuko dutela erretiroa: MUFACEkoek 60 eta 70 urte bete bitarteko edozein unetan, eta IRI laboralek egoeraren arabera (erretiro partziala, aurre-erretiroa edo erretiro arrunta), adin egokia betetzerakoan.

Irakasleek erretiroa ikasturtean zehar hartzen badute, Sailek egiten duten urte osorako irakaskuntzaren planifikazioa zailagoa izango da, eta utzitako plazak ordezkoekin konpontzea –Errektoreak Gobernu Kontseiluan hala adierazi baitzuen–, arazo larria izango da irakaskuntzaren kalitaterako.

Unibertsitateko zuzendaritzak plantillaren errelebo ordenatua ikasturtean zehar kontratatutako ordezko irakasleekin antolatuko du? Zuzendaritzak ez du aurreikuste n Sailek egiten duten planifikazioa ordenatu beharrean, erabat “desordenatuko” dela?

Errektore andreak ez du uste hau guztia irakaskuntzaren kalitatearen eta unibertsitatearen eszelentziaren aurka doala?

Kudeaketa txostena. Unibertsitatearen itxiera langileak kontuan hartu gabe

Pertsonak atalean, 7.1 puntuan hauxe dio:

Lan bizitza hobetuko duten planak bultzatzea, unibertsitateko langile motibatuagoak eta osasuntsuagoak izateko. Arreta berezia jartzea kontziliazio neurrietan eta telelanaren planaren egokitzapenean.
7.1. Indarrean diren lanaldiak aztertzea, telelana barne, unibertsitate zerbitzuaren prestazio eraginkortasunean duten inpaktua ebaluatzeko, eta beharrezkoak diren egokitzapenak egitea lanaren eta familiaren arteko kontziliazioaren alorrean

Puntu honetan ekintza deitoragarri bat aipatzea ahaztu zaizu: AZPko langileen lan baldintzak aldatu dituzue, 2022ko abuztuan unibertsitatea bi astez itxi eta 2023 urte hasieran beste aste betez ixten duen erabakia hartzen, langileen ordezkariekin hitzartu gabe. Hori dela eta, AZPko langile oro bere udako oporren bi aste data zehatzetan hartzera behartuta egon da eta Gabonetako txanda errekuperatua, egun zehatzetan hartzera ere behartuta egongo da. Langileon eskubideen kontrako erabaki larria eta kontziliazioari kalte egiten dizkion erabakiak dira.

Neurtu duzue langileen motibazioa aipatutako neurriak aldebakarrez hartu eta gero? Uste duzue erabaki horiekin lana eta familiaren arteko kontziliazioa hobetzen dela?

Kudeaketa txostena. Software librea

Prestakuntza atalean hauxe dio 12.3. puntuak:

Pandemia ostean irakasteko tresna digitalak berrikustea, eta eGela/pi plataforman sar daitezkeen software libreko aukerak aztertzea.

Bideokonferentzia jitsi sistema montatu da eta lan kolaboratiborako openoffice tresnetarako zerbitzari bat montatzearen aukera aztertzen ari da.

Errektoretza talde honek hartu dituen azken erabakiak, hain justu, software librearen bidearen kontrakoak izan dira. Adibide gisa: UPV/EHUko ikasleak orain arte @ikasle.ehu.eus posta elektroniko postontzia software librean oinarritutako eta unibertsitatean ostatutako Dovecot sisteman izan dute. Errektoretza talde honek hartutako erabaki baten ondorioz, 2022/23 ikasturtean matrikulatutako ikasle orori, UPV/EHUko posta elektronikoa Microsoften M365 hodeian sortu zaie, horrek suposatzen duen IKTen pribatizazioa, ikasleen datuen galera eta software pribatiboaren aldeko apustuarekin.

Hori guztia txostenean aipatu ez eta bideokonferentziak egiteko jitsi sistema bat muntatu dela aipatzen duzu. UPV/EHUn halako sistemarik ez dugu ezagutzen. Sistema hori zehazki non dagoen muntatuta jakin nahi genuke.

2 erantzun “LABen aldarrikapenak 29ko Claustroan ere izango dira” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.