LABen balorazioa irakasleak ordezkatzeko poltsen arautegi berriaren inguruan

Azken hilabete honetan egin da, azkenean, aspalditik eskatzen ari ginen lan poltsen araudiaren moldaketaren negoziazioa. Orain dela urtebete, LABetik aldaketa proposamen zabal bat prestatu genuen, afiliatuen ekarpenekin osatu genuena. Baina, 2021eko uda aurretik bilera pare bat egon baziren ere, otsailaren bukaera arte Errektoreordetzak ez dio gaiaren negoziazioari berriz ekin, martxoaren 31ko Gobernu Kontseilura araudi berria eramateko asmoz. Denboraz estu ibili gara hain negoziazio garrantzitsuari ekiteko. Arautegi berriak LABek luzatutako aldaketa esanguratsuak jasotzen baditu ere, gure beste ekarpen batzuk kanpoan geratu dira. Hala ere, arautegia hobetzea lortu dugula iruditzen zaigu, eta akordioa sinatzea erabaki dugu.

Lan-poltsa bakoitzeko zerrenda baten lekuan bi zerrenda izatea da arautegi berriak jasotzen duen aldaketa nagusia. Bata doktoreen zerrenda izango litzateke eta bestea ez-doktoreena, eta doktoreen zerrendak izango luke lehentasuna. Hasieran errektoreordeak doktoreak ez direnen zerrenda ateratzearen erabakia sailen eskutan jartzen zuen. Irakasle batzuk lan poltsetara aurkeztu ezinda geratuko lirateke horrela. Bi zerrenda egotea ez dugu egokia ikusten, baina hori aldatzea lortu ez badugu ere, gutxienez, sailek aldi berean bi zerrendak derrigorrez atera behar izatea lortu dugu. Modu horretan, doktoreen zerrenda agortzen bada, ez doktoreen zerrendara joko litzateke, sail guztietan.

Honi lotuta, eta nahiz eta ez-doktoreen zerrendetan egoteko diplomatura zerrenda murriztu (guk eskatzen genuenaren kontrakoa), aipatu behar da ere, gradua ez daukaten doktoreek doktore-zerrendetan egon ahal izango dutela (LABetik eskatu genuen bezala). Modu honetan, EHUn gertatu diren zentzugabeko kasu batzuk berriz gertatzea ekidingo da, non doktoreak zerrendetatik kanpo utzi zituzten.

LABek borrokatzen duen prekarietatea arintzeko neurri garrantzitsua gehitzea ere lortu dugu. Orain arte, lan poltsetako 7.2 e) artikuluak bi plaza partzial elkartzeko baldintza nagusi bat zuen: plaza gordeta izatea. Baldintza horregatik, sail bakoitzean gehienez bi irakasle partzial egotea ezarrita zegoen arren, zirrikitu bat sortzen zen. Ondorioz, lan poltsetatik nahi beste irakasle elkarturen plaza huts bete zitekeen, eta horrek lanaldi partzialeko irakasleen kopurua igo du saila ugarietan. Hemendik aurrera, ordezkapen hauek kontuan hartuko dira lanaldi partzialeko beste ordezkapenekin batera. Honek lanaldi partzialeko ordezkapenen kopurua gutxituko du, lanaldi osoko ordezkapenen kopurua igoz.

Edozein kasutan, LABetik behin eta berriro aipatu dugunez, elkartu lanpostuak unibertsitate kanpoko profesionalak bete behar dituzte. Beraz, ordezkapen hauek ikasturtea amaitu arte mantendu beharko lirateke, hutsik geratu ziren lanpostu horiek hurrengo ikasturtean konkurtsora berriro ateraz. Honi lotuta, LABetik defendatzen dugu figura hauen erabilera zuzena egitea, hau da, elkartu lanpostuak sortu/mantendu bakarrik beharrezkoa denean, klaseak era merkean emateko erabilera okertua ekidinez. Gainera, hainbatetan esan dugunez, beharrezkoa ikusten dugu epe motzean 40/2008 eta 41/2008 dekretuak epe motzean aldatzea, lanaldi partzialeko irakasleen zeregin guztiak kontuan hartuz eta soldatak handituz.

Bestalde, arautegi berriak, LABek proposatzen zuen moduan jakintza arloen arteko kidetasun-maila zehatzak jasoko dituen kidetasun mapa bat egiteko konpromisoa jasotzen du, nahiz eta hori egiteko ezartzen den epea luzeegia iruditzen zaigun (2024ko maiatza). LABek garrantzitsutzat hartzen du aspektu hau, batzorde akademiko batek garatu beharko baitu jakintza arlo bakoitzerako kidetasun taula hau eta, horrela, ebaluazioan aplikatzen diren haztapen-faktoreak taula horretan oinarrituko dira, arbitrariotasuna murriztuz.

Horiez gain hauek lirateke, LABen iritziz, arautegi berriak jasotzen dituen hobekuntza nagusiak:

  • Ebaluazio batzordeek protokolo espezifikoa zehaztu eta publikatu beharko dute hautagaien espedienteak izan baino lehen.
  • LABek proposatuta lortu da irakaskuntzari lotutako hainbat meritu  baloratzea, esaterako, irakaskuntzari lotutako artikulu edo kongresuetako komunikazioak.
  • Euskara atalari egokitutako puntuazioa handitzea lortu ez badugu ere, euskararen ezagutzarekin lotura daukaten merezimenduak zehaztea, emandako irakaskuntza-berrikuntzari buruzko ikastaroei euskaraz izatekotan emandako puntuazioa x1,5 biderkatzea, eta tesia euskaraz egitearen meritua jasotzea lortu dugu.
  • Kontratatzen diren irakasleek eskolak prestatzeko egun batzuk izatea proposatu zuen LABek. Testuak guk nahi genukeen zehaztasunik ez badu ere ondokoa jasotzea lortu dugu gutxienez: “Sailek, ahal den heinean, laguntza emango diote ordezkoari eskolak ematen hasteko, batez ere, eskaintza hartu eta astebete pasa aurretik hasten bada lanean”.
  • Berdintasunari dagokionez, ebaluazio-batzordeen osaerak emakume eta gizonen arteko oreka gorde beharko du, LABek eskatzen zuen moduan.
  • Gure eskaerez, ikus-entzunezko arloetan, produkzioak (book-ak eta antzekoak) baloratu ahal izatea espresuki jasotzen da.
  • Ordezkoa egiteko zerrendakideei abisatzean, guztiei jakinaraziko zaie eta prestasunari buruz erantzun beharko dute. Aldeko erantzunen artean hasiko da deitzen. Ordezkapenerako hautagaiak jakinaren gainean egotea eta baietza emango luketen zerrenda izateak prozedura azkartuko du, saileko irakasle batzuentzat baita ikasleentzat egoera hauek suposatzen dituzten eragozpenak arinduz.

Hasieran esan dugun moduan, arautegi berriak aspektu positiboak badituela ikusi arren, prozesuaren gardentasuna eta bermea areagotzeko eta arbitrariotasuna gutxitzeko LABek proposatutako zenbait neurri jaso gabe geratu dira. Baremoaren zehaztasunen arduraduna ebaluazio batzordea beharrean saila bera izatea, ebaluazio-batzordearen esku geratzen diren bederatzi puntuak atal bati esleitzea edota berme-batzorde bat eratzea dira esandakoaren adibide, besteak beste.

LABek zintzotasunez ekin dio negoziazio prozesu honi. Beste gai batzuetan ere, bideak ez ixtea eta negoziaketarako aukerak zabaltzea eskatzen diogu unibertsitateari, adibidez, irakasle partzialen soldaten inguruan, aldi baterako langileentzako seiurtekoen inguruan, etab.

Bukatzeko, ez genuke aipatu gabe utzi nahi, ebaluazio prozesua arintzea eta ebaluazio batzordearen lana Jardun Akademikoko Planean aitortzea eskatzeko ere aprobetxatu dugula. Alderdi zehatz hau ez da araudi batean jasotzeko puntu bat, baina ebaluazio batzordeetan egindako lana aitortu behar da.

Erantzun bat “LABen balorazioa irakasleak ordezkatzeko poltsen arautegi berriaren inguruan” bidalketan

Iruzkinak itxiak daude.