Plaza iraunkorra okupatzen duten bitarteko irakasleei ez ezik, gainerako aldi baterako irakasle eta ikertzaileei seiurtekoak aitortu eta ordaintzeko bidea ireki du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salak argitaratu berri duen ebazpenak. LABek aurkeztutako helegiteari erantzunez, sententziak jasotzen du aldi baterako langileen eskubidea ikerkuntza ebaluatua izateko baita aitortutakoa kobratzeko ere, eta UPV/EHU, Unibasq eta Eusko Jaurlaritza behartzen ditu epaia betearaztera.
Ibilbide luzea dauka LABek egindako UPV/EHUko langileen arteko diskriminazioaren salaketak, aldi baterako irakasleek irakaskuntza bosturtekoak eta ikerketa seiurtekoak eskatu ezin izatea diskriminazio horren adierazgarri argienetako bat izanda. Azken aldian garaipen batzuk egon dira. Izan ere, 2018ko apirilean UPV/EHUko zuzendaritzak hitzarmen bat sinatu behar izan zuen sindikatuekin aldi baterako irakasleei aitortutako bosturtekoak ordainduak izateko. Seiurtekoen kasuan, gaia teknikoki zailagoa zen, kanpoko ebaluazio agentziak tartean egonda. Hala ere, Madrilgo Justiziako Auzitegi Gorenaren sententzia bat dela medio, 2018ko urtarrilean atea ireki zen aldi baterako irakasle eta ikertzaileek seiurtekoak eskatu ahal izateko. Alabaina, seiurtekoen deialdi moldatuaren anbiguotasunak errektoretzen esku uzten zuen zein kolektibori aplikatuko litzaiokeen ezartzea. UPV/EHUko zuzendaritzak irakurketa murriztailea egin zuen eta UNIBASQ-i eskatu zion agregatu eta funtzionarioen bitartekotasunean ari ziren irakasleei deialdia irekitzea, gainontzeko aldi baterako irakasle eta ikerlartzaileak kanpoan utziz.
Gauzak horrela, bakarrik egoera horretan zeuden aldi baterako irakasleek eskatu ahal izan dituzte seiurtekoak. Hala eta guztiz ere, seiurtekoak aitortuta, oraindik ez da ordainketa bideratu. LABek eskaera egin dio irakasle eta ikertzaile arloko errektoreordeari ordainketa bideratzeko, bosturtekoen ordainketa ahalbidetu zuen antzeko akordio baten bidez. Momentu honetan, zuzendaritzak akordio-proposamena Negoziazio Mahaira eramatea itxaroten ari gara. Ematen du hurrengo asteetan erdietsi daitekeela akordio bat honen inguruan, baina erne mantendu behar dugu.”
Seiurtekoen deialditik kanpo utzi zituzten langileen kasuan, LABek helegite bat aurkeztu zuen langile hauek deialdian parte hartu ahal izateko. Irailaren 11n, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salan izan zen UPV/EHU, Unibasq eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako epaiketa. LABen eskariaren aurrean EHUko abokatuek kontra egin zuten, argudio ezberdinak erabiliz, horietako batzuk nahiko deigarriak: “que el profesor adjunto tiene limitada la contratación a cinco años, por lo que no se le puede valorar un sexenio de investigación; que no estamos ante un conflicto colectivo, puesto que no existe un grupo homogéneo de trabajadores afectado…”.
Hala ere, urriaren hasieran argitaratutako sententziak onartzen du LABen helegitea eta aitortzen du espresuki aldi baterako langileen eskubidea ikerketa merituak ebaluatuak izateko, baita, aitortuak izatekotan, haiek kobratzeko. Sententzian jasotzen dira esaldi batzuk oso argigarriak:
- aprecia este Tribunal que no existe justificación para que el personal laboral temporal no tenga acceso a la evaluación de méritos investigadores
- no existe ningún criterio objetivo y trasparente, -empleando la terminología del TJUE-, que justifique la desigualdad constatada hacia el colectivo demandante.
- Concluimos (…) que el colectivo afectado por el conflicto se encuentra en una “situación comparable” con el personal laboral indefinido para acceder a la valoración de los méritos.
LABetik beti adierazi dugu UPV/EHUko irakasle eta ikerlarien soldatak duindu behar zirela eta osagarrien sistema (bosturtekoak, seiurtekoak, gainontzeko osagarriak…) soldata baxuak osatzeko “partxeo” bat baino ez zela. Hau esanda, seiurtekoen deialdiak ikerketa merituak saritzeko sortu bazituzten, zergatik ez zabaldu irakasle-ikertzaile guztiei? Meritua badago, zergatik ukatu?
Sententzia behin argitaratuta demandatuek bost egun dauzkate kasazio-helegitea jartzeko. LABek EHUko zuzendaritzari eskatzen dio sententzia hau onartzea eta aplikatzea. Hainbestetan aipatzen diguten bikaintasuna lan-harremanen arloan ere aplika dezatela. Aukera paregabea daukate oraingoan langileen arteko diskriminazioarekin bukatzeko beren borondatea erakusteko.
UPV/EHU, IRAKASLE ETA IKERTZAILE EZ-IRAUNKORREN DISKRIMINAZIOAREKIN AMAITU!!!