LABen eskaerak ikasturte berriaren irakaskuntzari buruz

Covid-19aren pandemiak sortutako larrialdi egoerak lan modua moldatzera behartu gintuen EHUko langileoi, non ikasleek ikasturtea erarik normalizatuenean jarraitzea lehentasuna zen. Martxoan irakasleok ekin genion irakaskuntza moldatzeari klaseak online eman ahal izateko. Handik gutxira ebaluazioa ere online modalitatera moldatu genuen. Honek guztiak gainesfortzua ekarri die irakasle gehienei, baita kontziliazio arazoak eta teknologiarekiko arrakalak ere askori, LABen afiliatuei zuzendutako inkestaren emaitzetan ikusi genuenez.

Oraindik ez dakigu nolakoa izango den 2020-21eko ikasturtearen hasiera ezta ea EHUko zuzendaritzak agertoki ezberdin posibleak definitu dituen, bakoitzari aurre egiteko dagozkion neurriekin. Irakaskuntza presentziala lehenesten bada ere, oso posibilitate erreala da, pertsonen arteko tarteak mantentzeko asmoz, ikasle taldeen ikasle-kopurua txikiagotzea irakasgai eta irakas-modalitate askotan. Gauzak horrela, gerta daiteke magistralak eta “teorikoagoak” diren klaseetan ikasle batzuek aurrez aurreko irakaskuntza izatea eta beste batzuek onlinekoa jasotzea aldi berean, egunetan/astetan zehar txandakatuz. Era berean, praktikoagoak diren modalitateetan posiblea da talde txikiagoak egotea eta, beraz, talde gehiagori klase presentziala eman behar izatea. Irakasle eta ikertzaileek etxetik lan egiteak zein ikasle-talde mugatuekin era presentzialean lan egiteak ondorioak izango dituzte, bai ikasleengan baita langileen lan-baldintzetan. Hori dela eta, afiliatuekin izandako elkar-trukaketa prozesu baten ostean, honako hauek dira LABetik irakasle eta ikertzaileen errektoreordeari helarazi tako eskaerak:

1- Kontziliazio neurriak indartu langile bakoitzaren egoera kontuan hartuz, irakasle-ikertzaileek etxetik irakasten dutenean modu egokian egin ahal izateko, eta neurri horiek irakasle-ikertzaileen jardunean (murrizketak, eszedentziak) eta soldatan ondoriorik izan gabe.

2- Irakasle-ikertzaile guztien baliabide teknologikoak EHUtik bermatu, langileentzako kostu ekonomikorik gabe. Etxetik lan egin behar badu, bakoitzak bere EHUko ordenagailua etxera eraman ahal izateaz gain, internet konexioa jarri edo honen ahalmena handitu behar izatekotan, EHUk hartu behar du bere gain. Etxeko lan tokiaren alderdi ergonomikoak aztertu behar dira eta behar diren kasuetan tresneria eta ekipamendu egokia eskaini behar dio EHUk irakasle-ikertzaileei. Dagokion softwarea jarri behar da irakasle-ikertzaileen eta ikasleen eskuetan beharrezkoa denean, eta IKTko teknikariek zerbitzua eman behar diete erabiltzaile guztiei, nahiz eta ordenagailu propiotik aritu.

Era berean, online irakaskuntza ezinbestekoa bada, ordenagailua ez duten ikasleei begirako ordenagailu-mailegu zerbitzu bat martxan jarri beharko litzateke.

3- Irakaskuntza online modura egokitzeko alderdi metodologiko eta didaktikoei buruzko formazio egokia eta nahikoa eskaini uztailean/irailean irakasle guztiei, klaseak online emateko alderdi teknikoetatik (egela, BBC…) haratago.

4- Telelanari lotutako lan-istripuen eta lan-gaixotasunen nondik-norakoak argi zehaztu (zer den, zer ez den, hartzeko neurriak, prebentzioa…).

Horien barruan pandemiak eta itxialdiak eragindako arrisku psikosozialak (blokeoak, “txabolaren” sindromea, beldurrak, indarkeriak) ere kontuan hartuta, EHUk langileen eskuetan uzten duen arreta psikologikorako zerbitzua indartuz.

5- Bajen eta baimenengatiko ordezkapenak ziurtatu, irakaskuntza badago behintzat. Ezin da onartu baja eta baimenengatik, eman beharreko gain-karga horrengatik, beste irakasle batzuek beren irakaskuntza-ahalmenetik pasatzea, ez telelanean egonda ezta era presentzialean egonda ere.

6- Egoera berezi honek irakasle-ikertzaileen ebaluazioetan kalterik ez suposatu.

7- JAPen gaur egun aitortza duten kontzeptuetan murrizketa gehiago ez aplikatu. Kredituak aitortzeko kontzeptuetan etengabeko murrizketa egon da azken urte hauetan, eta oraingo baldintzetan irakasle gehienek irakats zama handiagoa izan dute. Ezin zaie lan gehiago eskatu eta aitortza gutxitu.

8- Laborategietan aktibitateak gauzatu ezin izateak beren lan-garapena atzeratu badu, ikertzaileen kontratuak luzatu.

9- Klaseak aurrez aurre ematen badira eta, ikasgelen/laborategien edukiera mugatua egoteagatik, ikasleak talde gehiagotan banatu behar badira, JAPean jasotako irakats-ahalmenetik ez pasatu. Bakarrik irakats-ahalmen negatiboa duten irakasleek eman ahal izango lituzkete kreditu gehiago, beren ahalmenetik pasatu gabe. Gainontzeko kredituak kontratu berrien bidez eman behar dira, irakasleen plantilla handituz edota lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osora pasatuz.

10- Irakaskuntza banatzeko araudi berria itxi eta argitaratu, irailean bertan aplikatu ahal izateko eta akademiaren deshierarkizazioan pausoak emateko. Gaia ixtear zegoen baina 3 hilabete baino gehiago daramagu irakasle eta ikertzaileen gaien inguruan negoziazio bilera bat izan gabe, behin eta berriro online egiteko eskatu badugu ere…

11- Klaseak aurrez aurrekoak badira, kutsatzeko arriskua dagoen bitartean irakasleak bakarrik klaseak aurrez aurre ematera behartuta egon, gainontzeko zereginetan etxetik egitea posiblea izanda.

12- Lekuari dagokionez tutoretzak garatzeko malgutasuna izan. Ikasleekin kontrastatu ostean, tutoretzak aurrez aurre, online edota ordu batzuk aurrez aurre eta beste batzuk online izateko aukera egon behar da, beti ere, tutoretza presentzialak garatzeko segurtasun-baldintzak ziurtatuta. Edozein kasutan, irakaslea bulegoan ala etxean egonda, ikasle guztiek tutoretza orduetan kontsultak bideokonferentziaz egiteko aukera izan behar dute.

13- Ikasle guztiek edota ikasleen zati batek klaseak online jarraitzen baditu, irakaskuntza ahalik eta era aproposenean eman ahal izateko, ezinbesteko ekipo zein teknikoen zerbitzua ziurtatu. Horretarako, aurretik, behar tekniko eta teknologikoen diagnosia egin behar da. Diagnosi horretan software librearen aldeko apustu egitea garrantzitsua da burujabetza teknologikoa bermatzeko.

14- Praktikotasuna edo esperimentalitatea daukaten irakas-modalitateetan segurtasun-tarteak mantendu ahal izateko ikasle-talde txikiagoak egin behar badira, ekipamendu, material eta azpiegituren aurreikuspena egin ikasturtea hasi baino lehen, eta beharrezkoa den inbertsioa egin.

15- Klaseak presentzialki eta, aldi berean, online garatzen badira, ebaluazio probak ikasle guztiei aldi berean egin ahal izateko edukiera nahikoa duen gela handi bat eskuratu ahal izatea ziurtatu.

16- Ikasleak horrela eskatzen badu, ebaluazio-proben berrikustea presentziala izan, segurtasun-baldintzak ziurtatuta.

17- Irakaskuntza higiene-baldintza onenetan eman dadin, garbiketa-zerbitzuekiko koordinazioa eta hauen errefortzua bermatu, garbiketaren maiztasuna eta sakontasuna askoz handiagoak izan behar baitira.

18- IRAKASLE-IKERTZAILEEI ZEIN IKASLEEI JAKINARAZI BEHAR ZAIE JADA ZEIN DEN IRAILERAKO PLANA EDO PLAN POSIBLEAK, LANA ETA ALDERDI LOGISTIKOAK ANTOLATU AHAL IZATEKO. Ikasturte hasieraren egoera ezin dugu jakin baina agertoki posible bakoitzaren aurrean irakaskuntza antolaketa zein izango litzatekeen diseinatu behar da jada.

Gai honen inguruan iradokizunen bat baduzu jar zaitezke harremanetan EHUko LABeko atal sindikalarekin: lab.leioa@ehu.eus, lab.donostia@ehu.eus edo lab.gasteiz@ehu.eus