Azkeneko mahai negoziatzaileen bileran, 2021eko Abenduaren 9an sinatu genuen Ikertzaileen lan-baldintzen inguruko akordioaren jarraipena egin zen, besteak beste. Akordioak hainbat onura ekarri zien doktorego aurreko eta ondorengo ikertzaileei, baina oraindik EHUko ikertzaile askok prekarizatua izaten jarraitzen du. Akordioan Administrazioak ordainsariak negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen. Horri helduz LABetik 4 eskaera konkretu egin genituen:
- Gaur egun, doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak kalkulatzeko erreferentzia Estatuko Administrazio Orokorreko lan-kontratuko langileen hitzarmen bakarrean jasotzen da (horri aplikatzen zaio urte bakoitzari EPIPFek zehazten dituen portzentajeak). Abenduan sinatutako akordioan 2023 urterako erreferentzia irakasle atxikiaren soldataren % 95ekoa lortu genuen; hobekuntza bada ere, aipatutako bileran irakasle atxikien % 100 (32.509,00 €/urtean) izatea proposatu genuen akordioa sinatu zenetik KPIa 4 puntu baino gehiago igo delako. Ondorengo urteetan jarraituko dugu lanean doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak duindu arte, hau da, egungo laguntzaile soldatara iritsi arte.
- Ministerioko doktoretza aurreko ikertzaile batzuen kasuan, kontratua EPIPFaren aurrekoa denez, 2019ko martxoaren 1a baino lehenagokoa, ez zaie hitzarmeneko soldata berrien egokitzapenak ezarri. LABek EPIPF aurreko soldatak zuzenean egokitzea eskatzen du.
- Margarita Salas kontratudunen kasuan, atzerrian dauden kontratuei hilean 6,39 € gehiago ordaintzen zaie soilik, Estatutik kanpo egoteari lotutako gastuei aurre egiteko. Ordea, 289/2021 dekretuaren arabera, atzerriko kontratuetan hilean 700 € gehiago kobratu beharko lukete. LABetik eskatzen da Estatutik kanpo dauden 18 Margarita Salas kontratudunen soldatak 700 euro gordin igotzea.
- LABek, urte hasieran, EHUk doktoratu aurreko ikertzaileei PFEZren atxikipen bidegabe aplikatzen ziela aurkitu zuenean, horren berri eman zien bai Administrazioari bai langileei, halakorik ez gertatzeko. Hala ere, oraindik orain EHUk atxikipena aplikatzen jarraitzen du. Administrazioak dio arazo informatikoak direla eta gutxienez irailera arte ez dela atxikipen hau kenduko. LABetik lotsagarria ikusten da egoera hau oraindik mantentzea (2022ko apiriletik EAEko ogasun sailek onartu zuten ez zela atxikipena aplikatu behar, duela jada 3 hilabete!). Kontuan izan atxikipena kenduz gero hilean soldata 97 eta 247 euro artean igoko litzatekeela. LABek PFEZ gaineko zergaren salbuespena uztaileko nominan bertan burutzea eskatu zuen.
Horregatik, LABetik negoziazioarekin jarraitzeko eskaera egiten diogu zuzendaritzari, eta egin ditugun eskaera hauei erantzuna ematea ahalik eta lasterren.
Lan baldintza duinak EHUko ikertzaile guztientzat!
Erantzun bat “LABetik ikertzaileen lan-baldintzak hobetzeko jarraitzen dugu lanean” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.