Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!

Martxoaren 22ko unibertsitatetik kanpoko hezkuntza greba
2017ko martxoaren 22rako unibertsitatetik kanpoko hezkuntza publikoan LAB, ELA eta steilas sindikatuek deitutako grebaren harira, UPV/EHUko LABek zera azaldu nahi du:

  • Euskal Herriak hezkuntza-sistema propio bat behar duela, kanpoko baldintzetatik eta merkatuek eta neoliberalismoak sortzen dituzten injustizietatik libre.
  • Unibertsitate publikoa hezkuntza-sistema horren ezinbesteko osagaia dela euskal herritarrak formatzeko eta gure herriaren garapenerako.
  • Azken urteetan egon diren murrizketek UPV/EHUren izaera publikoa kaltetu dutela salatu nahi dugu, bai irakaskuntza eta baita ikerketa alorretan.


Greba deialdi honek hiru ardatz nagusi ditu: murrizketen salaketa, negoziazio kolektiboaren defentsa eta hezkuntza sistema propioaren erreibindikazioa.
Une honetan, gehiengo sindikalaren greba deialdia unibertsitate ez besteko gainontzeko sektore publikoetara mugatu bada ere, LABek aurreko ardatz horiek UPV/EHUra ekarriz honako aldarrikapen hauek egin nahi ditu:
MURRIZKETARIK EZ

  1. 2010etik aurrera Eusko Jaurlaritzatik Unibertsitateari ezarri zaizkion aurrekontu-murrizketak geldiarazi eta honek behar dituen diru-ekarpenak bideratzea.
  2. Matrikula-tasak gutxitu eta bekentzako diru kopurua handitzea.
  3. Langileok galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko soldata igoerak, atzerapenen ordainketak eta soldataren zein osagarrien sistemak arrazionalizatzea guztiok soldata duina izateko.
  4. Birjartze-tasaren desagerpena.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA INDARTU

  1. Unibertsitatean ematen den prekarietateari aurre egiteko neurriak hartzea eta, zentzu horretan, Unibertsitate Plana, bere osotasunean, betetzea.
  2. Ibilbide profesionalak garatzea: irakasleen irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa-lana orekatu, ikertzaileen irudiak garatu, AZPkoen barne-promozioak eta lekualdaketak martxan jarri eta aldi berean langileen prestakuntzari garrantzia ematea.
  3. Enplegua, familia eta bizitza pertsonala bateragarriak egiteko kontziliazio neurri egokiak indarrean jartzea.
  4. Plantilla gaztetzeko eta aldez aurretiko erretiroa bultzatzeko neurriak hartzea.
  5. Akreditazio sistemetan eta merituen errekonozimendu prozeduretan zentzuzko baldintzak ezartzea, gure herriaren hezkuntza eta ikerketa beharrei lotuta.
  6. Langileon segurtasun- eta osasun-baldintzak bermatzeko lanpostuen ebaluazioari ekin, eraikinen segurtasuna bermatzeko inbertsio-plana osatu eta patronalaren mutuekin dauden kontratuak bertan behera uztea.

HEZKUNTZA SISTEMA PROPIOA ORAIN

  1. Euskaraz ikasteko, ikertzeko eta bizitzeko neurri eraginkorrak sustatu eta Euskal Herriko gainerako unibertsitateekin elkarlanean aritzea.
  2. Jakintza, ezaguera eta kultura landu, sustatu eta hedatzeko instituzio nagusienetakoa den UPV/EHUren izaera publikoaren defentsa.
  3. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko eta diskriminazio oro desagerrarazteko neurriak hartzea.
  4. Irakasle laboral/funtzionarioen arteko ratioaren desagerpena.
  5. Euskal Irakasle eta Ikerlarien estatutua garatzea.
  6. 3+2 proposamena erabat baztertzea, master eta gradu-ondokoen iraupena luzatzeak matrikulen gorakada ekarriko badu.
  7. Gobernantza demokratikoa: klaustro, gobernu kontseilu zein ikastegietako organoetan parte hartze demokratikoa bermatu eta gobernantza eredu teknokratiko eta autoritarioak baztertzeko araudiak ezabatzea.

LAB aurreko aldarrikapenen inguruko lanean arituko da UPV/EHUn. Eta, ildo horretan, UPV/EHUn langileok murrizketen aurka eta negoziazio kolektiboaren eta hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarrikapenak lortze aldera mobilizazio mota ezberdinak bultzatuko ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude