Langileen osasuna bermatu, baita EHUn ere

 COVID-19 delakoaren krisia dela eta, dagoeneko itxialdiaren 6. astean sartuak garelarik, “normaltasun berri batera” urratsez urrats egingo den irteera-prozesua jomugan dute gobernuek. Izan ere, espainiar Gobernuak larrialdi-egoera maiatzaren 10era arte luzatu baduen ere, hedabideetatik “deseskaladaz” hitz egiten hasi dira, eta jada langile asko bueltatu behar izan dira ohiko jardunera  lan-osasuneko berme-neurriak izan gabe.

Alarma egoeraren amaieran edo desigotzearen hasieran gauden ala ez eztabaidan sartu barik, azken asteotan frogatu dugunez, inprobisazioak, espainiar agintarien segidismoak eta “normaltasun ekonomikora” lehen bait lehen itzultzeko grinak gidatu ditu Jaurlaritzaren eta EAJren kudeaketa krisi honetan.

Testu-inguru honetan, EHUn ere lan presentzialetara itzulera-plana iragarri da, urrats ezberdinetan egingo dena. LABen sail sindikalak langile ororen osasuna bermatuta izatea exijitzen dio errektoreari. Ez ohiko egoera honetan, berme hau ezinbesteko baldintza da eskaini beharreko zerbitzu publikoa ziurtasun osoz eman ahal izateko eta, aldi berean itxialdiaren bidez lortutako emaitzak ez zapuzteko. Horretarako, lan presentziala egin behar duten guztiei aldez aurretiko PCR TEST fidagarriak egitea ezinbestekoa da. Neurri hau inplementatzea posiblea da, EHUk badu baliabide nahikorik hori gauzatu ahal izateko.

Hezkuntza zentroak, unibertsitateak barne, itxi eta irakaskuntza presentzaletik telematikorako prozesuan nagusitu zen ikuspegi produktibistak berak orain proposatzen den “itzulera” gidatuko duela susmoa dugu. Jaurlaritzak eta, bereziki EAJk, euskal oasian normaltasunera bueltatzeko baldintzetan gaudela frogatu behar dute, eta horretarako, industria martxan jartzearekin batera, eskolak eta unibertsitatea ireki behar dituzte ahal den lasterren… Eta horretarako birusa kontrolpean dagoela erakustea alegia. Osasun aditu eta erakundeek, berriz, argi utzi dute birusaren portaera ezagutzeko pertsona kutsatuak, inmunizatuak… ezagutu behar ditugula, eta horretarako test-ak dira tresna egokienak.

Eta testez ari garela, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari-talde handi batek  bat lortu du, merkea eta egiteko erraz eta azkarra (ez gara adituak, baina taldeko kide batek azaldu zuenaren arabera, laborategi askotan egiteko moduko testa da). Duela hamar egun iragarri zen testaren albistea…, baina ulergaitza bada ere, oraindik ez dago martxan, eta azken berrien arabera, hasieran iragarritako egunean 10.000 azterketa beharrean, 500 baino ez dira aurreikusten. Unibertsitate publikoak egindako ikerketa balioan jarri ordez, “garapen ekonomikoa” bermatzen duen industria elikatzeko maskarak egiteko makinetan inbertsio erraldoia iragarri dute euskal agintariek. Adituek azken hauen eraginkortasuna bermatzen ez duten arren, badirudi hau dela Jaurlaritzaren hautua (eta ez dakigu nork kudeaturiko atzerrian erositako testak), eta, horrekin batera, “norberaren” ardura da ez kutsatzeko neurriak hartzea.

Alarma-egoerak ez ditu langileon lan-eskubideak ezabatu; beraz, EHUk argi izan behar du “normaltasunerako” edozein itzulerak negoziazio sindikalean oinarrituta egon behar duela, eta ez dugula onartuko lan-osasuna edo segurtasuna kolokan jarriko dituen neurririk. Bizitza dugu jokoan,  gurea ez ezik gure ondokoena ere.