LOSU (Ley Orgnánica del Sistema Universitario) onartuko omen da hurrengo hilabeteetan Estatu espainiarreko Kongresuan. 2021eko amaierarako onartuta egotea espero bazen ere, alde ezberdinetatik jasotako presioak eta beste arrazoi batzuek (Manuel Castells ministroaren dimisioa barne) atzeratu dute prozesua. Lege honek 2001eko LOU eta 2007ko LOMLOUri erreleboa hartuko die, ustez, urte batzuetarako. Izan ere, Estatu espainiarreko unibertsitateen izaera eta funtzionamendua arautuko ditu, Hego Euskal Herrian dauden unibertsitateenak barne. LOSU indarrean jarri eta handik gutxira garatu eta ezarriko omen den Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen Estatutuarekin batera, LOSUk unibertsitateko langileen baldintzak arautuko ditu. LOSUk Hego Euskal Herriko unibertsitateetan lan egiten eta ikasten dugun guztiongan eragina izango du, aipaturiko beste legeak pairatu eta pairatzen ari garen moduan, “Unibertsitateko elkarbizitzarako legea” kasu, unibertsitate-eredu merkantilistaren aurrean protesta kriminalizatzea eta zigortzea erraztuko duena.
Hala ere, denbora luzerako ondorio sakonak izango dituen lege honen inguruan oso interes urria sumatu da EHU zein NUPeko komunitateetan. LABen barne eztabaida prozesu bat garatu dugu unibertsitateko afiliazioarekin azken hilabeteetan LOSUren aurrean gure posizioa eta aldarrikapenak definitzeko. Nahiz eta hurrengo hilabeteetan egun dagoen lege-proiektuan aldaketa batzuk egotea oso posiblea izan, hona hemen gure ondorio eta aldarrikapen nabarienak.
Ez da gure legea. Ez da behar dugun legea
Euskal Herriak unibertsitate propioa behar du, Euskal Herritik garatuta eta euskal herritarren beharrei erantzutera bideratuta. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko ikasleak atzerritar moduan jasotzen dira EHU zein NUPen, eta asko dira gainditu behar dituzten oztopoak Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoetan ikasi ahal izateko. Euskal Unibertsitatearen bidean, eta gaurko errealitate administratibotik abiatuta, ezinbestekoa da Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak unibertsitate-eskuduntzak bereganatzea, eta Ipar Euskal herriko Université de Pau et des Pays de l’Adour delakoarekin harremanak sendotzea. Irakaslego propioaren aldeko borroka luze baten ondorioz, 2004tik EAEn dagoen Euskal Unibertsitate-legeak eskumen batzuk jasotzen baditu ere, Estatuko legearen menpe dago guztiz, Euskal Herriak behar duen unibertsitate-eredua garatzea eragotziz. Nafarroa Garaian egoera are okerragoa da, bertan NUPeko sorrera legea baino ez baitute unibertsitate-esparruari dagokionez.
Zentzu honetan, LOSUk ez du aldaketarik ekarriko eta, alderdi batzuetan, atzerapausoa suposatuko du. Legearen testuaren sarreran ukitu aurrerakoi batzuk antzematen badira ere, lege honek zentralista izaten jarraituko du, Euskal Herriaren zein beste nazioen herri izaera eta errealitate bereizituaren gainetik pasatuz.
Herri moduan Euskal unibertsitate propio eta burujabea behar dugu, eta unibertsitate hau arautzeko legea Euskal Herrian definitu behar dugu. Herri bezala, aukera hori ukatzen zaigun bitartean, arrotzat baino ezin dugu hartu laster onartuko den LOSU. Era berean, unibertsitateko langileen lan-baldintzak, euskal langile guztien baldintzak bezala, Euskal Herrian arautu behar ditugu, gure lan-esparru propioa aldarrikatuz eta eraikiz.
Edozein kasutan, arrotza eta inposatua izan arren, lege-proiektu honen testua aztertzeko beharrean gaude, etorriko diren neurri zehatzen jakitun izateko eta, eztabaida Madrilen garatzen duten bitartean, gure irakurketa, eskaerak eta aldarrikapenak zabaltzeko.
LOSUk bide laborala baztertzen jarraitzen du
LABetik historikoki defendatu dugu lan harremanen arautegi propioa izatea, Euskal Herrian kudeatuta eta finantzatuta, Estatuaren eredu funtzionarial zentralistaren aurrean, langile funtzionarioekiko eskumena Madriletik guztiz bereganatuta daukana. Bide honetan, azken bi hamarkadetan EHUn figura laboralak garatzea eta alderdi askotan parekatzea lortu bada ere, diskriminazio batzuk mantentzen dira oraindik. Gaur egunera arte lege espainiarrak ezarritako irakasle-ikertzaile funtzionarioak pertsonalaren % 51 izateak plazen sorrera baldintzatu du EHUn eta, horren eraginez, zuzendaritza talde ezberdinek, legea betetzeko, agregatu figuratik titular figurara pasatzea bultzatu dute. Modu honetan, promozioa ez den aldaketa hau gauzatzeko plaza batzuk kontsumitu dira urtero EPEetarako birjartze tasaren barruan, iraunkortzeko zain dauden aldi baterako irakasle-ikertzaile akreditatuen kalterako.
NUPen, EHUn ez bezala, plantilla egonkortzea ahalbidetuko lukeen berezko figura laboral iraunkorrik ez da garatu. Aldi berean, birjartze tasaren mugak eragozpen handia suertatu dute plaza iraunkorrak sortzeko, eta, ondorioz legeak ezarritako portzentaje hori betetzetik oso urrun dago.
Funtzionarioen portzentajea % 55era igotzea defendatzeko argudioa figura laboral batzuek pairatzen duten prekarietatea gutxitzea izan arren (Estatuko komunitate gehienetan langile askorentzat ondorio positiboak izan ditzakeena, Nafarroa Garaian barne), EAEko errealitatea ezberdina da. Neurri handi batean borroka sindikalaren ondorioz lortutako akordioei esker, EAEko legeak figura laboral eta funtzionarioen arteko parekotasuna jasotzen du (nahiz eta oraindik unibertsitate irakasleen oinarrizko soldata EAEko bigarren hezkuntzakoena baino baxuagoa izan, Estatu espainiar mailan ezarritako funtzionarioen soldata taulek baldintzatuta). Horregatik, LOSUren proiektuan jasotzen den irakasle-ikertzaileen plantilla osoaren % 55 funtzionarioz osatua izan beharrak atzera-egite nabarmena suposatuko luke EHUn, bide laborala larriki erasanez. Izan ere, aurreikus daiteke unibertsitate barruan presio handia funtzionario bihurtzeko. Neurri hau aipatutako zentralismoaren adibide agerikoenetako bat da.
NUPen, legeak ezartzen duen funtzionarioen portzentaje teorikoa areagotzeak ez du zertan aurrerapauso bat ekarri beharrik. Horregatik, Nafarroan bertan kudeatuko liratekeen kontratupeko figura baten ezartzea aukera moduan ikusten du LABek, Madrilek baldintzatuko ez lukeen bide bat irekiz irakaslegoaren lan baldintzak hobetzeko.
LOSUn jasotako beste proposamen aurrerakoi bat, errektore izateko kategoria baino merituak kontuan hartzearena (hau da, 3 bosturteko, 3 seiurteko eta pertsona bakarreko kargu akademiko batean 4 urteko eskarmentua izanda irakasle titularrek ere errektorerako aurkeztu ahal izatea) funtzionarioetara mugatzen da, irakasle agregatu/kontratatu doktore (unibertsitate-titularraren parekoa) eta EHUko irakasle osoei (katedradunaren parekoa) aukera hau guztiz ukatuz.
Funtzionario-laboral dikotomia honi begira, LOSUk indefinizio larrian uzten du figura laboralen etorkizuna, bide hori aukeratu nahi duten irakasle-ikertzaileen ibilbidea eta promozio aukerak zalantzaz beteta utziz.
Beraz, Estatuko funtzionarizazioaren aurrean, EHUn figura propioen defentsan LOSUren planteamendua gogor salatu behar dugu eta Nafarroan horien aldeko bidea ireki eta jorratu.
Unibertsitatearen gobernantza-ereduak demokratizatu gabe jarraituko du eta menpekotasuna areagotuta
Estatuko unibertsitate-legeek ordezkaritza sistema oso hierarkizatua ezarri dute historikoki, irakasle iraunkorrei ordezkaritzaren gehiengoa emanez eta beste kolektibo batzuen ordezkaritza minorizatuz (lege espainiarrak hori inposatzen badu ere, ezin aipatu gabe utzi EHUko Estatutuetan haratago joan zela, aldi baterako irakasle-ikertzaileen ordezkaritza % 2,09ra mugatuz…). LOSUk aurreko legearen bidetik jarraituko du, irakasle-ikertzaile iraunkorrentzat Klaustroaren zein Gobernu Kontseiluaren gehiengoa emanez, kolektibo ezberdinen ordezkaritza orekatu eta demokratizatu gabe.
Unibertsitateak erakunde oso hierarkizatua izaten jarraituko du, Klaustroaren eskuduntzak nahiko murriztuta, parte-hartzea oso mugatuta eta aldaketa aukerak gauzatzea larriki zailduta. Erabakitze gune gorena izan beharko litzatekeen Klaustroa eta unibertsitatearen funtzionamenduan gakoa den Gobernu Kontseilua demokratizatu behar dira, eztabaida eta parte-hartzeko gune bilakatuz. LOSU ez da aurrerapausorik izango zentzu horretan, EHUn zein NUPn ordezkaritza-sistema eta parte-hartzea nabarmen hobetzeko aukera badago ere. Kasu honetan, erronka unibertsitate bakoitzaren barruko botere faktikoei aurre egitea ere bada.
LOSUren proposamenak aldaketa bat dakar: Gizarte Kontseiluaren ordezkaritza Gobernu Kontseiluan handitzea. Hain zuzen ere, Gobernu Kontseiluaren kideen % 10era igotzen da organo horren gutxieneko ordezkaritza. Unibertsitatea eta gizartearen arteko giltzarri bezala definitzen badute ere, bere osaera unibertsitatetik kanpo erabakitzen da eta autonomia erkidegoen legebiltzarraren esku geratzen da ordezkari gehienen hautaketa, unibertsitatearen presentzia oso urria izanda (gaur egungo EHUko Gizarte Kontseiluko 26 kideetatik 6 EHUkoak dira eta NUPeko 20tik 6 NUPekoak dira). Gizarte Kontseiluaren presentzia handitzearekin unibertsitateen kanpoko kontrola areagotzea bilatzen da. Baina, hortaz haratago eta gai ezberdinekin ikusi denez (EHUko irakasle-ikertzaileen osagarrien deialdien atzerapena kasu), EHU zein NUPeko komunitateei eragiten dizkien erabakiak baldintzatzeko boterea handitzen da, eta, hain zuzen ere, ez da EHU eta NUP ezta jendartearen interesei erantzuteko, baizik eta beste eragile batzuen interesei erantzuteko (patronal eta enpresa pribatu handienak, hezkuntza pribatu erlijiosoena, armagintzarekin lotutakoak…). Gizarte Kontseiluaren presentzia indartzeak, ez du ekarriko berez jendartearen eta EHU edo NUPen arteko harremana estutzea ezta herritar gehienen beharrei EHU eta NUPek hobeto erantzutea. Paperean idatzitakoa polita gera badaiteke ere, errealitatean logikak oso ezberdinak dira. Zentzu horretan, Gizarte Kontseiluaren osaera demokratikoagoa bultzatzeko, unibertsitateko eta mugimendu sozial eta kulturalen presentzia handiagoa defendatzeko konpromisoa hartuko du LABek.
Irakasle-ikertzaileen baldintzetan finantziazio-bermerik gabeko alderdi positiboren bat, baita zalantza batzuk ere…
LOSUk jasotzen du aldi baterako irakasleen kopurua jaisteko beharra, egonkortzeko helburu batzuk ezarriz. Alde batetik, aldi baterako langileak irakasle-ikertzaileen (osasun zientzietako elkartuak kenduta) % 20 ez gainditzea jasotzen da. Beste alde batetik, irakasle elkartuen portzentajea irakasleen % 15 baino altuagoa denean (Estatuko unibertsitate askotan alde handiz gainditzen dena, NUPen barne), EPEren barruan ateratzeko lanpostuen % 15a elkartu lanpostuak betetzen dituzten irakasleentzat erreserbatzea jasotzen da legean, beti ere doktorea izanda, akreditatuta egonda eta 5 urteko unibertsitate-eskarmentua izanda. Neurri hauek positibotzat har badaitezke ere, ez da argitzen kontu honen gakoa: nola erantzungo zaion halako lan-figura aldaketek suposatzen duten finantziazio beharrari. Eta badakigu lanaldi partzialeko figuren erabilera estuki lotuta dagoela dirua aurrezteari. Izan ere, “elkartu faltsuak” (lanaldi partzialeko bitarteko irakasle kontratatuekin batera) irakaskuntza era merkean bermatzeko irtenbide tranpati bezala erabiltzen da, langile askori miseriazko soldatak ordainduz.
Lanpostuen iraunkortze eta duintze honek dakarren finantzaketa beharraz gain, LOSUn iragartzen da finantzaketa publikoaren igoera. Hala ere, ez da zehazten nola eta nondik gauzatuko den beharrezko igoera hori, ezta zenbaterainokoa izan beharko den lortu nahi den unibertsitate-sistema eta unibertsitate publikoen finantzaketa instituzio publikoetatik eratorriko den kopurua.
Lan-baldintzen inguruan kezka sortu duen iragarritako beste neurri bat lanpostu iraunkorra lortzeko beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batean 9 hilabeteko egonaldiaren eskakizuna da. Testuan egoera berezi justifikatuen salbuespena jasota badago ere, zalantzak daude neurri hau nola aplikatuko litzatekeen kontziliazioari begira eta emakumezkoen karrera profesionalean eragin dezakeen arrakalaren inguruan.
Eta euskara?
Gure hizkuntzari dagokionez, ez dago aldaketa handirik Lege aurreproiektuan. Testuan, behar bereziengatik unibertsitateek “gehiagozko finantzaketa handiagoa” jasotzeko aukeren artean programen hizkuntza-aniztasuna aipatzen bada ere (hizkuntz koofizialak barne) ez da gehiago zehazten zer suposatuko lukeen honek. Ez da inolaz ere euskararako berme gehiagorik LOSUrekin. Ez da jasotzen inon gutxieneko portzentajerik irakaskuntza programetan, ezta gutxieneko jakintza maila edo portzentajerik pertsonalean edo oposizioen epai-mahaietan. Beste zenbait lege eta arauditan agertzen diren hizkuntz-eskubideak paperean jasota jarraituko dute baina EHUn eta NUPen pairatzen ditugun oztopoek eta baliabide eta borondate faltak paperean baino ez dituzte mantenduko eskubide horiek.
Euskal Herriko Unibertsitate eredu propio baten alde borrokatzen jarraitu behar dugu baita langileen lan-baldintzak defendatzen ere, lege berriaren alderdi negatiboen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.
EHU eta NUPeko langileok LOSUren ondorioz etorriko dena ezagutzea, hausnartzea eta erne egotea beharrezkoa da. Esan denez, LOSU lege proiektua ez da Euskal Herriko errealitate eta erronkei erantzuteko egindakoa eta, Euskal Herriko unibertsitate esparru propioa eraikitzeko burujabetza eskuratu ezean, ezin izango dugu Hego Euskal Herrian inposaketa hau ekidin. Hala eta guztiz ere, ezin gara geldirik egon ezarriko digutenaren zain. Eredu propioaren beharra eta bide laborala eta funtzionariala parekatzearen defentsa argia burutu behar dugu, baita lege honen alderdi kaltegarrienak ekiditen saiatu ere.
EHU eta NUPeko zuzendaritzek badaukate ardura handia gai honetan. Beste erakunde eta eragileekin dituzten harremanak eta entitate batzuetan (CRUEn kasu) duen parte-hartzea baliatu beharko lituzkete presioa egiteko. Zentzu honetan, LABetik eskaera hauek egiten dizkiegu EHU eta NUPeko zuzendaritza taldeei:
- Unibertsitatearen autonomia defendatu behar dute, areagotuko omen den kanpoko kontrol politikoaren aurrean. Zentzu horretan, Gizarte Kontseiluaren osaera demokratikoagoa defendatu, unibertsitateko presentzia handiagoarekin, baita mugimendu sozial eta kulturalen presentzia bermatuz. Era berean, Gizarte Kontseiluaren ordezkaritza Gobernu Kontseiluan ez handitzea defendatzea eskatzen diegu.
- EHUn bide laborala defendatu behar da, ezarri nahi duten funtzionarioen portzentajearen kontra eginez, eta bide hau aukeratu duten langileen eskubideak funtzionarioenak baino gutxiago ez izatea bermatu. Hemen kokatzen da ere, titularrentzat definitutako eskakizunak izanda, errektore kargurako aurkeztu ahal izateko eskubide bera izatea irakasle-ikertzaile laboralek.
- Nafarroan bertan kudeatuko den kontratupeko figura iraunkor bat sortu eta ezartzearen alde borrokatu behar dugu, Madrilek baldintzatuko ez duen bidea irekiz eta irakaslegoaren lan baldintzak hobetzeko aukera lortuz.
- EHUk eta NUPek behar duten finantzaketa publikoa aldarrikatu behar dute eta legean hamar urteren buruan unibertsitate-sistemak erdietsi beharko lukeen finantzaketa-gastuaren tamaina zehatza agertzeko eskatu. Unibertsitateei esleitzen zaizkien eginkizun guztiei (irakaskuntza, ikerketa, berrikuntza, transferentzia) heltzeko finantzaketa nahikorik gabe ez dago kalitatezko unibertsitate eraikitzerik ezta lan-baldintza duinezko lanposturik ere.
- Euskal esparru unibertsitario zein ikerketa eremu propioa aldarrikatu behar dugu, euskal jendarteak dituen erronka eta beharrei erantzun behar diona, euskalduna eta, aldi berean, nazioarteari irekia; ezagutzaren merkantilizazioaren aurrean, jakintza eta pentsamendu kritikoa bultzatuko duena. Bide horretan, EAEko, Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateen arteko lankidetza eta ibilbide komunen eraketa bultzatu beharko lukete bai unibertsitateek zein Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Elkargoak.
Era berean, Madrilen ordezkaritza daukaten euskal alderdi politiko guztiei euskal unibertsitate sistemaren defentsan presioa egiteko eskatzen diegu. Bide laboralaren defentsan egiteko eskatzen diegu, LOSUk kalte ez dezan, baita irakasle-ikertzaile funtzionarioen transferentzia EAE eta NFKra ekartzeko borrokatzea ere. Azken finean, euskal langileen lan-baldintzak Euskal Herrian arautzearen aldeko aldarria egitea. Era berean, unibertsitatearen autonomiaren defentsa babesteko eta unibertsitaterako finantzaketa publikoaren igotzearen bermea legean jasotzeko ekitea ere eskatzen diegu.
Orain da momentua LOSUren aurrean gure mezua eta aldarrikapenak entzunarazteko.
Inposaketen gainetik, Euskal Herriak bere unibertsitate esparrurako unibertsitate-lege propio eta burujabea behar du.
Erantzun bat “LOSUren aurreproiektua: LABen irakurketa” bidalketan
Iruzkinak itxiak daude.