EHUko Zuzendaritzak irakasleen ordezkapen politika aldatu nahi zuela 2023ko maiatzean jakin zenetik horren aurkako salaketa eta mobilizazio dinamika abiatu zen.
Ordutik, sindikatuek eta Prekarioen Koordinadorak dozenaka ekimen burutu ditugu, eta 4 greba deitu dugu, arazo horren larritasuna eta gainontzeko langileengan, sailetan eta ikasleengan izango zituen ondorio txarren jakitun izanik konponbidea aldarrikatzeko.
Zoritxarrez, ez da hori egungo Zuzendaritzak abiarazitako murrizketa bakarra. 2022ko urrian erretirora iragateko indarrean zegoen plana bertan behera utzi eta TELAZELen eta irakasle eta ikertzaileen baldintzak kaskartzen zituen plan berri bat abiarazi zuen, sindikatu guztien eta Gobernu Kontseiluaren kide askoren kontrako jarrera sortaraziz.
Hala ere, ez dira horiek soilik unibertsitate publiko honetako Zuzendaritzak langileon lan-baldintzak okertzeko bultzatu dituen neurriak. Besteak beste, aipatu daitezke azken urteotan langileok pairatzen ari garen lan-zama dexente handiagoak IRI zein TEKAZELen artean; behin-behineko edota aldi baterako langileei ukatzen zaizkien eskubideak (ekonomikoak, karrera profesionalari dagozkienak…); azken 15 urteotan jasan ditugun erosahalmenaren galera metatua; IRIen osagarrien eta lanaldi partzialeko ordezko irakasleen miseriazko soldata eguneratugabeak; TEKAZELen eta IRIen eremuetan dagoen aldibaterakotasun tasa izugarriak; beste administrazio publikoetan dagoen telelanean aritzeko eskubidea ukatzea eta onartuta dauden lana eta norberaren bizitza kontziliatzeko neurriak hartzeko oztopoak jartzea edo ukatzea, oporrak data zehatzetan hartzera behartzea…
Neurri gehienak, gainera, aldebakartasunez hartu ditu Zuzendaritzak, langileen ordezkariekin benetako negoziaziorik egin gabe.
Egun pairatzen dugun egoera, zer esanik ez, EHUk jasotzen duen finantzaketa publiko eskasak baldintzatua dago (Europar Batasunean unibertsitate publikoek jasotzen duten finantzaketa publikoa batez beste BPGren %1,2an kokatzen den bitartean, EAEn %0,4n kokatzen da). Baina horrek ez du zuritzen EHUren Zuzendaritzak duen ardura, Jaurlaritzatik jasotzen duen diruarekin konformatzen baita, eta kopurua handitzeari uko egiten dion bitartean,
«finantzaketa pribatu gehiago» eskatzera mugatzen baita.
Guzti honengatik, LAB, CCOO, Steilas eta ELA sindikatuok, Eusko Jaurlaritzari eta UPV/EHUko agintariei ozen eta argi adierazi behar diogu bihar, martxoak 12, berriro mobilizatuko garela EHUn prekarizazio eta diskriminazioaren aurka, lan-baldintza duinen alde eta unibertsitate publikoak behar eta merezi duen finantziazio egokiaren alde. Eta horiek lortu arte, mobilizatzen eta ekimen ezberdinak burutzen jarraituko dugula.
Martxoaren 12an, asteartean, UPV/EHUko langileok Grebara!!!