Martxoaren 8ko greba feminista UPV/EHUn: arrakasta eta erresistentziak

Historiko hitza erabiltzeak inoiz zentzua izan badu, dudarik gabe, 2018ko Martxoaren 8an bizi izandako mobilizazio-egunaren harian izan da. LABeko Idazkaritza Feministako kide Zaloa Ibeasen esanetan, greba feministak feminismoaren alde egitea posible eta beharrezkoa dela erakutsi zuen: “Garai berria ireki du Euskal Herrian emakumeentzat eta mugimendu feministarentzat. Emaitzak ikusgarriak izan dira, baina eman dugun urratsaren ondorioak ikusgarriagoak izango dira”.
Garai berri horiek ere UPV/EHUn isla izaten ari dira; sekula baino ekimen feminista gehiago nabarmentzen dira gure Campusetan. Gero eta handiagoa da, gainera, Unibertsitateko arlo guztiak bustitzen dituen uholde feminista, eskola-aretoetatik harago. Martxoaren 8ko deialdiak, Unibertsitatean ere, ikasle, irakasle eta AZPko langileen artean jarraipen handia izan zuela esan dezakegu.
Hala ere, nahiz eta ematen ari den mugimendua geldiezina den, gurean ere erresistentzia eta inertzia batzuekin topo egin genuen. Bata, dudarik gabe, administrazioak AZPko langileoi bidalitako barne-oharra izan zen, zeinetan lan-eskubide batzuk urratzen ziren eta grebarekin bat egiteko deia oztopatzen zuten; baten bat aipatzearren, emakumeok greba egin ahal izateko gizonek zaintza-lana bideragarri egiteko beharrezko baimenak (zaintzarako orduak) hartzea galarazi baitzuten. LABetik hartutako neurrien legalitatea zalantzan jarri genuen, eta modu horretan adierazi genion Errektore andreari. Gerentziak bigarren ohar bat kaleratu zuen, eta horrek agerian utzi zuen lehen oharrean jasotako eskubideen urraketa.
Dena dela, Zuzendaritzak berak aukera historikoa galdu zuen hitzez harago gizarte aldaketarekin izan beharko lukeen benetako konpromisoa adierazteko.
Beste aldetik, oso larritzat jotzen dugun gertaera batek ilundu zuen greba-eguna UPV/EHUn bertan. Hain zuzen ere, Medikuntza Fakultatean aldarrikapen feminista egiten ari ziren ikasleei eraso egin baitzien irakasle batek. LABetik ez dugu halako jarrerarik onartzen ez Campusean ezta beste inon ere, eta ekintza hau irmoki salatzen dugu. Berdintasun Zuzendaritzarekin harremanetan jarri ginen gertatutakoa lehenbailehen argitu zedin. Era berean, horrelako erasoen aurrean, Unibertsitateko zuzendaritzari exijitzen diogu beharrezkoak diren neurriak har ditzala.