Murrizketarik gabeko pentsioak nahi ditugu!

Pentsiodunen mugimenduak larunbaterako deitutako mobilizazioetarako deia egin dugu, pentsio duinen defentsan. Hala, maiatzaren 29an, kalean izango gara, murrizketarik gabeko pentsioen alde. Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira manifestazio nagusiak: Gasteizen (17:00, Artium), Donostian (17:00, Alderdi Eder), Iruñean (18:00, Baluarte) eta Bilbon (18:00, Jesusen Bihotza). Eibarren (12:00, Untzaga plazan), Ondarroan (12:30, Zaldupe) eta Altsasun ere (18:30, Foru plaza) deituta daude mobilizazioak.

Lan baldintzen borroka egitea bezain garrantzitsua da pentsio duinen aldeko aldarria gure egitea. Horregatik, pentsio sistema publiko, duin eta propioaren aldeko indarrak biderkatu eta datozen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du LABek.

Askotarikoak dira langileok bizitzen ditugun erasoak eta COVID- 19ak eragindako osasun larrialdiak krisi sozio ekonomiko sakona eragiten ari da. Testuinguru honek baldintzatuta, epe ertain luzeko perspektiba lausotzen zaigu maiz; baina pentsioena, langileontzat berebizikoa den borroka da zalantzarik gabe.

Sistemaren jasangarritasunaren zalantza errotzeko ahalegin izugarria egitearekin batera, erreformaz erreforma pentsio sistema deuseztatzen ari dira. Besteren artean, aurreko erreformek erretiroa hartzeko kotizazio urteak handitu eta ezarritako tarteen ondorioz erretiro adina 67 urteetara luzatu dute. Pentsioa eros ahalmenaren bermetik deslotu zuten ere, %0,25eko igoera ezarriz, eta orain KPIari lotuko dela iragarrita ere, ez dago erabaki honentzako benetako berme legalik.

Azkenaldiko berriek, orain arteko norabidean sakontzeko erabakiak aurreikusten dizkigute. Espainiako Gobernua Toledoko Itunak eginiko gomendioei jarraiki erreforma berri bat prestatzen ari da eta iragartzen ari diren neurri berrien artean langileon aurkako eraso sakonak daude: Aldez aurretiko erretiroei pizgarriak kendu eta erretiro adina atzeratzea sustatu nahi dute, erretiroa kalkulatzeko urteak 35 urteetara luzatu edota hainbestetan errefusatu den jasangarritasun faktorea belaunaldiarteko ekitate delako adierazle berri batekin ordeztu.

Hori gutxi balitz, pentsioa osagarritzeko enplegu sistema pribatuak (BGAEak) indartu eta ezartzeko ahotsak areagotzen ari dira. Gurean hainbat eredu ezagutzen ditugu eta hamarkadetako bilakaerek erakutsi digute sistema publikoa osagarritu, errenta baxuenak dituzten langileak babestu eta langile arteko elkartasuna indartzeko dituzten kontraesanak eta mugak. Apustua, zalantzarik gabe sistema publikoa indartzea behar du izan eta BGAEak zabaltzearen aurka gaude.

Egun, dagoeneko Hego Euskal Herriko pentsionisten %51ak 1000€ baino gutxiagoko pentsioa jasotzen badu, emakume* eta gizonen arteko pentsio arrakala handia bada, neurriokin

are gehiago okertuko da egoera. Eta norabide honetan, 2012 eta 2014ko lan erreformek eragindako prekarietateak eragin zuzena dute: soldata eta kotizazio baxuek, lan orduen banaketa desorekatuek eta gazte belaunaldien enpleguratzea ekidinez pentsio sistema kaltetzen duten faktoreak dira.

LAB sindikatuan argi dugu. Ez da beste alde batera begiratzeko unea. Pentsio sistema publiko duin eta propioaren aldeko borrokan urrats berriak ematea dagokigu. Norabide honetan aurkeztu berri dugun Programa Sozioekonomikoan, Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantza eraikitzeko proposamenak plazaratu ditugu, ekimen judizialaren bidez lanaldi partzialean ibili diren emakumeon* pentsioak berrikustea lortu dugu eta eguneroko gure ekintza sozio sindikalean pentsio duinen aldeko borroka garatzen jarraitzen dugu.

ZER ALDARRIKATZEN DUGU?

Lehen mugarria gutxieneko pentsioa 1080€-koa izatea da, baita gizon eta emakumeen* arteko pentsio arrakalarekin behin betiko amaitzeko neurriak hartzea. Baina bidea ez da hor amaitzen. Lan erreformak bertan behera utzi, aberastasunarekin batera, lan guztiak aitortu eta birbanatu behar dira, lanaldia murriztu eta gutxieneko 1200 eurotako soldata ezarri; gazte belaunaldien enpleguratzea erraztu, erretiro adina 60 urteetara aurreratu, diru gehiago biltzeko zerga politika sakonki aldatu eta soldata altuenen kotizazio mugak kendu. Proposamenak baditugu eta egingarriak dira. Borondate politikoa da behar dena. 3 urte baino gehiago dira Pentsiodunen Mugimendua kalean dagoenetik gaurko eta biharko pentsio duinen aldeko borroka eredugarrian. Testigua hartu eta elkarrekin gaurko eta biharko pentsio unibertsal eta duinen aldeko borrokari ekin diezaiogun.