Gutxi batzuek espero zezaketen Kitchen kasuak EHU ere zipriztinduko lukeela, era tangentzialean bada ere. Izan ere, ikerketa honen harira, Kitchen auziarekin zerikusirik ez duten beste datu batzuk agertu dira, eta hainbat pertsonari egindako espioitza agerian utzi dute.
Martxoaren 2an, Nafarroako Barne saileko burua izandako María José Beaumont espiatu zuteneko berria argitaratu zen. Martxoaren 6an Nafarroako Parlamentuak espioitza kasu hau salatu zuen, eta martxoaren 8an, Barne ministroak berak arbuiatu zuen egindako espioitza kasua. Argitaratutako berri horretan bertan, Segurtasunaren Estatu idazkari ohiak, Francisco Martínezek, Unidad Central de Apoyo Operativo (UCAO) unitatearen buruarekin trukatutako WhatsApp mezuetan EHUren irakasle batzuei buruzko informazioak agertzen dira. UCAO Gobernu espainiarraren Poliziaren unitate bat da, pertsonen jarraipena eta horien komunikazioen kontrola burutzen duena.
Argitaratutakoaren arabera, 2015eko apirilaren 2ko mezu batean, izenez aipatu gabeko pertsona bati buruz aritu ziren; honakoa hain juxtu ere:
“¿Sabes algo de éste? ¿Puede ser de Podemos o de Bildu?”, pregunta Martínez. “Te lo digo enseguida”, responde el jefe de la UCAO. Un cuarto de hora después, parece tener más datos: “En el 2012 colaboraba con Askapena o sea más de Bildu, estoy intentando localizar al jefe de la UPV que ese lo sabe seguro“. Y remata pocos minutos más tarde: “Me dice el jefe de seguridad de la UPV que ahora está con Podemos”.
Informazio hau benetakoa dela konfirmatzen bada, bereziki larria da. EHUtik segurtasunaren buruaren bitartez, antza, EHUko langileen informazioak poliziari zuzen pasatzeak muga batzuk zeharkatzea supostuko luke. EHUko langileen proiektu asko aurrera egin ahal izateko Etika Batzordetik pasatu behar diren bitartean, datuen babeserako araudiak betetzeko exijitzen zaigun bitartean, EHUko segurtasunaren buruak langileen informazio pertsonalak eta beren filiazio politikoari buruzko datuak poliziari ematen dizkio, Kitchen kasuaren dokumentazioaren arabera. Gainera, elkarrizketa horretatik antzeman daiteke ez zela lehenengo aldia izan, eta EHUko langileen filiazio politikoaren inguruko informazioa lortzea oso modu erraz eta azkarrean ere egin zezakeela.
Gertaera hauek 2015ekoak badira ere, orduko EHUko segurtasun buruaren karguan pertsona berak jarraitzen du.
Hau guztia kontuan hartuta, Errektoreari honako puntu hauek publikoki azaltzea eskatzen diogu:
1- Ea Kitchen auziko dokumentazioan agertzen diren gertaera hauen inguruko zehaztasun gehiago daukan, berak edo bere taldeko beste inork.
2- Segurtasun buruaren zereginak eta funtzioak zeintzuk diren azal ditzala eta, bereziki, ea bere funtzioen artean EHUko langileei buruzko informazio politiko-soziala biltzea eta kontrolik gabe polizia ezberdinei pasatzea ote dagoen. Ildo berean, jakin nahi dugu ea bere eskumenen artean langileen LDAP ezagutzea eta gure posta elektroniko korporatiboan sartzea dagoen.
3- Era berean, Errektoreari eskatzen diogu argi dezala Zuzendaritza taldeko nork duen konfiantzazko kargudun bereziki garrantzitsu honen jardunbidea kontrolatzeko eskumena, eta zein neurri, zein protokolo eta zein kontrol dagoen jardunbide horren jarraipena egiteko.
4- Langileen funtsezko eskubideen kontrako halako informazio-filtraziorik berriro ez gertatzeko neurririk hartzeko asmorik ote du Errektoreak? Kargu horren eginkizunen kontrol demokratikoa bermatzeko asmoa ote du Errektoreak?
5- Kasu hau iker dezatela eta, poliziari egindako informazio-filtrazio horien iturria identifikatzean, dagozkion neurri diziplinarioak har ditzala.
Langileon eskubideen kontrako jardunbide poliziala eta kontrol demokratikorik gabeko UPV/EHUko jardunbide polizialari EZ argi batez erantzun behar zaio, eta neurri eraginkorrak planteatu.
Alderdi hauen inguruko zehaztapenak unibertsitate komunitateari eta Euskal Herriko herritar guztiei ematea dagokio orain Eva Ferreira Errektoreari, gertatutakoa azaltzen eta berriro halakorik gerta ez dadin bermeak ematen.