Oinarrizko zerbitzuen pribatizazioa garesti ateratzen da

UPV/EHUk Microsoft multinazionalaren esku utzi nahi  ditu gure datuak

Egun, Hezkuntza eta Osasungintza dira pribatizatzeko arriskuan dauden sektore publiko nagusiak. Aldi berean eraso handiena jasaten ari diren sektoreak dira, batez ere, enpresa pribatuek kudeaketa pribatuen etekinak bereganatu nahi dituztelako. Tamalez ikusi dugu kudeaketa-mota horrek, batzuetan, agintarien gaitasun eza eta gestio txarra agerian uzten dituela. Gehiegitan ikusi dugu ere enpresa batzuk diru publikoaz aberasteko balio duela ere, “irtenbide” pribatuaren ustezko eraginkortasunean oinarrituta. Finean kudeaketa pribatizatuz erantzukizuna ere pribatizatzen dutelako bere burua zurituz.

Nafarroako eta EAEko administrazioan pribatizazio eta zerbitzuen okertze horren adibideak ditugu. Gurean ere UPV/EHUn, aspalditik ari dira pribatizatzen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalak betetzen dituen lanak, IKT alorrean, ikus-entzunezko hainbat ekipamenduren kudeaketan, mantentzeko zerbitzuetan, eraikuntzetako zaintza eta arretan, argitalpen zerbitzuan eta beste hainbeste alorretan ere.

Zerbitzu Publikoen kalitatearen galera ez ezik, enplegu publikoaren galera ere nabarmena izaten ari da pribatizazioen ondorioz. Europar Batasunean Administrazio Publikoetako langileria biztanleriaren % 8,4 bada ere, Estatu espainolean, aldiz,  % 6,3  baino ez da, eta bertan UPV/EHUn AZPren ratioak ikasle zein irakasleekiko Estatuko baxuenetarikoa da, baxuena ez bada.

UPV/EHUko egungo zuzendaritzak aurrekoaren jarrera pribatizatzailea bera mantentzen du, eta azkenaldian estrategia horretan sakontzeko pausuak ematen ari da. Krisi garaitik eman diren murrizketen aitzakiaz, Estatuak inposaturiko murrizketen eskutik –haien artean, plantillen hazkundea mugatzen zuen birjartze-tasa– oinarrizkoak edo egiturazkoak diren hainbat zerbitzuren azpikontratazioa areagotu da administrazioan, baita EHUn ere. Eta horrek ez du ekarri zerbitzuen hobekuntzarik, ezta aurrezkirik eragin duenik frogatu ere.

Oraingo honetan UPV/EHUko Informazio eta Komunikazio Teknologien zerbitzuen pribatizazioaren ekimenaren berri izan dugu, irakasle, administrazio eta zerbitzuetako pertsonal eta ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratzeko UPV/EHUko zuzendaritzak duen asmoa dela eta.

Izan ere, UPV/EHUk proiektu pilotua martxan jarri du, zeinean 250 pertsona –ikasle eta irakasle  – aukeratu diren beren posta elektronikoak unibertsitatearen zerbitzarietatik Microsoften hodeira igotzeko. Egitasmoa aurrera joango balitz, gainera, egun UPV/EHUk kudeatzen dituen zerbitzarietan gordeta ditugun datuak Microsoft multinazionalaren esku geratuko lirateke.

Unibertsitateko komunitatea osatzen dugunon datu pertsonalak, emaitza akademikoak, kudeaketa-datuak, e.a. Microsoft-en eskuetan uzteak, norberaren pribatutasunaren aurkako erasoa izateaz gainera, multinazionalaren eta haren zerbitzu teknikoen menpe jartzen du UPV/EHU.

Oinarri-oinarrizkoa den zerbitzu informatikoa esku pribatuetan uzteak, langileen baldintzak okertzea ez ezik zerbitzu publikoaren izaera ere baldintzatu dezake; izan ere, badakigu jakin, enpresek etekin ekonomikoak lortzeko langileriaren kostea merkatzen dutela, garbikuntzako azpikontrataturiko enpresak dugu horren adibidea gurean, esaterako.

Beste aldetik, Microsoft multinazionalak langile zein ikasleei zerbitzu batzuk dohainik eskainiko dizkie kudeatzearen truke. Baina guztiok badakigu ez dagoela ezer doakoa interneten eta, modu batean edo bestean, oparitutakoa kobratuko digutela, gure datu pertsonalak helburu komertzialekin erabiliz, eskatzen ez ditugun produktuak bideratuz -hauek bai ordaindu beharrekoak  edota gure askatasuna mugatuz; hori guztia, gainera, gure informazio, dokumentu eta abar beren eskuetan uzten ditugula kontuan hartu barik.

Beraz, LABetik ez dugu onartzen egiturazko funtzioak azpikontrataturiko enpresen bidez esku pribatuetan uztea, zeinak lan bera egiten duten langileek soldata eta lan baldintza ezberdinak jasotzea ekar dezakeen, besteak beste. Honako honetan, zuzendaritzak urrats arriskutsu hori emango duelakoan gaude, eta  IKTn lan egiten dutenengan ez ezik langile guztiengan eragina izango duen erabakia izango da. Langileen, ikasleen eta erakundearen beraren datuak informatikaren multinazionalaren eskuetan utzita, dagozkion erantzukizun batzuk uxatzeaz gainera, langile guztion norberaren informazioa kudeatzeko askatasuna bahitzen du. Eta hori ez da debaldekoa. Are gutxiago publikoa esaten den unibertsitate batean.