Osagarriak arriskuan berriro ere!

LAB eta Steilas sindikatuon lana tartean, 2017ko Osagarrien deialdia berretsi zuen Gizarte Kontseiluak pasa den urriaren 25ean izandako ezohiko bilkuran. Badakizuenez, C tramuak eskatzeko epea laburragoa zekarren deialdiak, urtea amaitu aurretik ebatzi eta urtarriletik aurrera kobratzen hasi ahal izateko asmoz, 2015ean eta 2016ean ezarritako dinamikari jarraituz. UPV/EHUren zuzendaritzak, bere aldetik, tramu hauek eskuratzeko eskaera egin duten irakasle-ikertzaileen antzinatasunari buruzko informazioa helarazi zion segituan Unibasq-i, aldeko txostenak presta zitzan zuzenean, inongo ebaluazio-komitetatik ez baitira pasatu behar eskaera hauek. Baina asteon jakin dugunez, Unibasq-ek adierazi du ez dituela ohiko epeak beteko, zergatik eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak desadostasuna adierazi duelako Gizarte Kontseiluak onartutako prozedurarekin, berau bada ere horretarako eskuduntza duen organo gorena.
Aurreko deialdietako dinamika unilateralki hautsiz tramu hauek aurten ez ebazteak 1.625€ eta 3.750 € arteko diru-galera ekarriko dio eskatzaile bakoitzari. Aurten 279 irakasle-ikertzaile izan dira, EHUn soldata baxuenetakoak dituztenak gainera. Horregatik ere ohartarazi nahi dugu, erabakiak, eragin ekonomiko hutsez gain, ondorio sozial eta politiko nabariak izango dituela, zeren irakasle-ikertzaileen arteko etena sakondu ez ezik, unibertsitateko instituzioen euren deslegitimazioa ere ekarriko baitu.
Hortaz, batetik, Jaurlaritzaren jarrera salatu behar dugu: osagarrien deialdia urtero egin behar da, eta Jaurlaritza hura ekonomikoki doitzera behartuta dago, legediak ezarritakoaren arabera. Jaurlaritzak ez du zertan interferentziarik egin, Gizarte Kontseilua eta Unibasq gisako legez independenteak diren erakundeetan, are gutxiago C tramu berri hauek dakarten ordainketei muzin egiteko.
Bestetik, Unibasqek hartu duen erabakia ere erabat gaitzesten dugu. Bere zereginen artean irakasleen lanaren ebaluazio neutrala dago; 13/2012 Unibasqen Legearen 4.2 artikuluaren esanetan: “Agentziak, ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-jarduerak betetzean, independentzia eta objektibotasun osoz jardun behar du”. Eta horrela jardun dezan exijitzen diogu.
Jaurlaritza: Langileen soldatekin jokatzeari ez!
Kalitatezko Euskal Unibertsitate Publikoari bai!