Seiurtekoen deialdiak irekita, eta alderdi berri batekin
Informatu berri dugunez, ikerketa seiurtekoak eskatzeko deialdiak irekita daude, bai irakasle-ikertzaile laboralentzat baita irakasle-ikertzaile funtzionarioentzat. Deialdi horietan zehazten dira alderdi ezberdinak (bete beharreko baldintzak, prozedura, irizpideak…), eskatzeko epea urtarrilaren 18a izanik.
Aurten, ezagutzaren transferentzia-seiurtekoa eskatzeko aukera dago lehenengo aldiz. Seiurteko honen inguruan ohar batzuk:
- Pilotu-proba bat da. Horregatik, oraingo baldintzek ez dute zertan hurrengo deialdien baldintza berak izan behar.
- Transferentzia-seiurteko bakar bat eska daiteke.
- Ezagutzaren transferentzia-seiurtekoak eta ikerketa-seiurtekoak independenteak dira. Hots, ez daude elkar baldintzatuta. Transferentzia-seiurteko bat eskatu ahal izateko eskakizun bakarra da ikerketa-seiurteko bat jada aitortuta izatea.
- Ikerketa-seiurteko berri bat eskatu ahal izateko 6 urteak ez badira igaro ere, transferentzia-seiurtekoa eska daiteke. Gauza bera ikerketa-seiurteko bat eskatu eta aitortua izan ez bazen; hortaz, ez du oztopatzen transferentzia-seiurtekoa orain eskatzea.
- Transferentzia-seiurtekoa eskatzeko erabil daitezke bizitza laboralaren meritu guztiak, lehenengo ikerketa-seiurtekoa lortzeko erabili zirenen urtekoak barne, baita aurreko urteetakoak ere. Ikerketa-seiurtekoen eskarian gertatzen den bezala, aurkeztutako 6 urteak ez dira zertan jarraituak izan behar.
- Oraingo deialdian eskatutako transferentzia-seiurtekoa ez bada aitortzen hurrengo deialdian eska daiteke berriz, urte berak erabiliz horrela nahi izatekotan.
- Bi seiurteko mota hauek independenteak badira ere, lor daitekeen gehienezko seiurteko kopuruari dagokionez metatzen dira (gehienez 6 seiurteko).
- Seiurtekoak eskatzeko epea urtarrilaren 18a bada ere, transferentzia eta berrikuntza seiurtekoak eskatzeko EHU barneko merituen ziurtagiria urtarrilaren 7an askoz jota eskatu behar da ikertu@ehu.eus helbidera idatziz, administrazioak berak EHU Taularen bidez informatu duenez.
Baina aitortutako seiurteko batzuk oraindik ordaindu gabe…
Sententzia baten ondorioz, bigarren urtez, plaza iraunkorra betetzen ari diren aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoen eskaera egin badezakete ere, oraindik ez dakigu EHUko zuzendaritzak nola jokatuko duen. Izan ere, aurreko deialdian epaiaren oso irakurketa murriztailea egin zuen eta aldi baterako irakasle-ikertzaile gehien-gehienak deialditik kanpo utzi zituen. Hala ere, deialdian parte hartzea baimendu zitzaienei oraindik ez zaizkie ordaindu aitortutakoak; aitortzaren ohartarazpena ekaina-uztailean jaso bazuten ere kobratu gabe jarraitzen dute 2018ko urtarrileko efektuekin jaso beharko zituzten seiurtekoak. Ordainketa gauzatzeko hitzarmen bat sinatu behar du EHUko zuzendaritza taldeak sindikatuekin. LABetik, akordio hori udako oporren bueltatik etengabe eskatzen ari gara. Zuzendaritzaren erantzuna, aldiz, kontrakoa ez izan arren, aitzakiak ematera mugatzen da (laster izango dela, abendurako egongo dela…). Oraindik orain, urtea bukatzear, ez dago inolako proposamenik mahai gainean. Ondorioz, jada kaltetuak diren langileez gain, irekitako deialdi berriaren aurrean plaza iraunkorrak okupatzen dituzten aldi baterako irakasle-ikertzaileak ezjakintasunean murgilduta daude, ez baitakite, seiurtekoak aitortzekotan, ordainduko zaizkien, noiz eta zenbat diru seiurteko bakoitzeko.
Zuzendaritzaren jarrera lotsagarria iruditzen zaigu, irakasleen eskubideekin jolasten ari baitira argi hitz egin gabe. LABetik jarraituko dugu egoera hau salatzen eta presioa egiten aitortutakoa ordainduta izan dadin.
Eta aldi baterako langileen aldeko sententzia oraindik bete gabe ere…
Aurreko seiurtekoen deialdian aldi-baterako irakasle-ikertzaileak kanpo uztearen kontra helegite bat jarri zuen LABek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko salak urrian arrazoia eman zigun argitaratutako epaian. Sententziak jasotzen du aldi baterako langileen eskubidea ikerkuntza ebaluatua izateko baita aitortutakoa kobratzeko ere, eta UPV/EHU, Unibasq eta Eusko Jaurlaritza behartzen ditu epaia betearaztera. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta EHUko zuzendaritzak sententzia horri helegitea jartzeko asmoa adierazi dute, langileen kontrako jarrera erakutsiz.
Laster jakingo dugu zerbait gehiago horri buruz, baina litekeena da hilabeteak igarotzea sententzia irmoa izan arte. Bitartean, Unibasq-ek argitaratutako deialdi berrian ez da betetzen epaian jasotakoa eta aldi baterako irakasle-ikertzaile gehienak kanpoan uzten dituzte, beste behin ere.
LABetik jarraituko dugu ekimen ezberdinak garatzen irakasle-ikertzaile guztiek dagozkien ikerketa merezimenduen aitortza eta ordainketa eskura ditzaten, finkoak izan ala aldi baterakoak izan.
Langileen arteko diskriminaziorik ez!
EHUko zuzendaritza, errespetatu langileei dagozkiena!
Seiurtekoak guztiontzat!