Seiurtekoak: LABek bultzatutako epaiaren sententzia, aldekoa!

Diskriminazioa gelditzeko lorpena, baina borrokak aurrera darrai

LABek aspalditik salatu eta exijitu dio EHUri seiurtekoak eskatzeko eta ordaintzeko orduan aldi baterako irakasle-ikertzaileekin daraman diskriminazioa amaitzeko, (1)(2)(3).

ANECAk diskriminazio honekin bukatzeko aukera zabaldu zuen eta hala egin dute, gutxienez, Estatu espainiarreko 12 unibertsitatek (4). EHUko zuzendaritzak, ordea, ez zuen nahi izan. Bere jarrera ez da argia izan: batzuetan ezin zela esan; beste batzuetan, haien kontua ez zela adierazi, Unibasq-en ardura jarrita; eta beste batzuetan, “lan egiten ari gara” esan baina, deialdia ateratzeko momentua helduta, diskriminazio hau mantendu dute, urtarrilean aterako den deialdian gertatuko den bezala.

Jarrera honen atzean Eusko Jaurlaritzaren presioak paper handia dauka, ez baitu nahi honek suposatuko lukeen finantzaketa bideratu. Honen aurrean, EHUko zuzendaritzaren jarrera ahula eta koldarra da.

EHUko gune ezberdinetan salatzeaz gain (5) eta protesta ekimenak jorratzeaz gain, epaitegietara ere jo genuen: 2017ko seiurtekoen deialdiaren aurkako demanda bat jarri genuen, deialdia aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektiboetara zabaltzeko eskatzeko. Demanda honetara STEILAS sindikatua gehitu zen geroago ekimen juridiko hau era bateratuan garatzeko. Prozesu luze baten ostean, abenduaren 7an Gasteizko administrazioarekiko auzien epaitegiko epaile batek atera zuen sententzia, non deialdi hori zuzenbidearen kontrakotzat hartzen duen eta non Unibasq-i agintzen dion 2017ko deialdia irakasle atxikiei, elkartuei eta kolaboratzaileei zabaltzea. Sententzia honetan, jada ebaluatuak izan ziren irakasle-ikertzaileen ebazpenen balioa berresten du. Deialdian parte hartzeko aukera behin-behineko irakasle-ikertzaile guztiei zabaltzeko eskatu bagenuen ere, ikertzaileei ez zaie aipamena egiten sententzian. Sententzia hau aurrerapauso garrantzitsu bat da garatzen ari garen borroka honetan, nahiz eta zalantza gutxi daukagun Eusko Jaurlaritzak errekurrituko duela.

Epaitegietako bidea ez da erraza izaten ari, baina gauzak mugitzen ari dira eta aurreikusten dugu gaur egun diskriminatuta dauden aldi baterako irakasle-ikertzaileek etorkizunean beren ikerketa-merituak seiurtekoen deialdietan aurkeztu ahal izango dituztela. Diskriminazio honetan tematzen diren EHUko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak galduko dute auzia. Oraingoz, auzia atzeratzen ari dira , bere garaian bosturtekoekin egin zuten moduan.

LABetik tinko mantenduko gara borroka honetan. 2023ko hasieran Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egingo dugu, gai honetan duen jarrera salatu eta irabazitako sententziak jasotzen duena berehala bete dezan exijitzeko. Beraz, urtarrilaren 11n, asteazkena, 12:30etan Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Donostia kalea 1, Gasteiz; bus geltokiaren atzean) egingo dugun elkarretaratzera etortzeko deia egiten dizuegu. Seinala ditzagun diskriminazio hau mantentzearen erantzuleak!

Langileen arteko diskriminaziorik ez!

Seiurtekoak ikertzen duten guztiontzat!