Azken Gobernu kontseiluan errektoreak iragarri zuen irakasle atxikiak eta laguntzaile doktoreak hurrengo seiurtekoen deialdian aurkeztu ahal izatea proposatuko dela. EHUko zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarrizketen ondorioa dela eta Unibasq-eko Gobernu kontseiluak onartzeko aurkeztuko dela.
Hainbeste urtetan diskriminazio hori pairatu ostean, kolektibo zabal horren kideek aurkeztu ahal izatea aurrerapauso garrantzitsua da, zalantzarik gabe. 2023ko urriaren 13an 541 irakasle ziren.
Pertsona hauei seiurtekoak aitortzen bazaizkie, kobratzeko aukera izango dutela ulertzen dugu, baina alderdi hori argitzea eskatzen dugu, baita zein izango den diru-kopurua, 41/2008 Dekretuan ez baitago jasota.
Beste alde batetik, aldi baterako gainerako irakasle-ikertzaileak kanpoan utzi dituzte, langile askorentzat diskriminazio hori mantenduz. Irakasle-ikertzaile batzuk sartzeko eta beste batzuk kanpoan uzteko irizpidea arbitrarioa da. Aitortzen dena ikerketa merituak badira, merituak dituenari aitortu behar zaizkio, okupatzen duen lanpostutik haratago. Lan-figura bati aukera hori luzatzea diskriminatzailea izaten jarraitzen dut. Horren atzean antzeman daitekeen irizpidea betikoa da: ekonomikoa.
LABek urteak daramatza bosturteko eta seiurtekoei lotutako langileen arteko diskriminazioa salatzen, eta aldi baterako irakasle-ikertzaile guztiei aurkezteko aukera exijitzen. Bosturtekoen kasuan lortu zen, arduraldi partzialeko irakasleen kasuan oraindik ukatzen bazaie ere [1]. Ugariak izan dira komunikatuak, negoziazio mahaietan eta plangintza batzordeetan egindako eskaerak, irakasle-ikertzaileekin batera egindako mobilizazioak [2] [3] [4] [5]… Sindikatu batzuek diskriminazio hau epaitegietara ere eraman dugu, eta aldeko sententziak jaso dira. Ohikoa denez, langileen aldeko sententziak Administrazioak (izan EHUk, izan Eusko Jaurlaritzak) errekurritzen ditu. Sententzien kontrako ebazpenen zain gaude oraindik. Edozein kasutan, gero eta argiago dago EHUk zein Eusko Jaurlaritzak beren burua behartuago ikusten dutela mugimenduak egiteko. Are gehiago, lehen erabiltzen zuten aitzakia (ANECAk ez zuela ahalbideratzen aldi baterako irakasle-ikertzaileek seiurtekoak eskatzea) 2021ean bertan behera geratu ostean. Beraz, Eusko Jaurlaritzari jarritako errekurtsoak bertan behera uztea eta langileen aldeko epaiak onartzea eskatzen diogu.
Bide ezberdinetan egindako lana eta presioa bere fruituak ematen hasi da, bere momentuan bosturtekoekin gertatu zen bezala. Presio hori, egoera berri honetara eraman gaituena, mantendu behar dugu, aldi baterako gainerako irakasle-ikertzaileak diskriminazioak mantentzen baitituzte. Arazoa txikitu egin da, baina ez da konpondu.
Era berean, 41/2008 Dekretua aldatzea berresten dugu, beste behin ere. Izan ere, aldi baterako irakasle-ikertzaileen bosturtekoak eta seiurtekoak jasota ez egoteaz gain, beste arazo batzuen iturria da. Larriena, lanaldi partzialeko irakasleen miseriazko soldatena.
Diskriminaziorik ez!
Seiurtekoak eskatzeko aukera aldi baterako irakasle-ikertzaile guztientzat!
41/2008 Dekretua aldatu!