Azken bi hamarkadetan, baliabide teknologikoen aurrerapen eta zabalkundearekin, eta batez ere, azken urte hauetan, Covid-19aren eraginez, lan jarduna modu ez presentzialean betetzeko aukera baliatzen duten langileen kopurua nabarmen hazi da. Hazkunde hau, ordea, ez da toki guztietan berdin eman. Estatu espainiarra Europar Batasunaren batez bestekoaren azpitik dago, eta EAE honen batez bestekoaren azpitik.
Eta EHUn? Bada, koronabirusaren etxeratze eta murrizketak pasata dauden garaiotan, ez da gehiegizkoa esatea, gurean, telelana langile oso gutxiren eskuetan dagoen aukera dela: TEKAZEL kolektibo osoko 1.900dik gorako langileetatik, 2023.urtean, soilik 55 langile inguruk izan dute aukera hau.
Datuak datu, irailaren 25ean, EHUko Gerentziak telelana arautzen duen akordioaren zirriborro bat aurkeztu zigun TEKAZELen Batzorde Negoziatzailean sindikatuoi. Administrazioaren asmoa urriaren 13rako telelana arautuko duen akordio bat sinatu eta berau hurrengo urterako martxan jartzea da.
Honen aurrean, EHUko LABek duen iritzia helarazi nahi dizuegu EHUko langile guztiei.
Alde batetik, ez zaigu balekoa iruditzen telelana, hari-mutur askotarikoa den gai bat, bi bilera eskasetan itxi nahi izatea, patxada handiagoa merezi duen gaia iruditzen baitzaigu.
Bestetik, arautegiaren edukiari dagokionez proposamenaren sarreran dioenak argi azaltzen du zein den EHUren Zuzendaritzak telelanarekiko duen ikuskera: telelana ez da langileok dugun eskubidea, lanaldia antolatzeko tresna soil bat baizik. Administrazioak jakin badaki badagoela nahikoa oinarri legegile eta juridikoa adierazten duena telelana, besteak beste, langileon bizitza kontziliazio eskubidea ahalbidetzeko tresna dela, eta horren ukatzeak norberaren bizitzarekin bateragarri egiteko eskubidea urratzen duela.
Aurkeztutako akordio zirriborroa murriztailea, elitista eta anbizio gabea dela uste dugu. Murritza, telelanean jarduteko planteatzen duen langileen kopurua oso txikia delako; elitista, telelanean jardutea soilik goi taldeetako langileen aukera gisa finkatzen baitu; eta anbizio gabea, telelanaren aukerak bultzatu beharrean, telelanean jardun ahal izateko trabak jartzen dituelako. Labur esanda, aukerak erraztu beharrean zaildu egiten ditu.
Akordio zirriborroa aurkeztuta, pasa den urriaren 3an bukatu zen berari zuzenketak aurkezteko epea.
Zer egin? Egoera honen aurrean, EHUren LAB sindikatuak hainbat aterabide posible aztertu ditugu: akordio proposamenari osoko zuzenketa aurkeztea; hamarnaka zuzenketa partzial aurkeztea; edo telelanaren gaiak duen garrantziagatik, merezi duen eta benetako negoziazioa ahalbidetuko duen denbora tarte bat irekitzea.
Lehenengo biak, osoko zuzenketak eta zuzenketa partzialak, ez dute bermatzen balizko behin betiko Telelanaren Akordioan gure irizpideak kontuan hartuko direnik. Gainera, litekeena da zuzenketen eztabaidan luzatzea eta azkenik, Administrazioak berea egin eta hala moduz aurrera egitea.
Hirugarren alternatibak, aldiz, balia dezake, etorkizun hurbilean, Telelana Akordio bat, non langileon bizi eta lan baldintza justuagoak bermatuak izango diren.
Jakitun izanik gai honen inguruan EHUko langileek duten ikusmin eta espektatiba handia dela eta telelanaren jarduna lehenbailehen martxan jartzeak duen garrantzia kontuan hartuta, LABek honako hau proposatu dugu: Gerentziak aurkeztutako akordio zirriborroari baiezko kritiko eta baldintzatu bat ematea baldin eta bi baldintza onartzen baditu Zuzendaritzak.
LABen baldintzak
Lehena, 2024 urtean telelanean jarduteko aukera izango dutenen kopurua, gutxienez, 100 langile izatea. Zirriborroan, Administrazioak aurreikusten duenaren arabera, 2027.urtera arte itxaron beharko genuke kopuru horretara iristeko.
Bigarrena, Lanpostuen Zerrendan (LPZ) dauden lanpostu guztien balorazioa egin eta telelanerako aukera duten edo ez aztertu eta proposamena sindikatuekin negoziatzea. Gerentziaren proposamena datorren urteko maiatzean ezagutarazi sindikatuei eta hortik aurrera, negoziazio prozesua martxan jartzea.
LABek bere proposamena atzo TEKAZELen Negoziazio Batzordera eraman zuen. Orain, Gerentziaren erabakiaren zai gaude. Bada ordua atzera begira baino aurrera begira jarri eta egungo egoerak eta ate joka ditugunak baliatuz Telelanaren inguruko ganorazko akordioa adostu eta martxan jartzeko EHUn.