Iragan asteko ostegunean Campus arteko Segurtasun eta Osasun Batzordea bildu zen Zuzendaritzak prestatutako UPV/EHUren aurrez aurreko jardunera itzultzeko Plana, COVID-19ak eragindako osasun alertaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren ostean izeneko dokumentua aurkezteko.
Bileran, LABek planean planteatzen ziren hainbat gai negoziatu beharrekoak zirela aldarrikatu zuen. Zoritxarrez, beste behin ere, Errektore Taldeak ez duela negoziatzeko borondaterik argi utzi du: egun bateko epea eman zuen ekarpenak egiteko eta, beste bilerarik egin gabe, astelehenean bertan Plana ezagutzera eman zuen, LABek egindako ekarpen gutxi -eta ez funtsezkorik- onartuta.
Gauzak horrela, LABek EHUko langilegoari honako hau adierazi nahi dio:
- Negoziatu zein ez, EHUko Administrazioak langile guztien segurtasuna eta osasuna bermatu behar du, inolako salbuespenik gabe.
- Prebentzio planak osatzeko langileon ordezkari diren Lan Osasuneko delegatuen parte hartzea derrigorrezkoa da. Gerentziak legezko betebehar hori ezin du ordezkatu “informatze” hutsarekin, nahiz eta horrela egiteko asmoa duen.
- Aurrez aurreko jardunera itzuli behar badugu, langile guztioi Testak egitea ezinbestekotzat jotzen dugu, horrela kutsatuta egon daitezkeen langileak atzeman daitezkeelako eta ingurukoak kutsatzeko arriskua gutxituko litzatekeelako. Ez dugu ahaztu behar uztailaren hasieran Unibertsitatera Sartzeko Probak burutuko direla, eta milaka langile eta ikasle ibiliko direla EHUren eraikinetan gora eta behera.
- EHUk jende guztia babestu behar du, neurri organizatibo eraginkorrak zein bestelakoak martxan jarriz. Zentzu horretan, faltan botatzen ditugu hainbat kasutan Norberaren Babeserako Ekipoak (maskarillak irakasle eta hainbat AZPrentzat) ez daudela bermatuta.
- Norberaren Babeserako ekipoak, bestalde, modu orokorregian planteatzen dira, beharrezko zehaztapenik gabe.
- Telelana lehenestea ondo dago, are gehiago egoera honetan, baina telelan orokortu hori ezin da planteatu inolako araudirik adostu gabe eta langileok behar den azpiegituraren kostoa gure gain hartuz.
- Langile zaurgarrien inguruko proposamena guztiz zehazgabea eta larria iruditzen zaigu: EHUko Zuzendaritzak ez du zehazten zer egiteko asmoa duen langile hauekin eta, larriagoa dena, bere osasunaren berri ematea bete beharreko datu pertsonalen babeserako Legean zehaztutakoa betetzen ez duen e-posta helbide batera dokumentazioa bidaltzea eskatzen zaio langilegoari. UPV/EHUk halako datuak era zifratuan bidaltzeko modua bermatu behar die langile horiei ezinbestean.
- COVID-19k sortutako egoera eta arrisku berriak direla eta EHU behartuta dago lanpostu ezberdinak ebaluatu eta hartu beharreko neurriak zehaztera. Eta hau ez da norberaren erantzukizuna, unibertsitateko administrazioarena baizik.
- Tamalgarria da ikustea EHUko Administrazioak norberaren lanpostura joateko ibilgailu pribatua lehenestea, garraio kolektiboa edota alternatiboa (bizikleta…) ia (edo osorik) baztertuta, horrek Campusetan sortu ditzakeen egoerak nola ekidin planteatu gabe.
- Onartezina da laneko arropa egoki erabiltzeko irizpideak eman ondoren langileak kutsatuta egon daitekeen arropa bere etxera eraman behar izatea garbitzeko.
- Azpikontratatutako enpresa guztiei eskatu behar zaizkie egoera eta arrisku berri honi aurre egiteko prestatutako prebentzio planak, eta horiek guztiak UPV/EHUko Lan Osasun Delegatuen esku jarri.
Honengatik guztiagatik, LABek jarraipen estua egingo die Plan honetan aurreikusitako neurriei, eta langile guztien segurtasuna eta osasuna babesteko lan egingo du, bide eta neurri ezberdinak aurreikusiz.
UPV/EHU, langile guztien osasuna bermatu!