UPV/EHUko Administrazioaren IRIentzako 2021eko EPE proposamenaren aurrerapausoak eta gabeziak

Abenduaren 1eko Plangintza Batzordera irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak aurreko Plangintza Batzordera ekarri zuen 2021eko EPEaren diseinuaren proposamen berbera ekarri du. Gogoratu iazko EPEan Administrazioak iragazki berri bat ezarri zuela plazak lehiaketara ateratzeko, irakasle atxiki bezala gutxienez 2,5 urte eramatea, alegia. Irakasle-ikertzaile batzuek irakaskuntza eskarmentu nahikorik ez zutelako gehitu omen zuten irizpide hori; jakin bazekiten arren zerrendako irakasle guztiak eskatutako akreditazioaren jabe zirela. LABek, administrazioaren alde bakarreko erabakia kritikatu zuen, irizpide berri horrek, urte luzez eskolak ematen aritutako eta epe motzean beren plaza konkurtsora ateratzea aurreikusten zuten irakasle -atxikiak zein bitarteko irakasle kontratatuak (BIK)- batzuen egonkortze prozesua luzatzen zuelako. Horren aurrean LABek alternatiba osagarri bat proposatu zuen: bost urteko irakaskuntza esperientzia metatzea nahikoa izatea iragazkia pasatzeko, atxiki moduan 2,5 urte egon izana den bezalaxe. Modu honetan, BIK bezala emandako irakaskuntza ere kontuan hartuko litzateke. Eztabaida luze baten ondoren Administrazioak gure proposamena onartu zuen, baina epea 5etik 7,5 urtetara luzatuz. LABentzat oraingo lehentasun-irizpidea, gutxienez 2,5 urte atxiki bezala egon izana edo 7,5 urteko irakaskuntza esperientzia izatea, ontzat har daiteke, 2020ko EPEan alde bakarretik ezarritako irizpide horri buelta ematen diolako neurri handi batean, irakaskuntzan urte nahikoa daramaten aldi baterako irakasle gehienei atea berriz irekitzen baitie.

Administrazioak luzatutako datuei erreparatuz, aurtengo EPEan 133 plaza atera daitezke aurtengo lehiaketara. Aurtengo birjartze tasa % 110ekoa bada ere, berriro salatu behar dugumuga honek unibertsitateko aldi baterako irakasle-ikertzaileen lanpostuak egonkortzea modu onartezinean atzeratzea dakarrela.

Administrazioaren proposamenaren aurrean zenbait kezka adierazi nahi dugu:

Administrazioaren lehenengo proposamena jasota, ardura handiz ikusi genuen egonkortzeko lanpostuen kopurua nabarmen jaisten zela, promozionatzeko diren lanpostuekin alderatuta. Horren aurrean egonkortzeko lanpostuen kopurua handitzearen alde agertu ginen. Kezkaz ikusten dugu nola gaurko Plangintza Batzordera proposamen bera ekarri den, egindako eskaerak guztiz baztertuta eta, gai honetan, negoziatzeko borondate eza erakutsiz. LABetik, nola ez, irakasleen promozionatzeko eskubidea defendatzen dugu baina EPEra ateratzeko lanpostuen banaketa definitzeko orduan lehentasuna egonkortzeari eman behar zaiola uste dugu. Eta, gainera, ez dugu promoziotzat hartzen agregatutik titularrera pasatzea. LABek beti defendatu du karrera laborala eta funtzionariala parekoak direla eta eskubide berdinak izan behar dituztela. Hain zuzen ere, hau da gehien kezkatzen gaituen puntua. Izan ere, Administrazioak aurreko urteetan baino askoz plaza gehiago sortu nahi du agregatutik titularrerako, agregatu/titularrerako akreditatuta eta urteetako irakaskuntza eskarmentua daukaten hainbeste irakasle atxiki eta BIK egonkortzeko zain dauden bitartean. Are gehiago kontuan hartuta kasu batzuetan agregatutik titularrera pasatzeko zain dagoen irakasle agregatu batek egonkortzeko zain dagoen irakasle bat aurreratu dezakeela, lehenengoa agregatu bezala denbora gutxiago zain egon arren. Bidegabekeria hau zuzendu egin behar da! Horregatik agregatutik titularrera igarotzeko proposatzen diren 20 plazak nabarmenki gutxitzea eskatu dugu berriz ere. Ez dugu horrelako plazarik ez ateratzea eskatzen, zeren eta irakasle hauek ere titularrera igarotzeko eskubidea baitaukate eta barne promozioaren bitartez ateratzeko katedra plazen kopurua sortutako titular lanpostuen kopuruari lotuta baitago. LABek, banaketa orekatuagoa defenditzen du, beti ere, langileak iraunkor bihurtzea lehentasuna izanda.

Beste aldetik, gogoratu behar dugu Estatuko legediak ezartzen duela birjartze tasak ahalbidetzen duen plaza kopuruaren % 15a ikertzaileak egonkortzeko erabili behar dela. Hasieran Ramón y Cajal programa bukatu eta I3 akreditazioa zuten ikertzaileak bakarrik hartzen ziren kontuan. Gerora, ordea, bikaintasun programetatik igaro eta I3 akreditazoa duten ikertzaileei ere zabaldu zaie aukera. Hala ere, EHUk lanpostuak Ramón y Cajal programakoei bakarrik ateratzen jarraitzen du, nahiz eta plaza guztiak ez erabili. Gai honen inguruan berriz eskatu dugu bikaintasun programetan egon diren eta I3 akreditazioa daukaten ikertzaile guztiei lanpostu iraunkor batera lehiatzeko aukera zabaltzea. Zentzu horretan, ikertzaileen ibilbidea definitu behar da behingoz, lanpostuak sortzeko eta lehiatu ahal izateko irizpideak definituz. Irizpide horien artean euskara egon behar da. III Euskara Planaren harira LABek egin zituen proposamenetan jasota zegoen sortzeko ikertzaile iraunkor plazetatik gutxienez erdiak euskara hizkuntz-profila izatea. Irizpide bera defendatzen jarraituko dugu, EHU euskalduntzeko oraindik geratzen diren hutsune ugariak are gehiago ez handitzeko.

Eta zer esan ikerketa-irakasle irudiaren inguruan… Irakasle osoaren pareko irudia da hau, aspalditik dago definitua (40/2008 Dekretuan), duela 13 urte jada! eta Unibasq-ek lanpostu honetarako akreditatzen du. Hala ere, zergatik ez da oraindik horrelako plazarik sortu? LABek eskatzen du irudi horretarako akreditatuta dauden ikertzaile iraunkorrak, katedradun/irakasle oso izateko zain daudenen zerrendan integratzeko irizpideak ezartzea, langile hauek ikerketa-irakasle lanpostura promozionatu ahal izateko.

LABetik langile guztien eskubideak defendatzeko lan egiten jarraituko dugu, ahultasun egoeran daudenengan arreta berezia jarriz.