UPV/EHUn, euskarari dagokionez, oro ez da urre

II. Euskara Planaren ebaluazioaren inguruko irakurketa

Apirilaren 26ko Gobernu Kontseiluan ezagutu genuen Euskararen II. Plan Gidariari (2013-17) buruz Euskara errektoreordetzatik egindako ebaluazio-txostena. 2018-2022 urteetarako Euskararen III. Plana eztabaidatzen hasi baino lehen, beharrezkoa ikusten dugu aipaturiko ebaluazioaren inguruan gure irakurketa plazaratzea, hankamotz ikusten dugulako.
Lehenik eta behin, Euskararen II. Plan Gidariaren ebaluazioa UPV/EHUko webgunean publiko egitea eskatzen dugu, unibertsitateko kide guztiontzat eskuragarri egon dadin.
Beste alde batetik, gure ustez, emaitzen apainketa dago aurkeztu diguten ebaluazioan. Izan ere, UPV/EHUko euskalduntze prozesuan aurrerapausoak egon badira ere, II. Planaren helburu asko ez dira bete. Errektoreordetzatik aurkeztutako datu batzuk egoeraren argazki positiboegia ematen dute, euskararen alderdi kaskarrenak “edertzeko” asmoz.
Hona hemen adibide batzuk:

  • UPV/ EHUko AZPko lanpostuetako hizkuntza eskakizunen egiaztatze mailari dagokionez, EAEko gainontzeko herri administrazioetako datuekin alderatzen da: Haurreskolak Partzuergoaren atzetik gaude, %70,8-ko egiaztate mailarekin (LZren 1548 lanpostu kontuan hartuta). Eusko Jaurlaritzarena, aldiz, %58,4 da, 12,4 puntu txikiagoa. Datu hauek, aldiz, Langileen Zerrendako (LZ) lanpostu gehienei egiten die erreferentzia (1548), LZren barruko ebentualen 20 lanpostu eta LZtik kanpoko lanpostuak (254) kontuan hartu gabe (274 guztira). Era berean, %70,8  horrengan eragina dute AZP-ko E/IV taldeko egiaztatze maila altuak, (%99), zeintzuek derrigorrez 1. hizkuntza-eskakizuna akreditatu behar duten lanposturako; Haurreskola Partzuergoko langileei, aldiz, 3. hizkuntza eskakizuna eskatzen zaie.

Gure iritziz, Jaurlaritzako lehenengo eta bigarren hezkuntza eta lanbide heziketa zentroetako administrazioko datuekin alderatuta, seguruenez, EHU ez litzateke hain ondo kokatuta agertuko (Ebaluazio Txostenaren 1. eta 7. taulak).

  • 2016/17 ikasturterako graduondokoetan euskaraz eskainitako kredituen portzentajea %4,1eko igo dela (%11,3-ra arte) esaten da. Irakurketa zuzena eginda, kredituen portzentajea % 9,7koa da, eta igoera 4 kurtsotan, berriz, %2,7koa (Ebaluazio Txostenaren  33. taula).
  • Era berean, “Gehienbat gaztelaniaz eskaintzen diren masterretan euskarazko irakasgaiak sartzea”ri dagokionez, euskaraz kredituak eskaintzen dituzten 25 graduondokoak eta 3 urtetan izandako garapena jasotzen dira, baina ez dira aipatzen euskarazko ikasgairik ez duten beste 58 master (Ebaluazio Txostenaren 34. taula).
  • Antzeko zerbait gertatzen da Master Amaierako Lanekin (MAL); euskaraz egindakoen kopuruak agertzen dira, baina ez osotara aurkezturikoekin alderatuta; datu horrek emango liguke benetako ikuspegia, eta euskarazkoak gutxienekoak direla agerian geratuko delakoan gaude (Ebaluazio Txostenaren 36. taula). Aurrean dugun bide luzearen adierazle, hain juxtu.
  • Irakasleentzat eta AZPkoentzat eskainitako hobekuntza ikastaroak zerrendatzen dira baina ez da aipatzen zenbat langilek eman duten izena (12. taularen osteko azalpena).
  • Urteko liberazioa AZPko zenbat langilek izan duten jasotzen da baina ez zenbatek lortzen duen lanposturako behar duten hizkuntza profila (12. taularen osteko azalpena).
  • Ez da agertzen emaitzen analisirik. Esaterako, ez da azaltzen euskaldundu behar ziren 147 graduko derrigorrezko irakasgaietatik, zergatik 48 (heren bat) euskaldundu gabe geratu diren  (Ebaluazio Txostenaren 3.1.1 puntua).  Era berean, AZP-ri dagokionez, planaren amaieran C, C/D eta III. titulazio taldeko lanpostuen %30-ak 3. hizkuntza eskakizunaren derrigortasun data ezarrita izan beharko luke, baita ere A edo I. titulazio taldeko lanpostuen %10-ak 4. hizkuntza eskakizunarena (Ebaluazio Txostenaren 2. taula). Kasu bietan ez da aztertzen zergatik ez diren helburu hauek bete. Are gutxiago, ez da esaten ez betetzearen ardura, AZPri dagokionean behinik behin, oraingo Zuzendaritza Taldeari dagokiola nagusiki, ez betetzeko hautua egin baitzuen eta horrela adierazi zuelako Gobernu Kontseiluan Nekane Balluerkak berak.

Diagnosia egiteko, ezinbestekoa da emaitzak aztertzea eta helburuak ez betetzeko egon diren zailtasun eta oztopoak identifikatzea, III. Planari begira konponbideak eta neurri zehatzak proposatzeko. Horretarako ausardia eta borondate argia egon behar da Zuzendaritza Taldetik. Helburuak idazteaz gain, erabakiak hartu behar dira, ikastegiak eta zerbitzuak  txantxangorriz betetzeak ez baitu UPV/EHU euskaldunago egingo, ezta euskara erabiltzeko dugun eskubidea bermatuko.

Euskararen III plan gidaria: puntu gakoei behingoz heldu behar

Datozen hilabeteetan, UPV/EHUko zentroetako Euskara batzordeetan Euskararen III plan gidaria (2018-2022) hasiko da eztabaidatzen. Aurreko planaren irakurketan, LAB-etik aipatzen genuenez, ezinbestekotzat jotzen dugu UPV/EHU euskalduntzeko puntu gakoei heltzea. Denbora eta lan handia egin ditzakegu ekimen askotan, baina alderdi gakoei eusten ez badiegu, 2022an euskaldunen eskubideak bermatu gabe jarraituko dute UPV/EHU-n.
UPV/EHUko LABen, afiliatuekin Euskararen III. planerako proposamen zehatzak plazaratzeko lanketa prozesuan gaude. Ekarpenak egin nahi dituzten beste langileei ere irekita dago parte-hartzea (interesa izatekotan jarri harremanetan gurekin). Proposamenak jaso bitartean, eta aurrerapen moduan, III. planak honako puntu gako hauei heltzea nahitaezkotzat jotzen dugu:

  • Graduen euskalduntzea

o  A, B edota C eredua daukaten graduei maila bat igo (B, C edota D/D+), atzerriko filologiak salbuetsita.

                   o  GrALak euskaraz egin eta aurkezteko aukera bermatzea gradu guztietan.

o  Matrikula baxua dela eta, hautazko irakasgaiak kentzen direnean, euskarazko eskaintza lehenestea.

  • Graduondokoen euskalduntzea

o   Master profesionalizatzaileak osorik euskaraz egiteko aukera bermatzea.

o   Gainerako masterretan euskarazko eskaintza handitzea, guztietan euskararen presentzia ziurtatuz.

                  o MALak euskaraz egin eta aurkezteko aukera bermatzea graduondo guztietan.

  • Irakasleen euskara maila

o   Autoebaluazio inkestetan hizkuntzen kalitatea ebaluatzea.

  • Barne eta kanpoko zerbitzuak

o  Euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzea.

o   AZPko atal elebidunak identifikatu eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatzea.

o   Hizkuntza-eskubideak urratuak izateagatik kexak jasotzeko zerbitzua bultzatzea.

  • Erabilera

o   Euskara zerbitzu eta lan-hizkuntza dela bermatzeko, ikastegi eta zerbitzuetako kalitate sisteman euskara sartzea, edota Bikain (Euskararen kalitate-ziurtagiria) ebaluazioa egitera bultzatu.

o   Ikasle eta langileen artean euskara erabiltzeko kanpainak bultzatzea.

  • Ikerketa

o   Sortzen diren ikerlari iraunkorren plazen erdiari C1 profila ezartzea.

o   Kanpoko finantzazioarekin kontratatutako ikerlarien lehiaketetan euskararen pisua handitzea, ikerlari euskaldunen portzentajea handitzeko.

  • Aurrekontua

o   Euskararen aldeko hizkuntza politikarako partiden portzentajea igo urtez urte.

  •  Planaren urtez urteko jarraipena egitea, eta planteatutako helburuetarantz ez bagoaz, neurriak hartu plana iraungi baino lehen.

UPV/EHUn euskaraz ikasi, lan eta bizi ahal izatera heltzeko gakoak diren arloei eutsi behar zaie, erabaki eraginkorren bitartez unibertsitate publikoaren euskalduntzean eta guztion hiztkuntza-eskubideen bermatzean aurrerapausoak emanez. Ekin diezaiogun lanari!