UPV/EHUren 2018ko Aurrekontuak: Ez nahikoak izanik, prekarietateari aurre egiteko konpromisoak onartu ditu Errektore Taldeak eta Gobernu Kontseiluak berak

UPV/EHUko langileongan, prekarietatea pairatzen dutenen kolektibo batzuengan bereziki,  eragina izango duten bi konpromisok gure abstentzioa ahalbidetu zuten 2018ko Aurrekontu Aurreproiektuaren bozketan. Izan ere, Gobernu Kontseiluak eta Errektoreak berak hitza eman zuten egun dauden bi lan-auziri irtenbidea bilatuko dietela; alde batetik, AZP-ren kasuan, RPT/LZPtik kanpo dauden 100 kontratu horren barruan sartzeko beharra aldarrikatu eta defendatuko dute Jaurlaritzaren aurrean. Beste aldetik, bosturtekoak aitortuak izan baina kobratu ez dituzten aldi baterako irakasleei ordaintzeko proposamena aurkeztu eta negoziatuko dute langileen ordezkariekin Aste Santua baino lehen. Nahikoak ez diren arren, bide onean doazen erabakiak dira unibertsitateko ordezkari gorenek hartutakoak.
UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2018ko aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta onartu zuen iragan ostegunean, otsailak 1. Aurten 410,2 miloi € izango ditu EHUk bere behar guztiei aurre egiteko, 2017 urtean baino 4,6 miloi gehiago (%1,1eko igoera).
Aipatu aurrekontuen diru-sarrera gehienak (310,4 miloi €) Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuetatik datoz.  Hala ere, Jaurlaritzaren ekarpen horrek, beste behin ere, ez du errespetatzen Urkulluk berak onartutako 2015-2018 Unibertsitate Planak jasotako diru-ekarpena. Izan ere, 320,8 miloi €ko ekarpena izan beharko litzateke (irakasleen osagarriak kontuan hartu gabe), egingo duena baino 10,4 miloi handiagoa. Finean, PNV-PSE-PPren arteko Aurrekontu hitzarmenak artaziak sartu dizkio EHUren finantzazioari ia atal guztietan: ekarpen arruntean eta inbertsioen urte anitzeko planean. Soilik programa-kontratuetan igo da Jaurlaritzaren ekarpena.
LABen iritziz, gutxiegi jotzen dugun diru-ekarpenak kolokan jartzen du UPV/EHU-k dituen erronka guztiei (irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia) aurre egiteko behar beste baliabideak izatea, eta agerian uzten du PNV, PSE eta PPk ez dutela bere lehentasunetan unibertsitate publiko sendo eta kalitatekoa sustatzea.
Hori horrela, hauxe izan da Eusko Jaurlaritzaren ekarpena EHUren aurrekontuetan azken unibertsitate planaren iraupen-urteetan:

(1): En el Plan Universitario no se contempla financiación por este concepto; para hacer comparables el P.U. y los Presupuestos hemos incluído en ambos apartdaos lo ingresado en los Presupuestos con tal fin.  

LABen jokaera Jaurlaritzaren eta EHUren Aurrekontuen eztabaidetan
Unibertsitate publikoaren aldeko aurrekontuen aldarrikapenak bi bidetatik defenditu dugu LAB-etik. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuen eztabaidan, iritzia eskatu eta proposamenak aurkezteko aukera eman zigun taldeari Gobernuaren proiektuari zuzenketak helarazi genizkion; horietako bi izan ziren, adibidez, AZPkoen egonkortasun-proposamena eta aldi baterako irakasle eta ikertzaileen bosturtekoak ordaintzeko planteamendu zehatza. Horiekin batera, 2015-2018 Unibertsitate Planean jasota dagoen finantzazioa aldarrikatzeko eskatu genuen. Hala ere, EAJ/PNV eta PSEren arteko Gobernuak PPren eskuin ultraliberalarekin baino ez zuen ezer adostu, diru-ekarpena 0,7 miloi € eskasekin handituz.
Beste aldetik, EHUren Aurrekontuen Aurreproiektuaren eztabaidan, 9 zuzenketa partzial aurkeztu ditugu, gure ustez lehentasunezkoak izan beharko liratekeen hainbat gai mahai gainean jarriz: aldi baterako IRIen bosturtekoak eta seiurtekoak ordaintzekoak, ardura partziala duten irakasleen soldatak igotzekoa, AZPko Lan Postuen Zerrendatik (LPZ) kanpo dauden 100 kontratuak horren barruan sartzekoa, AZPko behin-behineko lanpostuen balorazioa zein gainontzekoen eguneratzekoa, Gizarte Funtsaren igotzekoa, euskararen erabilera planak gauzatzekoa, euskarazko tesiak egin ahal izateko eta Berdintasun Planaren barruko ekintzak sustatzekoa. Zuzenketarik batere ez onartzeko jarrerarekin heldu zion eztabaida prozesu laburrari Zuzendaritza Taldeak. Erakutsitako malgutasun ezak aurkeztutako aurreproiektua bere horretan onartzea izan du ondorio, Gobernu Kontseiluan duen gehiengo zabalaz baliatuta.
Azken ahaleginak eta  konpromisoak
Aurrekoa kontuan hartuta, ezezko bozka emateko prest geunden arren, azken saiakera egin genuen, eta Nekane Balluerka errektorearengandik bi konpromiso lortu genituen: AZP-ko Lan Postuen Zerrendatik kanpoko 100 kontratuak, estrukturalak direlakoan, LPZ barruan sartzeko aldarria Jaurlaritzaren aurrean defendatzea, Gobernu Kontseiluak bere egin zuena, bozketan argi geratu zen legez (31 baiezko, abstentzio 1). Bestalde, aldi baterako IRIek aitortua baina ordaindu gabe dituzten bosturtekoen auziari konponbidea emateko proposamena aurkeztu eta langile ordezkaritza sindikalarekin negozia dezan eskaeraren aurrean, Errektoreak Aste Santua baino lehen halaxe egingo duela hitza eman zuen Gobernu Kontseiluan.

Iturria: EHU, 2017ko abendua.

Hala, 2018ko EHUren Aurrekontu Aurreproiektua 31 baiezko eta 5 abstentziorekin aurrera atera zen eta orain Gizarte Kontseiluak onartu beharko du. LABen jarraitzen dugu pentsatzen hauek ez direla EAEko unibertsitate publikoak merezi eta behar dituen finantzazio eta aurrekontuak, besteak beste, soldataren %1,5eko igoera eta Itzarriri %1eko ekarpena mehatxupean daudelako: Rajoyren Gobernuaren Aurrekontuak onartu beharra eta EAEko Mahai Orokorrean Urkulluren Gobernuak aurkeztutako proposamenen aurrean sindikatuok men egitea. Hala ere, duten balore indikala ematen diegu Errektoreak eta Gobernu Kontseiluak hartutako konpromisoei eta irmoki defendatzea Jaurlaritzaren aurrean eskatzen diegu. LABen, gure aldetik, bete daitezen lan egiten jarraituko dugu. Era berean, EHUk eta bere plantillak dituzten behar guztiei heltzeko behar besteko bitarteko ekonomikoak eta humanoak izan ditzan ahaleginduko gara, izan Legebiltzarreko taldeei gure aldarrikapenak helaraziz zein UPV/EHUn Zuzendaritza Taldeari, bere ardurei izkin egin gabe, arazoei konponbide negoziatua bilatzeko benetako ahalegina egin dezan eskatuz, egun dauden egoera diskriminatzaileak eta izugarrizko behin-behinekotasun tasak gainditu asmoz.
UPV/EHU finantzazio publiko gehiago behar du, bai. Eta langileok, egonkortasuna eta diskriminaziorik gabeko lan-baldintzak behar eta merezi ditugu.