UPV/EHUren aurrekontuak ez nahikoak aurten ere

Gaur, maiatzaren 30ean,UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan 2019ko Aurrekontu Aurreproiektua onartu da, 26 aldeko bozka eta 8 abstentzioekin. Aurten, UPV/EHU-k 422 milioi € izango ditu bere jarduerei zein premiei aurre egiteko, 2018 urtean baino 11,8 milioi gehiago (%2,9ko igoera).

Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzaren Euskal Unibertsitate Sistemaren Planak bikaintasun-ikerketa, unibertsitate-enpresa-gizartea, prestakuntza eta metodologia berritzaileak, nazioartekotzea eta unibertsitate-komunitatea dituela ardatz. UPV/EHUk erronka horiei guztiei aurre egiteko behar besteko giza-baliabideak zein baliabide ekonomikoak izan behar ditu, ardatz horiek guztiak modu orekatu eta eraginkorrean aurrera eraman ahal izateko.

Jakina denez, unibertsitate-sistemaren eragile nagusi eta garrantzitsuena den UPV/EHUren diru-sarrera gehienak, 314 miloi €, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik datoz. UPV/EHUk aurten jasoko duena aurreko urtean baino 10,5 milioi gehiagoko ekarpena izan bada ere, 2019-2022ko Euskal Unibertsitate Sistemaren Planak jasotakoa baino 6 miloi € gutxiagokoa da.

LABen iritziz, UPV/EHUren finantzazio publikoa, aurten ere, ez da nahikoa izango. Euskal unibertsitate publikoak goian aipatutako erronkak lortu ahal izateko eraikin, azpiegitura eta tresneria egokiak behar ditu, noski. Baina, horiekin batera, bertan lan egiten duten langileak dira baliabiderik garrantzitsuena; hortaz, euskal gizartearen onurarako izango diren erronka horiek lortze bidean, IRI zein AZPren plantillari zein langileen kolektibo ezberdinen egoerari erreparatu behar zaie. Beraz, dauden behin behinekotasun tasari eta diskriminazio egoerei irtenbideak eman behar zaizkie.

Ildo horretan, 2019ko UPV/EHUko aurrekontuetan ez dugu ikusten aukera handirik lehentasunezko gai batzuei heltzeko. Zenbait adibide azaltzearren: AZP-ren arloan, lanpostu berrien beharrei eta langileek egonkortzeko neurriei erantzutea, behin behineko balorazioa duten lanpostuen zein gainerakoen eguneratzea. IRI-ei dagokienez, berriz, doktore aurreko ikertzaileen soldatak igotzea –gutxienez legeak ezarritakoa betetzeko-, ikertzaile doktore guztien soldatak parekatzea, lanaldi partzialeko irakasleen soldatak duintzea -egiten duten lan-jardunari egokituta-. Gainera, soldata-igoera ez zaie kolektibo guztiei aplikatu, eta, edonola ere, ez da eroste-ahalmena berreskuratzeko beste izan.

Era berean, euskararen normalizazio eta erabileraren garapenean urrats eraginkorrak eman ahal izateko; onartu berri den Berdintasun Planak jasotzen dituen ekintzak sustatzeko; langileen segurtasuna eta osasuna behar bezala zaintzeko edota lankidetza egitasmoak garatu ahal izateko baliabide nahikoak bermatu beharko lituzke.
Esan bezala, UPV/EHUren aurrekontuen diru-sarrera gehienak (%75,84koa) ekarpen publikotik datoz, gainerakoa bere baliabide propioetatik eskuratzen da (tasa akademikoak, ikerketa proiektuak…, besteak beste), azken horiei esker zenbait premia larriri aurre egin ahal zaio, dauden behar guztiei heldu barik.

Hori dela eta, gaurko Gobernu Kontseiluan, Aurrekontuen aurreproiektuaren eztabaidan, gure desadostasuna eta egonezina adierazi ditugu. Ez dugu uste aukerarik dagoenik behar estruktural eta ezinbesteko askori ganoraz heltzeko. Horregatik ere, LABek aurkeztutako 2019ko Aurrekontu Aurreproiektuaren aurrean abstentzioa bultzatu du.
LABen iritziz, UPV/EHUk finantzazio publiko gehiago behar du irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta zerbitzu jardunei zein premiei aurre egiteko, baita bere langileei egonkortasuna eta diskriminaziorik gabeko lan-baldintzak eskaintzeko ere. Eta horretarako, zuzendaritzak aurkeztutako proposamena ez da tresna egokia. Zoritxarrez, aukera bat, berriro ere, galdu egingo da.