UPV/EHUko 2017ko Aurrekontu Aurreproiektuari Osoko Zuzenketa

LABek proposamena atzera botatzea eta berria osatzea bultzatzen du
UPV/EHUko Gerentziak aurkeztutako 2017 urteko Aurrekontu Aurreproiektua ikusita, aurtengoan ere baiezta dezakegu ontzat ematen dituela Gobernu espainiarrak zein Eusko Jaurlaritzak inposatutako mugak eta, ondorioz, 2012tik aurrera ezarritako murrizketak mantendu eta onartzen jarraitzen duela. Horrela, murrizketok egonkortzeko ahalegina egon badagoela esan dezakegu.
Azken batean, 2017rako Estatuko aurtengo Aurrekontuetan, gauzak aldatu ezean, erreposizio tasen mugek eta soldata igoera eskasek eta Eusko Jaurlaritzak  inposatutako eta Gerentziak –eta kontrakorik adierazi ez denez, Errektoreak berak- bere egindako murrizketek austeritate sozialaren politikan mantentzen gaituzte. Horren ondorioz,  azken urteotan UPV/EHUn nozitu ditugun defizitak –dozentzian, ikerkuntzan, plantillan eta instalazioetan– sakondu egingo dira.
Horren harira, 2016an Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 307,90 milioi eurotakoa izan bazen, 2017rako aurreikuspena 303,97 milioitakoa izango da, hau da, %1,28ko murrizketa (-3,93 miloi €), aurreko urteetatik datozenei eransten zaiena. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak UPV/EHUri egiten dion ekarpen arrunta Unibertsitate Planean jasotakoa baino %3,44 txikiagoa da (-9,6 miloi €), sinatutako akordioak ere ez betez.
Ildo beretik, larria iruditzen zaigu Medikuntza Fakultate berria Bilbon eraikitzeko inbertsiorik ez aurreikustea Aurrekontu Aurreproiektuak. Horrela, Unibertsitate Planaren arabera, Jaurlaritzak egin beharko lukeen 1.172.374 €ko ekarpena ez da jasoko, EHUk berak hala eskatuta, proiektua beste urte batez atzeratuz. Hori, Deustuko Unibertsitate pribatuak bere Medikuntza Fakultatea zabaltzeko proiektua nahiko aurreratua duenean. Eta ahaztu barik Jaurlaritzak, ‘indarrean’ dagoen Unibertsitate Planean jasota dagoen ezinbesteko baldintza onartezina, hots, EHUren Fakultate berriaren kostu osoaren %30a unibertsitate publikoak bere funts propioetatik atera beharko duela.
Ez da ahaztu behar, gainera, Unibertsitate Planak berak dioela 2020 urterako Jaurlaritzaren diru-ekarpena Unibertsitate Sistemara BPGren %1,2 izan beharko litzatekeela, edo aurreko Errektore Goirizelaiak 2015ean Legebiltzarrean egindako agerraldian %1,4 izatea aldarrikatu zuela, edota EAJ/PNV eta PSEren arteko Gobernu Akordioak BPGren %1,5 planteatzen duela (hori bai, data zehaztu barik). 2016ko EAEko BPGa 71.575 miloi €koa izan zelarik, irrigarria da Jaurlaritzak 2017ko bere Aurrekontuetan EHUri egingo dion diru-ekarpena: 299.957.896 € (BPGren %0,42).
Arestian aipatutako guztiari gehitu beharko genioke 2011tik aurrera Unibertsitate Planean jasotako diru ekarpenaren ordainketa modu diferituan egiten duela Eusko Jaurlaritzak, EHUri likidezia arazoak sortaraziz.
Honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari akordioak betetzea eskatu beharrean, unibertsitateak bere gain hartzen du nahikoa ez den finantziazio publikoa osatzeko ardura, horretarako aurreko urteetako erremanenteak erabiliz (funts propioak xahutuz ) eta tasen bidezko aurreikuspen handiagoak planteatuz nagusiki.
Aurrekontuetan UPV/EHUren beharrak asetzeko adinakoak ez diren kopuruak sartzea arduragabetasun handia da gure ustetan, beharrezko dituen inbertsioak ezin burutzea, gero eta programa gehiago murriztu eta izoztea, langileekin sinatutako konpromisoak ez betetzea edota dagoen behin-behinekotasun tasa izugarria era esanguratsuan ezin jaistea eta, azken batez, defizit estrukturalak gero eta handiagoak izatea eragingo dituelarik.
Aurkeztu zaigun Aurreproiektuaren azterketa orokorrarekin bukatzen joateko, ezin aipatu gabe utzi 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena, bere VII. Tituluaren (Euskal Unibertsitate Sistemaren ekonomia eta finantza araubidea) II. Kapituluan (Unibertsitate Publikoa), 90.2 artikuluan zehaztutakoa (“Jaurlaritzak erabakiko du unibertsitaterako hornidura aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak proposatuta, unibertsitateari entzun eta Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak txostena egin ondoren; hornidura hori Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-egitasmoan egongo da sartuta”) ez dela bete edo, izapide hori bete egin bada, ez Gobernu Kontseiluari ez Batzorde Ekonomikoaren kideei, ez zaiela horren berri eman.
Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu UPV/EHUk dituen behar eta konpromisoei aurre egin ahal izateko behar diren diru sarreren aurreikuspenak UPV/EHUren 2017ko Aurrekontu Aurreproiektuan egitea, horrek defizita eta zorpetzea badakar ere, EAEko beste administrazio publikoek egiten duten terminoetan.
Horregatik guztiagatik, Gerentziak aurkeztutako 2017ko Aurrekontu Aurreproiektua atzera botatzea eta berria osatzea eskatzen dugu, ondoko irizpideak bere baitan bilduz:

  1. 2010ean, krisia aitzaki hartuta, kendu ziguten soldataren batez besteko %5a errekuperatzeko partida sortu, gure administrazioek krisia gainditzen ari garela dioten testuinguru honetan, urte anitzeko planari hasiera emanez. Horretaz gain, Estatuko Aurrekontuetan aurreikusita dagoen soldata igoeraren %1 jaso beharko litzateke ere Aurreproiektuan.
  2. 2012ko abenduko paga osoa berreskuratzeko partida doitzea. Unibertsitateak aurkeztu duen aurrekontu proiektuan 2012ko pagaren %25a bakarrik itzultzeko diru kopurua azaltzen da. Administrazio publikoko beste erakunde batzuk dagoeneko paga osoa itzuli duten bitartean, UPV/EHUk oraingoz pagaren %50a besterik ez digu itzuli. Horregatik, 2017ko aurrekontuetan pagaren gainontzeko %50a ordaintzeko partida sortu behar da.
  3. Soldaten zati bat bezala ezaugarritu ziren Itzarriri langile bakoitzaren izenean egiten ziren ekarpenak eta zentzu horretan eta egun beste administrazio publikoek ekarpenak egiten dituztenez EHUk ere berreskuratu beharko lituzke ekarpen horiek, soldaten %3a suposatzen duena alegia. Horretarako EHUk aurreikusi beharko luke diru partida nahikoa ekarpen horiek gauzatzeko edo aipatu %3 hori soldata bezala ordaindu ahal izateko.
  4. Europako Justizia Epaitegiak eman zuen sententziak agintzen duena betetzeko, behin-behineko langileek kontratua amaitzean 20 lan eguneko kalte-ordaina ordaintzeko partida sortu, langile iraunkorrekiko diskriminatuak izan ez daitezen.
  5. Irakasle-Ikertzaile ez finkoen bosturtekoak ordaintzeko partida sortzea. Gogoratu behar da epaitegiek ebatzi dutela irakasle lankideek jasotzen duten zenbateko berbera ordaindu behar diela UPV/EHUk atxiki plaza okupatzen ari diren irakasle-ikertzaile ez iraunkorrei bosturteko gisa, irakasle laboralen ordainsarien dekretua aldatu beharrik gabe. Kontrakoa egitea, epaia ez betetzeaz gain, Europako araudien kontra joatea litzateke.
  6. AZP-ko eremuan LPZ-tik kanpo kokatuta dauden 100 lanpostuak horren barruan kokatzea eta Jaurlaritzari bai horiek zein lehen Kontratu Programetan zeuden eta egun LPZ-ren barruan kokatuta dauden beste 50 lanpostuen finantziazioa I. Kapituluaren bitartez egiteko eskaria jasotzea.
  7. AZP-n behin-behineko balorazioa duten lanpostuen behin-betiko balorazioa egin ahal izateko diru partida sortzea.
  8. Formazioko Ikertzaile guztien soldata berdintzeko partida berri bat sortu, Aldezleak eta Arartekoak egin zuten gomendioa jarraituz.
  9. Medikuntza Fakultate berria eraikitzeko partida jasotzea, Unibertsitate Planak aurreikusten dituen ia 1,2 miloi €ko gutxieneko kopurua ezarriz.
  10. Campus ezberdinetako eraikinetan zein azpiegituretan egin beharreko hobekuntzak ahalbidetzeko partidak handitzea, Autobabes planetan, lan segurtasunarekin lotutako inbertsioak eta eraikinetako arazoak konpontzeko lanak egitea ahalbidetzeko.
  11. Euskarazko tesiak bultzatzeko partida 2015eko mailara igotzea. Kontratu programetan 2016an baino 4,3 mila euro gehiago aurreikusten badira ere euskarazko tesiak bultzatzeko, 2015eko aurrekontuan baino 90 mila euro gutxiago esleituko dira horretarako 2017an. Partida hori 2015ean zegoen mailan mantentzea eskatzen dugu (661 mila eurotan), euskarazko tesiak egiteko mota ezberdinetako pizgarriak aztertzearekin eta sortzearekin batera.