Azaroaren 13an, Gipuzkoako campuseko Karlos Santamaria eraikinean, bibliotekaren aldameneko aretoari Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi) izena emateko ekitaldia egin zen.
Txillardegi, besteak beste, EHUko irakaslea izan zen 20 urtez eta LAB sindikatuko kide gisa, hainbatetan bultzatu eta babestu zituen LABen ekimenak, eta sindikatuaren jardueran biziki parte hartu zuen.
Ekitaldi horrekin, Unibertsitateak Txillardegiri zor zion aitormena egiteaz gain, bere izena ikusgai jarri du haren oroimena gertuago izan dezagun.
Aipatu ekitaldia Gipuzkoako campuseko Errektoreorde Agustin Erkiziak gidatu zuen, Jone Forcada Txillardegiren alargunari, Fito Rodriguez irakasleari eta, amaitzeko, EHUko Errektore Nekane Balluerkari hitza emanez.
Jone Forcadak, familiaren izenean, esker oneko hitzak izan zituen unibertsitatearentzat, ezinezkoa zirudiena azkenean egin zuelako, Txilardegi ofizialki omentzea, hain zuzen. Fito Rodriguezek, Txillardegiren soslaia gogoratzeaz gain, toponimiarekin lotutako hausnarketa eskaini zuen: Txillardegik toki izenak hartu izan zituen bere lanak sinatzeko, eta orain, toki bati ematen zitzaion bere izena. Halaber, beste erakundeek oraindik errekonozimendurik egin ez diotela salatu zuen. Bukatzeko, Nekane Balluerka Errektoreak aipatu zuen Txillardegi XX. mendeko intelektual handia izan zela, eta bere izena daraman aretoa kulturarako eta memoriarako gune bilakatzea dela unibertsitatearen nahia.
Ekitaldiaren amaieran, Txillardegiren zaletasunen artean pianoa jotzea zegoela kontuan hartuz, Garazi Goñi piano-joleak hiru pieza jo zituen.
Txillardegiren biografia laburra (Fito Rodriguez)
Duela 62 urte, 1957an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, baina ez zuen inoiz euskaltzain oso egin eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere ez zuen inoiz katedratiko izendatu.
Halere, ezin da ulertu euskara batuaren historia bera gabe 1956an hura aldarrikatzeko “Karta Idigia” idatzi zuelako eta bizitza osoa horri eskaini baitzion.
2012ko urtarrilaren 14an zendu zela zazpi urte pasa badira ere bere herrikide garenok ez dugu nahi Euskal Herriak ahantz dezan eta horregatik, Gipuzkoako Campusean Txillardegi aretoaren inaugurazioak pozten gaitu, Txillardegirekin zorretan gaudelako eta euskal kulturak gehiegi zor dio Larresorori, Usakori, edo Harribizketari… eta zor hori kitatu beharra dagoelako.
Hala literatur arloan nola saiakeragintzan, gogamen filosofiko/politikoan edo, zehazkiago, glotopolitikan. dialektologian, fonetikan nahiz euskal azentuaz… honetaz guztiaz, bere testuak daude gurekin, fikziokoak eta kazetaritzakoak, eleberriak, ipuinak eta itzulpenak, hamaika iruzkin egiteko gure artean betiko utzi dizkigunak, Jakin aldizkariari esker orain kontsultagai.
Txillardegi izan da europar kulturaren berri euskal literaturan estreinakoz eman duena. Literatura berria euskaraz eman zigun idazle urbanoa eta tokiko historia gure hizkuntzan landu duena baita Euskal Herri zaharrera Europa berriko ekarpen intelektualak ekarri zituen idazlea ere.
Halere, Txillardegi eta Mitxelena edota Mitxelena eta Txillardegi bikotea zela-eta egun euskara batua badugu eta, biak ala biak, haren sorreran batera aritu arren, bion gizarte errekonozimendua zeharo asimetrikoa da gaur egun. Horrela, Mitxelena onartua bezain aitortua den bitartean, Txillardegi aldarrikatzeko dugu oraindik.
Horregatik ez dugu galdu nahi bere ondare materiala (liburuak, ikerketak etab.) ez eta immateriala ere (bere presentzia gure Euskal Herriko Unibertsitatean). Ildo horretatik, Karlos Santamaria eraikinean, liburutegian, berari buruzko erakusketa ikusi beharreko harribitxia da eta martxora arte irekita egongo da. Gauza asko dago bertan ikusgai baina hor ez duzue aurkituko Euskal Herriko Unibertsitatean LAB sortu genuenetik JoseLuis bazkide, hautatzeko zerrendakide eta burkide ere izan genuela. Letra hauek balio dezatela hori jakin arazteko.
Txillardegi izena Euskal Herriko paisaia linguistikoa agerraraztea gure memoriari bide ematea da eta Txillardegi areto berria, bada, horretan sakontzeko ekarpen handia da, dudarik gabe.