Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa defendatzen duena: Hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar ditugu gure lan-baldintzak eta eskubideak zein babes sozialaren gaineko neurriak.
Emakumeontzako esparru segurua: indarkeria matxistari aurre egin eta pertsona guztiak –beren aniztasunean– karrera profesionala eta bizitza-proiektua berdintasunean garatzeko gunea eraikitzea, feminismoaren ekarpenak aintzat hartuta.
Euskara eta euskal kulturaren babesarekin konprometitua: hanka-motz geratu diren euskara planen gainetik, euskaraz lan egin eta arreta eskaintzea bermatu eta euskal ondarea hedatzearen aldeko hautu irmoa egitea.
Bere Campusetan lan egiten duten guztien eskubideak babesten dituena: UPV/EHU-ko plantilaren parte ez diren langileen (garbiketa, ostalaritza, kirol-jarduerak, lore-zaintza…) lan-baldintzak babesteko, kontratuetan klausula zehatzak ezartzea.
Elkarkidetza-balioetan oinarritutako jarduna: kultur- eta identitate-aniztasunarekin, funtzionalitate ezberdinekin, elkartasunarekin, ekologia eta bizigarritasunarekin konprometitua, militarismoa eta armagintza sustatzen dituzten erakunde eta industriekin inolako kolaboraziorik gabe.
Mugikortasun jasangarria, kontratazio etikoa eta jasangarritasuna: Mugikortasun plan eraginkorrak bultzatzea hiru Campusetan (garraio publiko kolektiboa bultzatzea, bizikletaren erabilera, txartel bakarra eta hiru herrialdetarakoa sustatzea…); kontratazioetan zein unibertsitateko obretan klausula sozialak ezartzea (lan baldintza duinak, lan osasuna, berdintasuna, euskara…); Ingurumen-politika indartzea (instalazioen erabilera arrazionala, energia eta materialen aurreztea, energia berriztagarriak sustatzea, hondakinen bilketa selektiboa…).
Langileen parte hartzea bultzatu eta erabaki demokratikoetarako gunea: EHUko organo erabakitzaile nagusietan (Klaustroan, Gobernu Kontseiluan, Campusetan, Ikastegietan) erabakitzen diren gaien inguruko informazio- eta parte hartzea zabala bultzatzea.
Ikasle presoei irekia: presoek EHUn ikasketak egin ditzaten aukera eskaintzea eta bermatzea.
Euskal Herriaren zerbitzuan dagoen unibertsitate publikoa: Euskal gizartearen beharrei erantzun behar die EHUk eta eztabaida kritiko eta demokratikoak bultzatu arlo ezberdinetan (politiko, sozialean, kulturalean, zientifikoan…), herritar eta kolektibo ezberdinen eskubideen defentsan eta etorkizun hobe baten aldeko urrats eta akordioak bideratze aldean.
Euskal unibertsitate-esparruaren ardatza: Euskal Herriko gainerako unibertsitateekin elkarlanean aritzea.