Hauteskunde Sindikalak :: AZPkoen balantzea 2015-2019

Ekimen eta gai asko jorratu ditu LABek azken 4 urteotan. Garai zailak, konplexuak izan dira: egoera ekonomikoa ‘hobetu’ omen den urteak izan dira, baina langileen lan-baldintzek ez dute hori gehiegi nabaritu: murrizketak pairatzen jarraitu genuen lau-urtekoaren hasieran, behin-behinekotasun tasak izugarriak izan dira; Lan Postuen Zerrendatik kanpoko aldi baterako kontratuak bere horretan mantendu dira, lan osasunean heriotzak eta arriskuak jasan ditugu, EAEko unibertsitate publikoari Jaurlaritzak beharrezko finantzaketa ukatu egin dio….
Dena, hala ere, ez da txarra izan: eutsi diogu EHUko AZPko enplegu-mailari, berreskuratu dugu zor zitzaigun aparteko paga osoa, bajak lehen egunetik % 100 kobratzen jarraitu dugu, antzinatasunagatiko egun libreak berreskuratzea, erretiro aurretiko lanaldiaren murrizketak mantendu dira, Lan Eskaintza Publikoak baldintza bermedunekin egin ahal izateko akordioak lortu izana, Egonkortasun akordioaren baldintzak iraunaraztea…
LAB, AZP mailan hirugarren indar sindikala izanik, lan eskerga egin du gure lan-baldintzak mantendu eta okertze aldera baino, hobetze aldera egin dezaten; batzuk saldu duten oinarririk gabeko planteamendu hutsalen aurrean alternatiba sinesgarri eta bermedunak bultzatzen, EHUn lan egitea gure bizitza eta osasuna kaltean ez izatea, euskara eta emakumeen eskubideen alde, EHUren finantzaketa publiko lehentasunezkoaren alde, langile guztien lan-baldintza duinen alde, finean.
Hona, bada, azken lau urteotako balantzea:
Murrizketak gora eta behera


Azken lau urteak zailak izan dira lan-baldintzei eta negoziazio kolektiboari dagokienez. 2105ean murrizketen ondorioz eros-ahalmen gutxitua pairatzen jarraitzen genuen (soldaten %5a txikiagotuta, 2012ko aparteko paga osorik berreskuratu gabe, Itzarriren %3a kenduta…).  Azaroan, aitzitik, Auzitegi Gorenak matrikulak ordaintzeko laguntzen alde bakarrez hartutako erabakia legez kanpokotzat jo zuen. Eta azken urteetan soldata igoera apalak aplikatu zaizkigu 2017tik aurrera, inolaz ere galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko balio izan ez dutenak. Eta Itzarriri ekarpena berriki berreskuratu dugu oso partzialki (%0,5).
Prekarietateari aurre egin. Egonkortasuna bultzatu

Eusko Jaurlaritzak 2015ean aurkeztu zuen Euskal Enplegu Publikoaren Legeak arriskuan jarri zuen EHUko egonkortasun akordioa, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legean dagoen 4. Xedapen iragankorra bertan behera uzten zuelako; gainera, 2006ko egonkortasun akordioa zabaltzea galerazten zuen. LABek, Errektoreari emandako hitza exijitu zion orduan eta baita 2017an, Lan Poltsen eta Zerbitzu betekizun eta Eginkizunen esleipen akordiak eztabaidatu zirenean, baina Administrazioak argi utzi zuen ez zuela inolako borondaterik Egonkortasun Akordio berririk eztabaidatzeko. Zoritxarrez, gainontzeko sindikatuek ez zuten bat egin LABen eskakizunarekin.
Aurrekoarekin batera, UPV/EHUk dituen behin-behinekotasun tasa onartezina (%82 laboraletan, %54 funtzionariotan) salatu dugu eta Unibertsitate Planeko 100 kontratu eta izendapen Lan Postuen Zerrendako (LPZ) lanpostu bilakatzea planteatu dugu. Aldarrikapen hori Gobernu Kontseilura eraman genuen ere, 2018ko EHUko Aurrekontuen eztabaidan, eta Jaurlaritzari horixe eskatzea adostea lortu genuen, 2006ko Egonkortasun Akordioa sinatu ez zuen eta orain egonkortasun akordio berria aldarrikatu nahi omen duen sindikaturen baten kontrako iritziarekin.
Bide batez, LAB 2017an UGT, Steilas eta ELA sindikatuek Administrazioarekin adostu zituzten Lan Poltsen Akordioa eta Zerbitzu Betekizunen eta Eginkizunen Esleipenen Akordioak ez zituen babestu, aldi baterako lan kontratudunen eta funtzionario interinoen parte hartzea azken bi akordioetan galerazten zutelako, eta hiru akordioek, aldaketa txikiak eginda, kontraesanak, diskrezionalitate handiagoa eta gardentasun falta ahalbidetzen dituztelako. LABek egonkortasun eta karrera profesionala oinarri hartuko duen AZPren kudeaketaren ikuspegi integrala ahalbidetzea proposatu zuen, babes nahikorik lortu gabe.
LABen jarduna, hala ere, ez da mugatu EHU mailako negoziazio mahaietara. EAEko 2018ko Aurrekontu proposamenari zuzenketa ere bultzatu genuen. Bertan, EHUn 7 urteko antiznatasuna duen AZPko langileei egonkortasunaren aitortza aldarrikatzen genuen eta 4 urte baino gehiagoko iraupena duten izendapen eta kontratuak  LPZren plaza bilakatzea. Zoritxarrez, zuzenketa atzera bota zuten PNVk, PSEk eta PPk.
Lan Eskaintza Publiko bermedunak

Espainiako Gobernuak ezarritako errepozio-tasek eta UGT eta CCOO sindikatuek estatu mailan patronalarekin eta Gobernuarekin adostutako akordioek bermerik gabeko Lan Eskaintza Publikoak (LEP) deitzea ahalbidetu zuten. Egoera horretan, LABek 2006an adostutako Egonkortasun Akordioan jasotakoa lehenetsi du (egonkorrek zerbitzu harremana 3. LEPa bukatu artean bermatzea, EHUn emandako zerbitzuak %45era arte baloratuak izatea eta lan poltsen sisteman lehentasuna izatea). Horretaz gain, LABek LEPen inguruko oinarri orokor eta espezifikoen gutxieneko irizpideak adostea bultzatu zuen, unibertsitate zuzendaritzaren konpromisoa eta sindikatu guztien babesa (UGT salbu) lortuz. Irizpide horiek EHUko langile guztien onurak aurreikusten dituzte, eta 2016 eta 2017ko LEPei eta ondorengoei aplikagarri izango zaizkie. Laburbilduz, LABek behin-behineko langileen egonkortasuna, EHUn enplegu publikoa kontsolidatzea eta aukera-berdintasuna bilduko dituen LEPak bultzatzeko bere estrategia berretsi du, EHUn urte askotako zerbitzuak pilatzen dituzten aldi baterako langileen eskubideak ezagutaraziz deialdietan.
Honen guztiaren inguruan sortarazi duten nahasmen interesatua kontuan hartuta, 2018ko ekainean Batzar zabalak deitu genituen Bilbon, Gasteizen, Donostian, Leioan eta Eibarren, Egonkortasuna eta Lan Eskaintza Publikoez hitz egiteko.
Ondorioz, LAB AZPren enplegua arriskuan jar dezaketen LEP deialdien aurka azaldu da, era berean, EHUko AZPrentzako baldintza eta berme hoberenak jasoko lituzkeen LEP deialdiak egiteko helburuz, aukera guztiak (EAE zein Estatu mailakoak) erabiltzeko  eta ekimenak bultzatzeko konpromisoak hartuz. Hori horrela, 2018 LEPa 2019ko edo 2020ko ‘estabilizazio’ LEPekin batera burutzea adostu zen, LEPak burutzeko adostutako gutxieneko bermeak edo legez hobeak izan daitezkeenak kontuan hartuta egingo direlarik.
Funtzionarioen Promozioa eta Lekualdaketa Lehiaketa

AZP Funtzionarioen barne Promozioa 2019ko Lan Eskaintza Publikoarekin batera burutzea adostu da. Honen plaza guztien %15 gordeko dira horretarako.
Lekualdaketa Lehiaketa, aitzitik, 2018 eta 2019ko LEPen aurretik deituko da. LABek ez zituen babestu bera deitzeko oinarriak, atzerriko hizkuntzei tratu pribilegitua ematen zaielako euskararen kaltean eta lan-kontratudunen eta funtzionarioen artean planteatu den tratu desberdintasunagatik. Lehengoen kasuan, inoiz lekualdaketa lehiaketara atera ez diren plazak eskaintzera mugatu zen bitartean, funtzionarioenean, plaza huts guztiak atera nahi zituen –gainerako sindikatu guztien babesarekin-, aurretik lekualdaketa lehiaketan eskainita izan badira kontuan hartu gabe. LABek hori leuntzea lortu bazuen ere, ez genuen lortu birkokapen-prozesua adostua izatea. Hala ere, LABek argi utzi du ez duela prozesu hau oztopatzeko asmorik.
Lanaldia eta jubilazioak

2016an jardunaldiaren barruko aldaketek, berrikuntzak ekartzen bazituzten ere (lanaldi jarraitua eta mistoa) ez dira nahikoak izan lana eta kontziliazioa benetan bermatzeko. Ikastegi eta zerbitzuen publiko aurreko zabaltze eta ixte ordutegiak ezartzea ez da onartu. Larunbatetan zabaltzeko edo ixteko irizpideak batzea ere ez da ontzat hartu. Bestalde, ikastegiak eta zerbitzuak aldebakarrez ixtea ahalbidetzen da. Kontrara, antzinatasunagatiko egun libreak berreskuratu dira.
Jubilazioei dagokienez, LABek AZPko finkoei aplikatzen zaizkien neurriak interinoei eta aldi baterakoei ere aplikagarri izan behar zaizkiela defendatu du, lortu gabe. Aitzitik, erretiroa aldez aurretik hartutakoan Administrazioak primak ezabatzeko aldebakarrez hartutako erabakia bertan behera geratu zen, epaitegien erabakiz. Baina honetan ere, finkoak ez diren langileak diskriminatuta geratu dira, ez baitituzte kobratzen. Mantendu egin dira jardunaldi murrizketak.
Lan-osasuna bermatzea

Mutuek gero eta konpetentzia gehiago, kontingentzia profesionaletan zein arruntetan, irabaziz joan dira azken urteetan. Egun eurek erabakitzen dute baja arrunta edo profesionala den; bajen iraupena; praktikan, altak emateko aukera dute. LABek mutuekin kontingentzia arrunten kontrolerako hitzarmenik ez adostea defendatzeaz gainera kontingentzia profesionalen jarraipena Gizarte Segurantzaren Institutoarekin eta osasun arreta Osakidetzarekin adostea, beraz, mutuekiko hitzarmenak bertan behera uztea aldarrikatu dugu. Baita Bilboko eremuan Prebentzio Zerbitzuaren Osasun Arloa martxan jartzea.
Horretaz gain, zerbitzu eta ikastegietako lan baldintza osasuntsuak bermatze aldera egin dugu lan: Errektoregoko IKTetako zerbitzuan, Carlos Santamaria Bibliotekan, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean… Eta behar izan duten langileen aholkularitza lana burutu dugu.
Era berean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan izandako istripu larria salatu egin genuen argiki, ondorioz langilea azkenean hil egin zelarik. LABek erantzukizunak eskatu bazituen ere, Administrazioaren eta gainontzeko sindikatuen jarrera “ikerketa batzorde bat” martxan jartzera mugatu zen. Aipatu batzordeak, gainera, ez du oraindik egindako lanaren berririk eman. Lan Ikuskaritzak, aitzitik, istripuaren erantzule EHU egin zuen, hautemandako akatsak konpontzera behartuz eta prestazioen errekarguarekin zigortuz unibertsitatea. LABek UPV/EHUren eta Osalanen arduragabekeria salatu zuen.
Euskara

LAB sindikatuak EHUn euskararen normalkuntzaren aldeko lana egin du azken urteotan. AZPkoak euskara ikasteko eta erabiltzeko neurriak sustatu ditu, beti ere, euskaraz zerbitzua eman eta unibertsitatean ere euskaraz lan egin ahal izateko eskubideak defendatuz.
Euskararen II. Planak aurreikusten zituen AZP arloko zenbait neurri bete ez izana salatu eta hori horrela izatea Errektoretza taldearen eta, zehazkiago, Nekane Balluerka Errektorearen berezko erabaki eta nahia izan dela agerian utzi dugu. Eta erabilera planak desagertu izana eta euskararen normalkuntza sustatzeko aurrekontuak ez direla nahikoak salatu egin dugu.
LABen lana, baina, ez da mugatu akatsak eta okerrak salatzera. III. Euskara Planaren eztabaida prozesuan bete-betean sartuta egon gara, arlo ezberdinen inguruko proposamenak aurkeztu ditugularik.  Horrela, Planak dituen berrikuntza nagusiak (Atal euskaldunak eta elebidunak izendatzea, esaterako) LABek egindako proposamenak izan dira.
Aurreko guztiak, argi uzten du, Euskara Planen gorabeherak alde batera utzita, LABek hitzez eta ekintzez sustatu duela euskaraz normaltasunez erabiltzea eta zerbitzuak euskarazko arreta eman dezaten beharrezko neurriak bultzatzea.
Berdintasuna

Kontziliazio neurriak bultzatzea izan da LABen ardatzetako bat azken 4 urtetan. Horretarako, lanaldiaren eztabaida garaian proposamen ezberdinak jorratu genituen: jardunaldi ezberdinen karta, ikastegi eta zerbitzuak zabaldu eta ixteko orduak negoziatzea, zerbitzuak larunbatetan itxi edo zabaldu egiteko irizpide bateratuak, ikastegiak udan ixteko erabakiak ez inposatzea…
Bide beretik, sexu erasoen salaketa eta mobilizazioa bultzatu dugu; epaitegietan emakumeontzat ez dagoela justiziarik salatu dugu; aurrekontu feministak aldarrikatu ditugu; 2018ko Martxoaren 8ko plantoa eta 2019ko greba feminista babestu ditugu eta Genero indarkerien aurkako protokoloan parte hartze aktiboa eduki dugu.
Zerbitzu Publikoaren defentsa

Ikasleen eskubideak bermatzea eta, ondorioz, Ezgaitasunak dituzten Pertsoentzako Zerbitzua kalitateko izatea ez dela “diru-xahutzea” defendatu dugu. IKT-ak, enplegu-guneak, Mantenu zerbitzua, Prebentzio Zerbitzuaren Osasun Arloa… ez pribatizatzea aldarrikatu dugu.
Etengabean, enplegu-maila mantentzea, lanaldi partzialak ez sustatzea eta lan-baldintza duinak defendatzea bultzatu dugu.
Era berean, Garbiketa-komenioaren negoziazioan langileen eskubideak babestu ditugu.
Azken batez, hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar ditugula gure lan-baldintzak etengabean jarri dugu agerian.
Beharrezko finantzaketa

LABek UVP/EHUk merezi eta behar dituen diru-partidak  aldarrikatu ditu azken urteotan leku ezberdinetan: unibertsitatearen Gobernu Kontseiluan zein Jaurlaritzaren aurrean. Horren adibide dira 2017an EHUko Aurrekontu proposamenari aurkeztu genion osoko zuzenketa, edota ikasturte hasiera ezberdinetan Jaurlaritza eta EHUko agintarien aurrean egindako konzentrazioak finantzaketa publikoa igotzeko eskatuz.
Gainera, behin eta berriz unibertsitate publikoak dituen behar eta konpromisoei aurre egiteko diru-partida eta ekarpenak exijitu ditugu, baita Jaurlaritzaren Aurrekontuen eztabaida garaian gure iritzi eta ekarpenak heleraziz eskatu dizkiguten talde parlamentarioei.
Bestalde, behin baino gehiagotan salaketa-bilkurak burutu ditugu Jauralaritzaren aurrean langileon egonkortasuna, lan-baldintza duinak guztiontzat eta beharrezko finantzaketa berma diezaioten EHUri.

4 urteko lana AZPkoon eremuan bideoan