ZUREKIN, BAGARA
LABen anitzak gara. Euskal Herriko langile guztien sindikatua izateko lanean ari gara, afiliazioak eta militantziak ematen digun autonomiarekin. Nortasun propioa dugu. Ez duzu LABen diskurtso hutsalik aurkituko, sindikatu independentista, feminista, ekosozialista eta euskalduna da gurea; ez dugu sindikalismo otzanik egiten eta ez dugu lehentasun korporatiborik, kontraboterea praktikatzen duen klase sindikatua gara. LAB langileon defentsa kolektiborako tresna da. Langileriaren nahiak eta beharrak defendatu eta gauzak aldatzeko gogoa duen orok du lekua LABen.
Eguneroko arazoentzako irtenbideak ditugu, proposamenak, bidelaguntza, etengabe berritzen ari den egitasmo sindikal bat eta Euskal Herrirako programa sozioekonomiko propioa duena. Sindikatu eraldatzailea garelako, joko-arauak aldatu nahi ditugu lan munduan eta jendartean. Aitzindariak izan gara sindikalismo feminista aktibatzen, sindikalismo antirrazistarantz urratsak ematen.
LAB, UPV/EHUn
Krisiaren eta pandemiaren aitzakian, negoziazio kolektiboa ezabatu nahi izan dute; ondorioz, murrizketak izan dira gure eskubideetan eta lan eta bizi baldintzetan. Azken lan merkatuaren erreformak eta erretiro-adina atzeratzeko neurriak langileon eta zerbitzu publikoen aurkako eraso zuzenak ziren, eta horri batu zaio EHUko Zuzendaritzaren jarrera itxia. Horien aurkako borrokan aritu gara.
Hartutako konpromisoak praktikara eramateko zailtasunez betetako lau urte izan ditugu. Hala ere, LABen borrokak fruituak eman ditu, ekintza sindikaleko aldarrikapenetan ahaleginak ez dira gutxi izan eta lorpenak gazi-gozoak. Aurrerapen batzuk lortu dira, baina prekarizazio eta diskriminazio egoera asko mantentzen dira oraindik ere EHUko langile propioen artean eta EHUk azpikontratatzen dituen langileekiko baita ere.