Datorren martxoaren 26an Hauteskunde Sindikalak izango ditugu UPV/EHUko Irakasle eta Ikertzaileok (IRI) eta Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalak (AZP), enpresa-komitea (laboralak) eta pertsonal batzordea (funtzionarioak) berritzeko. EAEko Gobernuak UPV/EHUren funtzio publikoa arriskuan jartzen duen testuinguru batean gaude, finantzaketa nahikoa ukatuz, politika propioak egiteari uko eginez, Madrilekiko bere menpekotasun interesatua agerian utziz. Ildo horretan, salatu behar dugu Eusko Jaurlaritzak ez dituela UPV/EHUko sindikatuak interlokuziorako eta negoziaziorako aintzat hartzen. Aldi berean, UPV/EHUko administrazioa Madrileko eta Gasteizko gobernuen politikak betetzera mugatzen da, diskriminazioa eta langileen kontrako egoera batzuk mantenduz. Honen aurrean, ezinbestekoa da LABen ordezkaritza sendoa eta zabala izatea unibertsitatean.
Agintari politikoek atzeraldi ekonomikoa gainditzen ari dela esaten duten bitartean, unibertsitate publikoak krisiaren aurreko finantzaketa ezin duela berreskuratu adierazten dute. Eskubideak suntsitzeko eta miseria zabaltzeko aitzakia horretaz baliatzen ari direnean, aldaketa sozialak aldaketa politikoekin batera borrokatu behar dira, eta hori da LABen nortasun ikurra. Euskal Herriari dagokionez, alternatiba ekonomiko eta sozialak eraikitzeko orduan, langileon indarrak bilduz eratu nahi dugu eredu berria. Instituzioak herriaren zerbitzura egotea ziurtatuko duen eredua, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eraikiz, gai ekonomiko, sozial eta laboraletan hitza eta erabakia Euskal herritarrenak eginez lortu behar dena. Hori dela eta, LABek Euskal Herriko langileen aurka doan estatalizazioren kontrako kanpaina burutu du, lanuzte bat ere barruan zuela.
Pribatizazioa, elitismoa eta lehiakortasun basatia nagusitzen ari diren garai honetan, goi mailako hezkuntza herritar guztien eskubidea dela bermatu behar dugu. Euskal jendartearen beharrei erantzutea izan behar da UPV/EHUren misio ardatza, Euskal Herriak bere etorkizuna eraikitzeko duen tresna ere badelako.
Era berean, LABek borroka sindikala egiten du UPV/EHUn: lanpostuen suntsiketaren aurka, enplegu duinaren defentsan, langileen arteko diskriminazioaren kontra, hitzarmenak errespetatzearen eta hobetzearen alde. Azken urte hauetako erasoen aurrean, neurri batean, UPV/EHUko langileon lan baldintzei eustea lortu dugu, batez ere 2015eko hauteskundeetan lortu genuen emaitzei esker. Edozein kasutan, erne eta tinko mantendu behar dugu hurrengo urteetan etorriko diren erasoen aurrean, baita nahi dugun unibertsitate ereduaren alde eragiten jarraitzeko ere.