Irakasle-ikertzaile prekario eta diskriminatuek bat egiten dute LABen alde

Prekarizazioak eta diskriminazioak EHUko kolektibo batzuen egunerokoa izaten jarraitzen dute. Borroka dezagun batera buelta emateko

Arduraldi partzialeko irakasle-ikertzaileak
Aldi baterako ikertzaileak

LABek langile kolektibo prekarizatuen lan-baldintzak hobetzeko eta diskriminazioa ezabatzeko lan handia egiten du, negoziazioa, mobilizazioa [1] [2] eta bide judiziala uztartuz. Kolektibo hauen artean, aldi baterako ikertzaileak, arduraldi partzialeko irakasle-ikertzaile asko eta seiurtekoak ukatzen dizkieten behin-behineko irakasle-ikertzaileak daude.

UPV/EHUko LABek denbora luzea darama bere kezka adierazten ikertzaileen lan-baldintza prekarioen inguruan, baita ikertzaileen ibilbideak UPV/EHUn iraunkortasuna lortzeko dituen zailtasunen gainean ere.

Doktoretza aurreko ikertzaileei dagokienez, EPIPF onartu zenean, indarrean zeuden kontratuetan soldatak igotzeko epaia irabazi genuen. LABen lanari esker, doktorego aurreko ikertzaileek PFEZa ez ordaintzea lortu dugu, arau foralak betearaziz (pasa den astean bertan Araban ere aitorpen hori lortu genuen). Iaz sinatutako akordioren arabera ikertzaileen soldata minimoak ezarri ziren doktoretza-aurreko ikertzaileen soldatak aurten EPIPFak zehaztutakoaren % 3,6 gainetik egotea lortu da, eta administraziotik lortutako konpromisoekin 2024an % 7,3 handiago izango dira.

Iazko akordioan doktoretza-osteko ikertzaileen soldatak irakasleen pareko eskalan ezarri dira: doktore berrientzat atxikien soldata eta ikerketa-ibilbide luzeago dutenentzat agregatuena. Hauek guztiak soldata minimoak dira; kontratazio deialdian soldata handiagoa zehazten bada, hori izango da ikertzaileek kobratuko dutena. Adi egongo gara kategoria berdineko ikertzaileek soldata berdinak kobratzeko.

LABek jarraituko du lanean ondorengo urteetan ikerkuntza ibilbide osoaren defentsan,  ikerketa-irakasleen plazak sortu ere, eta behin-behineko ikertzaileen lan-baldintzak hobetzen saiatzen, besteak beste, doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak duintzeko, hau da, egungo laguntzaile soldatara iritsi arte.

Aldi baterako ikertzaile guztientzako lantoki egoki eta segurua bermatzea, gehiegizko lanaldiak detektatzeko neurriak ezartzea, euskalduntze, mugikortasun eta ikerkuntza deialdietan zein formazio-programa guztietan parte hartzeko eskubidea izatea lortzeko lan egingo dugu. Doktoreak diren ikertzaileek tesiak zuzentzeko eskubidearen alde gaude, zuzendarikide moduan bada ere.

Ikerketa desberdinek, UPV/EHUn bertan egindakoek ere, erakusten dute emakume eta gizonen egoera ikerkuntza arloan ez dela berdina. Egoera hori gainditu ahal izateko LABek behar-beharrezkotzat jotzen du ikerketa taldeetan emakume eta gizonen partaidetza berdina bermatzea maila guztietan.

Aipatzen ditugun lan-baldintzen hobekuntzek ez dute ondorio txarrak izan behar plazen kopuruan, finantziazio nahikoa eskatzen dugu ikertzaile kopurua handitzeko baldintza duinekin.

Lanaldi partzialean aritzen diren irakasleei dagokienez, LABek urteak daramatza lanaldi partzialean aritzen diren bitarteko irakasle kontratatuen miseriazko soldatak salatzen. Izan ere, ordezkapenak egiten ari diren irakasle askok 400 eta 700 euro bitarteko soldatak irabazten dituzte. Hauei elkartu faltsuak gehitu behar zaizkie; unibertsitatetik kanpo lan egiten ez duten baina irakaskuntza emateko elkartu plazetan kontratatuta daudenak. Irakasle hauek guztiei klaseen prestakuntza, formakuntza eta kudeaketa orduak ez zaizkie aitortzen. Era berean, horietako askok ikerketa egiten dute, curriculuma egiteko eta, momentu batean, beste plaza baterako lehiatu ahal izateko. EHU baliatzen da ikerketa hauen emaitzez ranking famatuetan postuak igotzeko, baina irakasle-ikertzaile hauei lan hori aitortu gabe. Horregatik, behin eta berriro eskatu dugu klase eta tutoretza orduetatik haratago doazen aktibitateak kontuan hartzeko, modu horretan soldatak igotzeko. Zentzu horretan, arreta berezia jarri dugu 41/2008 Dekretua aldatzeko ezinbestekotasunean, eta Eusko Jaurlaritzari eta EHUko zuzendaritzari horrela exijitu diegu.

Prekarizazio egoera hauek borrokatzea hurrengo urteetako LABen ildo nagusietako bat izaten jarraituko du: aldi baterako irakasle-ikertzaileek egindako aktibitate guztiak kontuan hartzeko, soldatak duintzeko, elkartu plazak benetako unibertsitate kanpoko irakasleek betetzeko eta irakaskuntza beharrei erantzuteko plaza aproposak sortzea (atxiki plazak) exijitzeko, petatxuak jarri ordez. Era berean, LOSU indarrean sartu ostean, ordezko irakasleek soldata duinak izateko erronkari ekingo diogu.

Prekarizazioari langileen arteko diskriminazioa gehitu behar diogu. Hutsik dauden plaza iraunkorrak betetzen dituzten aldi baterako irakasle-ikertzaileen salbuespenarekin, gainerako aldi baterako irakasle-ikertzaileei ukatzen zaie ikerketa-seiurtekoak eskatu ahal izatea, meritu nahikorik izan arren. Izan ere, sei urteko epe berean metatutako meritu berberak izanda ere, iraunkorra denari aitortzen eta ordaintzen zaio osagarri hau eta aldi baterakoa denari ukatzen zaio. Diskriminazio honi amaiera emateko exijitu dugu behin eta berriro azken urte hauetan, salaketa, interpelazio eta mobilizazio ugariren bidez. Errektoretzaren, Unibasqen eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratu gara eta beste ekimen batzuk martxan jarri ditugu.

Gaia epaitegietara ere eraman dugu, eta, informatu genizuenez, aldeko sententzia jaso genuen abenduan. Eusko Jaurlaritzak errekurritu badu ere, kolektibo zabal honentzako seiurtekoen onarpena gertu dagoela esan dezakegu, zalantzarik gabe, azken urteetan egindako borrokari esker.

Diskriminazioen atalean kokatzen dugu lanaldi partzialean diharduten irakasleek irakaskuntza-bosturtekoak eskatu ezin izatea. Egindako presioari esker [3] [4], duela urte gutxi aldi baterako irakasleek bosturtekoak eskatu eta kobratzea lortu bagenuen ere, lanaldi partzialeko irakasleei aukera hau ukatzen zaie oraindik. LABek lan egingo du kolektibo honek ere bere lana aitortuta izateko.

Prekarizazio eta diskriminazio egoera larriak mantentzen dira egun EHUn. LABen lana eta borroka ezinbestekoa izango da irtenbideak lortzeko.

EGINDAKOAK (2019-2023)

HELBURUAK (2023-2027)

HAUTAGAITZAK

Irakasle-ikertzaile prekario eta diskriminatuek bat egiten dute LABen alde

LABek jarraituko du finantzaketa, soldata eta erretiro-plan duinak eskatzen

Balantze, programa eta hautagaitzak (pdf)

Orri nagusia

Martxoaren 30ean, zure botoa LABi!

Zurekin bagara!