
Orain zenbait urte eta borroka luze baten ondorioz irakasleriaren bide laborala garatu zen gure unibertsitatean. Bazirudien, behin eskubide hori onartuta Euskal Autonomia Erkidegoaren lege batean, arazoa konponduta zegoela eta bide hau arazorik gabe jorratuko zela. Hala ere, gaur egungo egoerak argi utzi digu oraindik ere EHUko agintarien artean borondate falta dagoela benetako apustua egiteko bide laboralaren alde.
Hasteko, espainiar estatuaren legearen arabera unibertsitateko irakasleriaren %51 gutxienez funtzionarioa izan behar da derrigorrez. Honela, irakasle laboralak beti gutxiengoa izango gara unibertsitatean gure eskubideak defendatzeko. Honetaz gain, unibertsitatea behartuta dago bide funtzionariala bultzatzeko, proportzioak mantentzeko, nahiz eta irakasleriaren gehiengo batek bide laborala hautatu. Tamalez, gaur egun egunero ikusten dugu nola gure unibertsitatearen agintariek bide laborala aukeratu duten irakasleak “animatzen” dituzten funtzionarioak bihurtzeko. Egoera honek gero eta gehiago erakusten digu estatu propioa eta lege propioak izateko beharra.
Beste aldetik, nahiz eta teoriaz irakasle funtzionarioen eta laboralen arteko parekotasuna egon lan baldintzetan (irakasle osoa/katedraduna, irakasle agregatua/titularra) errealitateak argi utzi du hori ez dela egia gaur egun. JAPA aplikatzeko unean oraindik ere funtzionarioen pribilegioak kontutan hartzen dira irizpideak ezartzerakoan, eta baldintzak ez dira guztientzat berdinak. Beste aldetik, irakasleriaren bide profesionalaren garapenean beti funtzionarioen plazak lehenago ateratzeko joera sumatzen da agintarien artean. Bakarrik begiratu behar dugu azken urteetan zenbat plaza atera diren katedraduna izateko eta zenbat irakasle osoa izateko. Honela, bide laboralaren garapena oztopatzen da irakasle hauei funtzionarioa izateko abantailak erakutsiz.
Azkenik, unibertsitate zaharraren pentsamoldea mantentzen dutenentzat irakasle laboralak bigarren mailako irakasleak gara. Honela, orokorrean pentsatzen dute irakasle laboralak ez garela funtzionarioak bihurtu ez dugulako maila nahikorik edo ez dugulako aukerarik izan. Ez dute inolaz ulertzen gutako askorentzat irakasle laborala izatea erabaki ideologikoa dela. Alde batetik ez dugulako nahi espainiar estatuaren funtzionarioak izan eta bere menpe egotea, eta beste aldetik funtzionario-sistema zaharkituarekin ez gatozelako bat.
Koldo Callado
Medikuntza Fakultatea