
Diskriminazioa kolektibo batzuetan eta, horretaz gain, egoera zehatz batzuetan dauden langile batzuengan, ematen bada ere, ez iraunkorrak garen irakasle eta ikerlariak kolpatuenak gara inolako zalantzarik gabe eta Irekitzen prozesuan horretaz hausnartzea gustatuko litzaidake.
C, B eta A osagarrien deialdiak urte batzuetaz geldirik egoteaz gain (irakasle eta ikerlari guztion kalterako, baina batez ere, urte gutxi daramaten irakasle eta ikerlarientzat bereziki), birjartze-tasaren inposaketak lanpostu iraunkorrerako (agregaturako edo titularrerako) akreditatuta dauden irakasle asko ziurgabetasun egoeran mantentzera behartzen du. Urte honetan lanpostu iraunkor gehiago sortuko badira ere (pizgarriek bultzatutako erretiro kopurua areagotzeak lagunduta), lanpostua noiz sortuko zain irakasle asko mantentzen dira izan beharko luketen soldata baxuago batekin eta irakaskuntzari lotutako 5 urtekoak eta ikerketari lotutako 6 urtekoak ezin eskatu.
Eta horrek izen bat dauka: diskriminazioa. Unibertsitate honetan, meritu bera izanda, bati aitortzen zaio eta albokoari ez, iraunkorra izan ala ez izatearen arabera. Aipatu den bezala, kasu askotan, ez iraunkorra dena behartuta dago egoera horretan mantentzera. Deigarria da nola azken urteetan unibertsitatearen erantzukizun soziala hainbeste aipatzen den kanpora begira (eta ondo dago eta beharrezkoa da, nola ez), baina EHUko langile askorekiko ez da erakusten hainbeste erantzukizunik. Bigarren mailakoak ote gara? Agian bai, eta ez gara konturatu, baina ez dezagun egoera “txukundu”.
Baina ez iraunkorrak garen irakasle eta ikerlarien egoera hau ez da zerbait isolatua, baizik eta egiturazkoa. 2011an UPV/EHUko estatutu berriak onartzean argi geratzen zen zein izango zen kolektibo heterogeneo honen pisua: testimoniala. Klaustroan dauden 240 ordezkarietako 5 kolektibo honenak dira (% 2,09a) eta Gobernu Kontseiluan 44 kideetako ordezkari bakarra, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen erdia garenean.
Hau esanda, beste alderdi bati ekin behar zaio. Hots, diskriminazio egoera hauek mantentzen badira erantzun nahikorik egon ez delako da. Ez da ezer berri EHUko langileen atomizazio orokorra aipatzen badugu, non bakoitzaren erreferentzia nagusia saila den, kolektiboaren ikuspegi orokorra izan gabe. Horrela, norbanakoaren arazoei irtenbide indibiduala aurkitzen saiatzen da kasu askotan, kolektiboa den arazo bat aldarrikapen eta borroka kolektiboan kokatu gabe. Hala ere, enpresa eta lan-zentro guztietan bezala, daukagun indarra kolektiboan oinarritzen da. Bakoitzak bere kabuz gutxi (edo ezer ez) lor dezake aipaturiko diskriminazio egoeren aurrean. Alboko lankidearekin penak konpartitzea beharrezkoa da baina ez du inora eramaten. Diskriminazio egoerekin bukatzeko jarduera komuna egon behar da, afektatuen arteko harremanak eratuz eta eskaera argudiatuak bideratuz, unibertsitate organoak erabiliz baina horietara mugatu gabe, ordezkaritza sistemak baztertzen gaituela ikusita. Zentzu horretan, langileen eskubideen aldeko borrokan sindikatuak ezinbesteko tresna dira borroka era kolektiboan eta antolatuan aurrera eramateko.
Aipatu den bezala, irtenbide indibiduala ameskeria bat da, pobreziatik ateratzeko loteria jolastea bezala. Eta nahiz eta sortez edo aldeko tratuen bidez kasu batzuetan helburu indibiduala lortu, benetako irtenbidea, irtenbide kolektiboa da, eta indarrak batzen lortzen da. Hau da berme bakarra. Batzuen begietan (normalean sindikatuei buruz topikoetan mugitzen diren horiek) “amarillismoa”-k eta klientelismoak sindikalismoaren irudiari kalte handia egin badiote ere, ekintza sindikala ezinbestekoa da, munduko edozein herritan, Euskal Herrian eta UPV/EHUn ere.
Unibertsitatean pairatzen dugun diskriminazioaren aurrean sindikatuek zeregin handia daukate aipatutako diskriminazio egoerekin bukatzeko. Eta horrela eskatu behar diegu langileok. Hori bai, sindikatuak “nire arazoa” konpontzeko aholkularitza juridikoa izatearen ikuspegi indibidualistatik ihes eginez eta erronkei era kolektiboan eta koordinatuan aurre egin behar zaiela kontziente izanez.
Iñaki Etaio
UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Irakaslea