
Irekitzen prozesua abian da. Zuekin guztiokin partekatu gura dugun gogoeta prozesuari hasiera eman diogu, iragarri bezala. Urrian ginenak baino, gehiago gara. Campus eta kokapen desberdinetatik etorritakoak. Esperientzia eta ideia anitzekoak, eta antzeko kezkak partekatzen ditugunak. Bidea egin ahala gehiago hurbilduko direlako esperoan, hona hemen, elkarlanerako, hasieran prestatutako azterketaren zenbait datu eta kezka.
Azken hogeita hamar urte hauetan, euskal gizartean izandako aldaketa sakonen testuinguruan, UPV/EHU-n aldaketa anitz gertatu dira. 1985etik hona 2.500 irakasle eta ikerlari izatetik 5.500 izatera pasa gara. Hasieran, kolektibo horren gehiengoa gizonezkoa, erdalduna eta asoziatua zen, eta bi izan ziren haren aldarriak: kontratu laborala eta euskal unibertsitatea. Egungo 5.500 irakasle eta ikerlarien artean, gehiengoa gizonezkoa(%57), erdalduna(%51) eta laborala(%64) da. Laboralen kopurua asko hazi da Euskal Unibertsitate Legea aplikatzen hasi zenetik, eta hazkunde hori azken lau urtetan prestakuntza ikertzaile eta ikerketa proiektuetako ikertzailei egindako kontratuei esker nabarmenago izan da. Baina, laboralen artean soilik %12 dira finkoak. Emakumezkoen presentzia (%43) parekidetza bidean badoa ere, batik bat beheko kategoriatan topatzen ditugu; hala, gehiengoa dira prestakuntza ikertzaileen artean. Ia irakasleriaren erdia euskalduna da, baita behin behinekoa ere. Gazteak, emakumeak, euskaldunak UPV/EHU-n ere langile prekarioak dira.
Irakasle eta ikertzaile finkoen artean funtzionarioak %77 dira; laboralak soilik %23a, gehienak elebidunak(%72). Hurrengo lau urtetan, bereziki, funtzionario horietako asko jubilatuko da, baina ez dago jakiterik ea irakasle horien ordezkapena bermaturik dagoen ala ez.
Irakasle eta ikerlarien jarduna eta ibilbide akademikoa, Boloniak bultzatutako unibertsitate ereduak behartua, produktibitateari eta eraginkortasunari begira antolatu beharra dago. Unibertsitate eredu berri horrek ezagutzaren internazionalizazioari balio handia ematen dio, eta jakina denez, dibulgazio zientifiko hori ingelesez egiten da; tesia, ikerketa, dibulgazio zientifikoa… euskaraz egitea balio gutxiko jarduna bihurtzen ari da, batik bat irakasle gazteen artean beren lan ezegonkortasuna dela eta.
Grafiko eta portzentajeen gainean eraikitako aldaketen argazkian LABen jarduna ere ageri da. Azken urteetan indar sindikal bozkatuena izatea lortu, eta kokapen hori mantendu egin da azkeneko hauteskunde sindikaletan; baina partaidetzaren beherakada (batik bat, irakasle eta ikertzaileen artean) testuinguru batean.
Azken kezka horri buruz sindikatuaren inguruan gaudenoi dagokigu gogoeta egitea eta erabakiak hartzea; baina, badira gorago aipatutako auzi eta kezka horien guztien gainean erabakiak hartzen diren bestelako guneak, non unibertsitateko gainerako kideekin batera egon izan garen. Nola segitu behar dugu? Gobernu eta ordezkaritza organoetan eragiteko behar beste presentziarekin? Hartzen diren erabakietan eraginik izatea bilatzen badugu, badakigu zein den erabili beharreko politika? Gainean dauzkagu Klaustrorako hauteskundeak; Klaustroan Gobernu Kontseilurako zenbait kide hautatzen dira, eta Klaustro horrekin datorren urtean hautatuko den Errektore berriak UPV/EHU gobernatuko du.
Bada zer pentsatzea, gainera LAB-UPV/EHU sortu zuen belaunaldia jubilazio garaira heltzen ari da, belaunaldi berriek unibertsitateko sindikalgintzaren norabidean ardurak hartzea komeni da, ez duzue uste?
Mila Amurrio
LAB sindikatuko delegatua EHUko IIP-n