Hurrengo urteetarako lehentasunezko lan-ildoak ontzat eman ziren Barriolan egindako batzarrean

Irekitzen gaia jorratu zeneko bileraren irudi partzial bat.

Otsailaren 24an, ostiralez, Barriola gelategian 60 AZP eta IRI langileak bildu ginen. Batzarrean aurkeztu ziren prozesu partehartzailean aukeratutako lehentasunezko proposamenak eta bertaratutakoen aldetik hainbat iradokizun egin ondoren aukeratutako proposamenak ontzat eman genituen. Batzar honekin 2015ean zabaldutako Irekitzen prozesua amaitutzat eman genuen. Orain hartutako konpromezuen inguruan lanean jardutea dagokigu.

Eskerrik asko guztioi egindako ekarpenengatik.

Hurrengo 4 urteetarako aukeratutako lehentasunezko 13 proposamenak hauek izan dira:

EKINTZA SINDIKALA GARATZEKO PROPOSAMENAK

  • Prekarietatea dimentsio anitzeko arazoa da UPV/EHUn. LABek kolektibo prekarioak identifikatu eta ezaugarritzeaz gain horien egoera hobetzeko proposamenak landu beharko ditu.
  • Enplegua, familia eta bizitza pertsonala bateragarriak egiteko kontziliazio neurri egokiak proposatzea.
  • Ibilbide profesionalaren garapenari arreta jartzea, orain arteko aukera mugatuak gainditzeko.
  • Plantilla gaztetzeko neurriak bultzatzen jarraitu behar da EHUn, horien artean derrigorrezko erretiroa ezarriz eta aldez aurretikoa bultzatuz.
  • Soldata duina lortzeari begirako proposamenak lantzea.

 UNIBERTSITATE POLITIKA JORRATZEKO PROPOSAMENAK

  • Euskal Unibertsitateranzko bidean, UPV/EHUn euskaraz ikasteko, ikertzeko  eta bizitzeko neurri eraginkorrak sustatzea. Eleaniztasunaren bidean ematen diren urratsak euskarazko irakaskuntza kaltetua izango ez dela bermatzeko neurriak proposatzea.
  • UPV/EHUren izaera publikoaren defentsan ekitatea eta inklusibitatea bermatzea, finantziazio egokia izatea, autonomia eta parte hartzea garatzea, lankidetza hitzarmenen  baldintzak adostea eta oinarrizko ikerkuntza lehenestea.
  • LABek eraldaketa sozialaren aldeko lana egiteko eta unibertsitate kritikoa sustatzeko asmoz, EHUko sektore ezberdinen artean sor litezkeen foro eta plataformak bultzatuko ditu, gure parte hartze instituzionalean horren oihartzuna bultzatuko duelarik.
  • Emakume eta gizonen arteko berdintasuna EHUko esparru guztietan bermatzeko lana egingo du LABek. Genero bortizkeriaren aurkako eta aniztasun afektibo-sexualaren aldeko lana bultzatuko du sindikatuak.

KOMUNIKAZIOARAKO/PARTE HARTZEKO/FUNTZIONAMENDURAKO PROPOSAMENAK

  • Kolektibo ezberdinetara heltzeko estrategiak pentsatzea eta martxan jartzea, batez ere kolektibo prekarioenetara ailegatzekoak.
  • Sindikatuaren ordezkarien eta afiliatuen arteko harremana eta elkarrizketa etengabea bultzatu behar da. EHUko afiliatu guztien arteko urtean behingo bilera komuna burutzea.
  • Partaidetza eta kontraste bideak martxan jartzeko, zein erabaki garrantzitsuak hartu ahal izateko tresna egokia bilakatzea labehu.eus webgunea.
  • labehu.eus gure web orrialdea eta sare sozialak komunikazioen erdigune bilakatu behar dira, berriak ezagutarazteko, aholkuak emateko eta mobilizazioak deitzeko. Komunikatzeko modu berriak jorratu behar dira.

Eta bileraren ostean, bazkaria Astigarragako sagardotegi batetan egin genuen, giro ezin hobean.

Dena ez da bilera: ospakizunerako tartea sagardotegi batetan egin genuen eta egondako kide batzuen familia-argazkia atera genuen ere.